Munduaren beste muturreko imana

Ozeano Bareko koral harresiaren atzean, naturak paradisu bat ezkutatzen du: Australia. Aberatsa da landarediari eta aberediari erreparatuz; fokua kultur aniztasunean jarrita, ordea, are aberatsagoa. Txinatarrak, indiarrak, brasildarrak... jatorri nahasketa horretan, euskaldunik ez da falta.

Mikel Maiz. BERRIA.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

«Australiako bizimodua ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza»

Aitziber LeatxeIruñea

Euskal Herritik 15.000 kilometro baino gehiago daude Australiara. Hegazkinez, hogei ordukoa baino luzeagoa da bidaia; barkuz joan nahi duenak, hilabete baino gehiago egin beharko du itsasoan; eta norbaiti bururatzen bazaio bidaia oinez egitea, urteak beharko lituzke Australiara iristeko. Hala ere, distantzia ez da arazoa: geroz eta gazte gehiago ausartzen dira Australiara joaten. Horietako bat da Aitziber Leatxe (Iruñea, 1994). Ia bi urte igaro dira maletak egin eta Gold Coast lehenengoz bisitatu zuenetik. Hango giroak liluratuta, orain hirugarrenez joango da Australiara. Dirudienez, grabitatea Euskal Herrian baino indartsuagoa da munduaren beste muturrean.

Irakasle ikasketak amaitu ostean hartu zuen Leatxek Australiara joateko erabakia. Ingelesa ikasteko beharra, lan egiteko aukerak... hamaika arrazoi zituen iruindarrak Australiarako bidea hartzeko, eta beste hainbeste izan ditu denboraldi batean han gelditzeko. Lehenengo sei hilabeteak ikasle bisarekin egin zituen. Ondoren, urtebetez turista bisa izan zuen. Itzultzean, lanerako eta oporretarako bisa izango du.

Kebab batean aritu zen lanean Leatxe, eta, baldintza onenak izan ez bazituen ere, gustura zegoen hango giroarekin. Iruindarrak esan duenez, Australian herrialde askotan gertatzen den fenomeno berbera gertatzen da: «Australiarrek egin nahi ez dituzten lanak egiten dituzte atzerritarrek. Nire lanpostuan ez zen arituko australiarrik». Gold Coastera itzultzean, lanerako eta oporretarako bisarekin lanpostu hobea lortzea espero du Leatxek.

Paisaia zoragarriak ikusteko, ingelesa ikasteko, inoiz ikusi ez dituen animaliak ezagutzeko eta hainbat herrialdetako pertsonekin topo egiteko aukera eman dio Australiak Leatxeri. Hala ere, etxetik milaka kilometrora egonda, ustekabean euskaldun askorekin topo egin du: «Kebabean lan egiten nenbilela, behin, lauburu bat zuen mutil bat etorri zen. Ingelesez hasi zitzaidan hizketan, eta nik euskaraz erantzun nion. Harrituta gelditu zen». Esperientzia horietaz gain, Australiak bizitzarako beharrezkoak diren hainbat tresna eman dizkio iruindarrari: «Errealitate berri bat ezagutzeak eta beste kulturetako jendearekin egoteak nire ikuspegia aldatu du: pertsona gisa berreraiki egin naiz, eta orain askeago sentitzen naiz». Gold Coasten, beraz, hainbat une gogoangarri izan ditu Leatxek. Hala ere, adierazi du dena ez dela parranda Australiako eguneroko bizimoduan. Iruindarraren ustez, «Australiako bizimodua ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza: gehienek, oro har, uste dute Australian Erasmus moduko batean biziko direla».

«Nire ikuspegia zabaltzeko aukera eman dit Australiako esperientziak»

Eider MuruaZarautz

Itsaso urdina, munduko hainbat txokotako turistak eta surferako zaletasuna dira Coolangattaren (Australia) bereizgarri nagusiak. Deskribapen horren arabera, badirudi Zarautz (Gipuzkoa) bezalako herri bat dela. Orain dela hamar hilabete Eider Murua (Zarautz, Gipuzkoa, 1995) hara abiatu zen, bizirik irauteko objektu gutxi batzuk maletan hartuta. Txikitatik sentitzen zuen Australiarekiko erakarpena Muruak, eta, Fisioterapia gradua amaitu baino lehenago, Erasmus programan parte hartu zuen. Erasmusen bizi izandako esperientziari esker ulertu zuen atzerrira joatea onuragarria dela; izan ere, «milaka leku eta pertsona ezagutzeko aukera ematen du». Horregatik, gradua amaitu ostean, Australiara joatea erabaki zuen. Lanerako eta oporretarako bisa eskuratu zuen urtebeterako, eta urrian itzuliko da Euskal Herrira. Beharbada, Zarautzen eta Coolangattaren arteko antzekotasunek etxean bezala sentiarazi dute Murua.

