Mundua eta musika

Jose Eladio Santacarak hiru urteko ibilbidea amaitu zuen iaz, munduko herri musiken bila.

Alberto Barandiaran.
2007ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zarrakaztelutik abiatuta, 1.058 bidaia egun, 149.000 kilometro, 25 hegaldi, bost ontziratze, hotza, beroa, nekea, poza eta musika. Batez ere musika. Eta baieztapena: musikarekin dantza egiten dutela mundu osoan, eta negar egiten dute eta barre egiten dute. Bidaiak iraun zuen hiru urteetan, zuzeneko kronikak eta argazkiak eta grabatutako musikak eskegi zituen www.munduatamusika.com webgunean.

Jose Eladio Santacara ez zen mugatu, gainera, bertako musika jasotzera, Euskal Herriko musika ere zabaldu baitzuen ahal izan zuen tokietan. Eta Agur jaunak jo zuen Xabierko Frantziskoren hilobiaren aurrean, Goan (India), eta Donostiako Hiru Damatxo abestu zuen behin baino gehiagotan. Eta Vietnamen zegoela, jai batean, bera arrotz bakarra, Hegoak ebaki banizkion jo zuen soinuarekin. Eta Islamabadeko kanping batean, Pakistanen, Hertzainak taldeko musika grabatu zion kazetari holandar bati.

Orain, abenturaren berri ematen du, hitzaldi eta bideo proiekzioen bidez. Hau da iazko maiatzean amaitu zen bidaiaren kronika musikatua, gehien nabarmendu zitzaizkion herrialdeetan zehar.

Grezia

«Hantxe hasi nintzen musika grabatzen. Herrietara joan eta galdetu egiten nuen, edo egunkarietan begiratzen nuen egun horretan non zegoen jaialdiren bat. Gaur egun bouzouki izeneko musika da ezagunena, baina hori, berez, ez da Greziako musika. Kontuan hartu behar da turkiarrak ia bostehun urtez egon zirela Grezian, eta eragin handia utzi zutela. Balkanetan, oro har, eragin hori antzematen da, baina bouzouki, berez, Turkian bizi ziren greziarrek egiten zuten musika da, izen bereko instrumentutik hartu du izena. Greziarrak Turkiatik bota zituztenean, Atenaseko Pireo kai inguruan jarri ziren bizitzen asko, han egiten zuten musika da bouzoki. Egun mundu osoan ezaguna da, baina tangorekin gertatzen dena gertatzen da azken finean. Topiko bat».

Turkia

«Turkiarrak oso musikazaleak dira. Toki askotako musikak batzen dira, azken finean kultur arragoa delako. Instrumentuak bertakoak dira, eta eragina Tayikistan, eta Tukmenistaneraino iristen da. Kontuan hartu behar da Turkian bizi diren herriak Asiako estepetatik iritsi zirela. Txinan ere, urguiarrak daude, eta turkiarrak dira, turkieraz egiten dutelako. Sokako instrumentuak dira nagusi, harrigarriak. Biolina eta klarinetea ere bai. Mundu osoan gehien entzuten den instrumentuetako bat izango da klarinetea, pianoa eta biolina eta gero. Biolina oso bitxia da, batzuetan etzanda edo zutik jotzen dutelako, baina ateratzen dioten soinua diferentea da. Klarinetearekin berdin gertatzen da. Kurduen musika, ordea, desberdina da, asko dantzatzen dutelako».

Iran

«Ez nuen musika askorik jaso, baina bidaia osoan grabatu nuen kantarik onena Irangoa da. Grabatzen hasi eta negarrez hasi nintzen, haren atzetik nenbilelako, saiatu eta saiatu, eta azkenean lortu nuenean, hango instrumentuen bertsio batekin, hunkitu egin nintzen. Polizia bati jarri nion gero, ea itzultzen zidan, eta esan zidaten XIV. mendeko Hafez poetaren hitzak zirela, eta gizakiaren eta jainkoaren arteko harremanaz aritzen zela».

