Metro geltokitik atera, BEC Bilbao Exhibition Centreko sarrera zeharkatu, pabiloietara sartu, eta han dago mundua. Eskura. Bertatik bertara. Edo, hobeto esanda, munduaren lagina, hainbat lekutako aberastasunen eskaintza oparoa, toki bakoitzean zer ikusi, zer jan, zer egin daitekeen azaltzen duen informazioa. Eta etxetik irten barik.
Urtero bezala, Expovacaciones azoka antolatu dute Barakaldoko BECen (Bizkaia), udako oporrak hurbiltzen ari diren honetan turismo arloko eskaintzaren berri emateko asmoz. Asteburu osoan BECeko zenbait atal hartu dituzte azokak eta horren inguruan antolatu dituzten ekitaldiek, eta gaur 20:30era arte aukera egongo da handik osteratxo bat egiteko.
Toki urrunetako agertokiek ikusleen arreta pizten dute: Egipto, Etiopia, Dominikar Errepublika... Mounki Ben Otmanek Marokoko erakustokian egiten du behar, eta «apur bat motel» ikusi du azokaren giroa lehenengo egunean, baina badu itxaropena asteburuak aurrera egin ahala gauzak aldatuko direla. Sutsu goraipatzen ditu sorterriaren dohainak: «Marokok denetarik eskaintzen du. Iparraldeak Europaren eraginak ditu; hegoaldeak, berriz, Afrikarenak. Luxuzko hotelak eta iraganaren bizimodua gordetzen duten herrixkak topa daitezke».
Dioenez, bezero batzuk kuriositatez hurbiltzen dira erakustokira, atentzioa emango dien zerbaiten bila. Beste batzuek, berriz, oso argi dituzte gauzak: «Jende asko dagoeneko egonda dago Marokon, herrialdea ezagutzen dute, eta bidaia antolatuko dien norbaiten bila dabiltza. Oraindik ere, badirudi Afrikako herrialde batera inoren babesik gabe joatearen beldur dela jende asko, eta nahiago dute bidaia prestatuko dien norbaiten eskutik joatea. Guk zerbitzu hori eskaintzen dugu».
Aurten, Israelek ere jarri du erakustokia. Nahiko hutsik egon da, harik eta Palestinaren aldeko eranskailuak paparrean itsatsita zeramatzaten zenbait lagun hurbildu zaizkien arte. Arduradunarekin hitz egiten saiatu dira, baina horrek erantzun die ez duela «politikan» sartu nahi, eta berehala deitu die zaindariei. Palestinako bandera eta Israeli boikota leloa daraman pankarta atera ostean, lekuak hustu dituzte, segurtasun zaindariek hartaratuta.
Euskal Herriko eskaintza
Urruneko tokiak ez ezik, Euskal Herrikoak ere erakusgarri daude Expovacaciones azokan. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak, esaterako, erakustoki ikusgarria atondu dute, herrialdearen turismo eskaintza ezagutarazteko. Pozalaguako leizea, Guggenheim museoa eta beste iragartzen dituzte han, bai eta Bilbon datozen hilabeteetan egingo dituzten kultur eta kirol ikuskizunak ere, BBK Live jaialdia edo Munduko Saskibaloi Txapelketa, esaterako. Handik oso hurbil, Barakaldoko erakusmahaian saiatzen dira argitzen txapelketaren jokalekua ez dela Bilbo izango, Barakaldo baizik.
Euskadiko erakusmahaian txalapartaren doinuak entzuten dira. Elizondoko Baztan Abentura Parkekoan (Nafarroa) tirolina luze batetik irristatzeko aukera dute umeek. Nafarroakoan, txitak, untxiak, ahateak, bildots txiki bat eta bestelako abereak daude ikusgai. Nork bere amuak erabiltzen ditu jendea erakartzeko.
Amu horien artean, janari eta edariak ez dira munta txikienekoak. Erakusmahai askotan, hainbat tokitako produktuak doan dastatzeko aukera dago. Eta edariekin komeni da zuhur ibiltzea: Nafarroako erakusmahaian patxarana, Kubakoan mojitoa, Dominikar Errepublikakoan ron krema eta Gaztelakoan (Espainia) ardoa probatu ostean, litekeena da norbaitek arazoak edukitzea BECeko irteera topatzeko.
Mundua etxetik irten barik
Gaur iluntzera arte zabalik egongo da Barakaldoko BECen Expovacaciones azoka, turismoa eta bidaiak gogoko dituztenei merkatuan dauden eskaintzen berri ematen dien urteroko gunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu