Mundu osoan hedatu da zuloa

'El hoyo' Netflixen ikusle gehien dituzten filmen zerrendako lehen postura iritsi da munduko herrialde gehienetan, tartean AEBetan. Bilboko talde batek sortu du proiektua.

Zorion Egileor aktorea eta Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilea, El hoyo filmaren grabaketa batean. BASQUEFILMS.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo inguruko profesionalen lagun talde batek maitasun askorekin abiatu genuen filmeko lana. Oso pozik gaude, proiektua aurrera ateratzea asko kostatu zitzaigulako». Hala esan du Galder Gaztelu-Urrutiak, El hoyo filmeko zuzendariak. Carlos Juarez ekoizleak azaldu duenez, mundu osoan Netflixeko katalogoko pelikula nagusia bilakatu da azkeneko asteetan. Plataforman gehien ikusten diren filmen zerrendako lehen postura iritsi da AEBetan, bai Mexikon, Alemanian, Israelen, Kanadan eta Arabiar Emirerri Batuetan ere. «Munduko jarraitzaile askok pantailako irudiak bidaltzen dizkigute, haien herrialdean lehen tokian gaudela esateko», azaldu du Gaztelu-Urrutiak. «Baina halere une gazi-gozo batean nago: nire bizitzako arrakastarik handiena da, eta ezin naiz ospatzera atera».

Nahiz eta munduan barna pelikulak arrakasta handia izan, ekoizleei ez zaie dirurik etortzen trukean. Juarezek azaldu du aspaldi egin zutela akordioa plataformarekin. «Bizitzen ari garen arrakasta honek ez digu ekonomikoki ezer bueltan ematen. Apustu komertziala Netflixena izan da». Hala ere, etorkizunari begira, Bilboko Basquefilms ekoiztetxeari ateak irekiko zaizkiola iruditzen zaio ekoizleari: «Hemendik aurrera askoz aukera gehiago izango ditugu, eta finantzaketa eta merkatua ez ditugu lehen bezain murritzak izango».

Toronton hasi zuen bidea

Distopien generoan koka daiteke El hoyo filma. Istorioaren planteamendua iradokitzailea eta beldurgarria da: zulo sakon batean berrehun solairu baino gehiago daude, eta, bakoitzean, bi pertsona. Janariz betetako plataforma bat jaitsiz doa, solairuz solairu, eta, horrenbestez, zenbat eta beherago, orduan eta janari eta edari gutxiago. Maila sozialen inguruko metaforatzat ere jo daiteke.

Pelikula Torontoko Zinemaldian (Kanada) estreinatu zuten iazko irailean, eta bertan Publikoaren saria eraman zuen. Handik gutxira, Sitgesko Zinemaldian (Katalunia) lau sari jaso zituen: film onenarena, publikoaren saria, zuzendari berri onenarena eta efektu bereziena. Hain zuzen ere, efektu berezi onenen Goya irabazi zuten Iñaki Madariagak eta Mario Campoyk.

Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai izan zen hainbat astez. Juarez ekoizleak «ia ezinezkotzat» jo du filma Europako zinema aretoetara berriro iristea. Hala ere, Japoniako eta Hego Koreako aretoetan estreinatuko dute. «Ikusmin handia dago bi herrialde horietan; filmaren zaleen fenomenoa asko zabaldu da».

Ekoizleak nabarmendu du Netflixekin lortutako arrakastak asko lagunduko diela. «Sektoreko jendeak esaten digu arrakasta hau oso ona dela. Askok jarraitu nahi diote bide berdintsu bati, diru laguntzekiko menpekotasuna saihesteko eta indarra merkatu berrietan jartzeko».

El hoyo-ko aktoreak ere pelikulako arrakastaren oihartzuna ari dira jasotzen. Aktore protagonistetako bat Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1946) da, eta kritika oso onak jaso ditu azkeneko asteetan. IMDB atari prestigiotsuan lehen postura iritsi da filma, eta bigarrena da orain.

Nahiz eta mundu osoan azkeneko asteetan streaming plataformen kontsumoa areagotu egin den, Gaztelu-Urrutiak ohartarazi du horrek ez duela justifikatzen El hoyo lehen tokira iristea. «Dena dela, Torontoko zinemaldian hango kazetariek esan zidaten oso garai ona zela horrelako pelikula bat estreinatzeko, maila sozialen desberdintasunetan eta aberastasunen banaketan inoiz baino bidegabekeria gehiago daudelako». Zinemagileak erantzun zien kazetariei beti dela une historikoa El hoyo bezalako lan bat estreinatzeko, «ondasunen banaketan dauden desberdintasunak beti ari direlako areagotzen». Martxoaren 20an iritsi zen pelikula plataformara, koronabirusaren krisialdia Europa jotzen hasi zen egunetan. «Une ona da filmarentzat, sentipen kolektiboa baita aberastasuna ez dela modu bidezkoan banatzen ari».

El hoyo-ko gidoilari taldea eta Gaztelu-Urrutia proiektu berri batean ari da lanean. «Bizitzen ari garen egoerarekin oso lotua dago; ikusiko da ea grabatzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.