Pakistan

«Niretzat ekialdea han hasi zen. Turkia eta Iran mendebalde eta ekialde artean daude, baina Pakistango tokiak, zaporeak... beste mundu bat da. Hilabete eman nuen talibanekin, autoa apurtu nuelako. Haiek pastunak dira. Afganistan 15 kilometrora dute, eta leinu berekoak dira berez. Musika asko entzun nuen, eta oso ondo portatu ziren nirekin. Ramadan izan arren, nik ez nuela bete behar esaten zidaten, eta jatekoa ematen zidaten, nahiz eta kobratu ez».

Txina

«Txinan, musika diferentea da, ez du inongo musikaren antzik, oso bertakoa da. Eta kontuan hartu behar dugu Txinan 43 herrialde daudela, iparraldean mongolak daudela, eta ekialdean uhigurrak. Nik aditua nuen gutxiengoak oso gaizki zeudela, baina nahiko nuke euskara uhigurren hizkuntzaren egoeran izatea! Ez zegoen seinal bakar bat ere txineraz. Eta uhigurrak sei milioi bakarrik dira. Txinan mugitzeko arazorik? Bat ere ez. Ni bidaiaria izan naiz, ez turista. Turistek hiru aste dituzte, eta gidak esaten duena egiten dute. Baimenak eskatzen dituzte. Nik ez ditut baimenak eskatzen, baimena behar baldin badut haiek esango didate. Instrumentuak? Oso ederrak. Izugarriak dira, arkuak eta. Japoniako asko Txinatik etorritako instrumentuak dira, sokazkoak gehienak. Pekinen bertan, kontserbatoriora joan nintzen, bertako musika joko zidan norbaiten bila. Handik gutxira, gazte bat etorri eta ea herri musikaren bila ari nintzen. Baietz, eta lau neska ekarri zituen, ikasleak. Ahu, erhu, pipa, gu zhan, yang gin eta sanshien instrumentuak atera eta niretzat kontzertua prestatu zuten. Opera emanaldi bat ere ikusi nuen. Ahotsak ziren berezienak, musika aldez aurretik grabatutakoa baitzen».

India

«Hura ez sinesteko modukoa da. 400 milioi lagun kale gorrian daude, amodioa egiten, kaka egiten... eta beste 200 milioiek, berriz, ilargia erosteko ahalmena dute. New Delhin sartzen zara, hango alderdi aberatsenean, eta behirik ez dago han. Minduta atera nintzen. Baina Indiako musika munduko hoberena da. Mendebaldeko musika guztia sartzen da hor, begiak, keinuak... ikusi nuenean pentsatu nuen hemengoa hutsaren hurrengoa zela. Bangaloreko akademia batean sartu nintzen, eta esan nien nire musika eskainiko niela haienaren truke. Zazpi urte ematen dute ikasten, eta lehen urtean yoga, gorputz adierazpena eta sanskritoa baino ez dute ikasten. Hurrengo urtean hasten dira musikarekin. Nik hemengo musika eskaini nien, txistuarekin. Eta Goara iritsi nintzenean, hango elizan sartu eta, Xabierko San Frantziskoren hilobiaren aurrean, arduradunari esan nion bere herriaren ondokoa nintzela, 30 kilometrora dagoen herri batekoa, eta seguru nengoela santuak txistua entzungo zuela bere haurtzaroan, eta jo egin nahi nuela. Eta Agur jaunak jo nuen hantxe. Pakistanetik bueltan, Islamabaden, hango kanpinean, holandar bat etorri zitzaidan, kazetaria zela, eta duela urte asko Euskal Herrian izan zela, eta hemengo musika asko gustatzen zitzaiola. Hertzainak eta. Aldean beti neraman ordenagailua atera eta hor Hertzainak taldearen musika jarri eta kopia bat egin nion. 150 disko eraman nituen, eta oparitu egiten nituen, arrastoa uzteko. Indian, askotan, musika jaialdiak ikusten nituen, eta nire buruari galdetzen nion ea txiroek zer harremana zuten musikarekin, eta iruditzen zitzaidan ez zutela inolako loturarik. Jende behartsuak ez zuela gogorik musika egiteko, hurrengo egunarekin pentsatzearekin aski zutela. Batzuetan iruditzen zitzaidan musika zela goikoen adierazpena, eta besteak erabat baztertuta zeudela. Baina txiroen musika grabatzen ibili nintzen.».