Gold Coast, Sydney, Canberra, Perth... Australiako hainbat toki bisitatu ditu zarauztarrak. Bidaiatzeko aukera, hein handi batean, bere lanak eman dio. Izan ere, lanpostu ezberdinetan aritu da Murua; gehienetan, zerbitzari modura. Aire zabaleko zinema batean hasi zen, hango tabernan, eta Commonwealth Gamesetan lanean aritzeko aukera ere izan du, [Olinpiar Joko moduko batzuk]. Orain, fisioterapeuta modura egin nahi du lan, baina traba asko ditu hori lortzeko. Handiena, dudarik gabe, graduko titulua baliozkotzea: milaka euro balio du. Ikasketak, janaria... Australia, oro har, «herrialde garestia» da, Muruak adierazi duenez: «Fruituek eta barazkiek, adibidez, Euskal Herrian baino bi aldiz gehiago balio dute».

Diru kontuak atzean utzita, Australian ez dago aspertzeko betarik. Izan ere, bertatik bertara daude itsasoa, desertua eta mendia. Eta agentziek antolatzen dituzten ekintzez gainera, Facebookeko eta Whatsappeko taldeen bitartez, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izaten dute bidaiari gazteek. Animaliak ere «harrigarriak» dira munduaren beste muturrean, Muruak esan duenez: «Etxera iritsi, komunean sartu, eta armiarma erraldoi bat ikus dezakezu».

Oroimenean iltzatuta ditu zarauztarrak Australian bizi izandako uneak. Hala ere, haren ustez, lortu duen onurarik handiena pertsona moduan izandako bilakaera da. «Hango jendearen eta ni bezalako bidaiarien esperientziak ezagutu ostean, barrutik aldatu naiz», adierazi du zarauztarrak, eta gaineratu: «Nire ikuspegia zabaltzeko aukera eman dit Australiako esperientziak».

«Nahiz eta euskaldunak asko ez izan, oro har, Australian asko bildu gara»

Mikel MaizAzpeitia

Australiako lan merkatuak eta bidaiatzeko aukerek erakarri zuten Mikel Maiz (Azpeitia, Gipuzkoa, 1993). Ingelesa zertxobait hobetzeko asmoa ere bazuen Euskal Herritik alde egitea otu zitzaionean. Gerora, ordea, hango klimak harrapatu du Maiz: behin eta berriz atzeratu du etxera bueltatzeko bidaia. Avalonen bizi da orain, Sydneytik 37 kilometrora dagoen herri batean, eta azarora arte gelditzeko asmoa du. Maizek adierazi duenez, «bihotzean» sortu zitzaion bulkada baten ondorioz hartu zuen Australiara joateko erabakia: «Bi lanetan ari nintzen Azpeitian; nazkatu, eta egun batetik bestera erabaki nuen Australiara etortzea». Duela urtebete, ingelesa justu-justu ulertzen zuen Maizek, hitz egiten, ordea, ia ez zekien. Ia urtebete igaro da azpeitiarrak lehenengoz Australiako lurrak zapaldu zituenetik, eta ez da erabakiaz damutzen.

Ostatu batera joan zen Maiz Australiara iritsi bezain laster. Han lan aukerak eskaini zizkioten kontaktuak ezagutu zituen. Orduz geroztik, lanean ibili da: eraikuntza lanetan hasieran, eta lorezaintzan orain. Etxe aldaketetan laguntzen ere noizbehinka aritu da. Dena, ordea, ez da positiboa. Maizek adierazi duenez, Australiako egoera «ezegonkorra» da bera bezalako langileentzat: «Lan finkoa lortu ezean, egunez egun egin behar da lan. Horregatik, askotan zaila da bost egunez jarraian lan egitea: batzuetan, astean hiru egunetan aritzeko lana besterik ez dut lortu».

Turista bisak eman zion azpeitiarrari Australian denboraldi bat igarotzeko aukera; ez, ordea, han lan egitekoa: horregatik, Maizen lan baldintzak ez dira onenak izan. Urtebeterako eman zioten turista bisa azpeitiarrari. Hala ere, hiru hilabete Australian egin ondoren, herrialdetik irten behar izan zuen. Orain, berriz itzuli da Australiara, eta, jada, lau hilabete eta erdi eginak ditu han. Bisa luzatzeko eskatu du, eta denbora gehiago egongo da Australian.

Maizen Australiako egonaldia ezegonkortasunak markatu badu ere, hainbat bizipen eder izan ditu. Munduaren beste muturrean, adibidez, etxean bezala egotea lortu du: «Nahiz eta euskaldunak asko ez izan, oro har, Australian asko bildu gara». Sydneyn euskal etxea dago, eta, horretaz gainera, hainbat euskaldun ezagutzeko aukera izan du: «Zenbaitetan, 25 euskaldun batera bildu gara». Etorkizunari begira, bihotzean gordeko ditu azpeitiarrak Australian bizi izandakoak. Orain, ordea, motxila bizkarrean hartu, eta munduan barrena bidaiatzeko asmoa du. Diru pixka bat lortzean, Australia gehiago ezagutu eta Asian barrena ibiliko da, eta gero gerokoak: «Ikusiko da etxera noiz itzuliko naizen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.