Asia hegoaldea

«Myanmarreko musika oso berezia da. Banbuz egindako instrumentuak dituzte, eta oso musika goxoa da mendebaldekoentzat. Vietnamen, aldiz, Txinako musikaren kutsua du melodiak. Bau da instrumentu bereziena. Organo bat da, soka duena. Sokari lotuta haga bat, mugituz gero tentsioa handitu edo gutxitu egiten duena. Notak horrela aldatzen dira. Horrek esan nahi du batzuetan ez dituztela oinarrizko frekuentziak bakarrik erabiltzen, harmonikoak baizik. Eta badirudi, hori ondorioztatu dut, harmoniko ezberdinekin musika ateratzen dutela. Indonesian, berriz, 50 lagunentzako orkestrak ikusi nituen, perkusiozkoak denak. Bakoitza, hala ere, bere instrumentuekin , eta bere notekin. Une batean, zortzi erritmo ezberdin jotzen ari dira batera. Gamelan du izena, xilofonoak, perkusioa... denetarik du. Hiru laguneko gamelan txikiak ere badaude».

Ozeania

«Australiako oroimen kontrajarriak ditut. Bertako biztanleak, gaur egun, mamuak dira, ez dituztelako errespetatu, eta zanpatu egin dutelako haien kultura. Gaurko musika taldeek musika modernoa egiten dute, eta bertakoen musika xumea da, eta dijeridoo izeneko musika tresnarekin egiten dira. Nota gutxi dituzte, eta tonua aldatzen dute luzapenaren arabera. Enbor zati batekin egina dago, eta badirudi 20.000 urte inguru dituela. Zeelanda Berrian, aldiz, bertako kultura askoz biziagoa dago, zuriek ezin izan dutelako beraiek menperatu. Handiak dira eta! Kantatzen dutenean aurpegi gaiztoa jartzen dute beti, etsaiak izutzeko helburuz kantatzen dutelako. Bitxia da, baina hangoentzat abesti bigunak direnak gogorrak dira mendebaldekoentzat. Mugimendu handiak dituzte, eta keinu asko ere bai. Sudurretik jotzen dute txistu».

Japonia

«Bertako musikaren berezitasuna zera da: isiltasunak eta estetikak garrantzi handia duela. Chamisen, biwa, koto dira bertako instrumentuen izenak, eta denak geldotasun berezia du, mugimenduak astiro egiten dituzte. Batzuetan, danbor bat jotzeko mugimenduak hiru segundo irauten du! Musikak antzerkiaren antza dauka, eta erlijioarekin oso lotuta dago. Kabuki deitzen da bertako antzerkia».

Hego Amerika

«Argentinara iritsi nintzenean, ohartu nintzen herri musika nagusi dela hiru herrialdeetan: Grezian, Indian eta Argentinan. Jatetxeetan, tabernetan, irratietan, bertako musika jartzen dute. Argentinan, aukera oso zabala da. Cordoban cuartetoak daude, Tucumanen zambak, iparraldean carnavalitoak, huainos, escondidos, bailecitos... Txilen, bestalde, maputxeen eta beltzen eragina nabarmena da. Andeetako musika, berriz, berezia da, gutxi kantatzen dutelako bertako hizkuntzetan, nahiz eta toki askotan espainolez ez jakin. Aimaraz eta kitxuaz ez dira kantak entzuten».

Karibe

«Ez badakizu dantzatzen, analfabetoa zara Kariben. Salsa, merengue, ballenato... inguruko musikak nortasun handia du, eta batasuna. Kuban hango son dago, erritmo beltzaz bustita. Mexikon, musika criolla bizirik dago. Baina gogoratu behar da espainiarrek erre egiten zituztela bertako musikariak. Badira lekukotasunak, mayekin 800 dantzari inguruko ikuskizunak bazirela diotenak. Baina hori guztia desagertuta dago, instrumentuak erre egin zituzten eta».

Ipar Amerika

«AEBetan navajoekin izan nintzen, haien musika jasotzen. Bertako triburik indartsuenetakoa da, milioi erdi lagun bizi dira. Oso musika xumea da, perkusiozkoa eta monotonoa nire ustez. Baina, kontuz, haiek diote hamar musika mota daudela, beraz nirea izan daiteke arazoa. Akaso ez nuen ulertu. Gero, Mississipi inguruan blues, soul, country ere bai, dena nahasten da han. Louisianan Cajun musika egiten dute oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.