PROPOSAMENAK

Mundu oso bat dantzan

25. urtez, munduko zenbait dantza batuko ditu aurten Gauargi jaialdiak ostiraletik igandera, Ezpeletan, Itsasun eta Kanbon

Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Munduko hainbat txokotako haur dantzariak biltzen dituen Gauargi jaialdiaz gozatzeko aukera izango da ostiraletik igandera bitarte Ezpeletan, Itsasun eta Kanbon (Lapurdi). 25. aldia du aurten jaialdiak, eta, desfilez, dantzaz eta musikaz betetako egitarau zabal bat osatu dute antolatzaileek urteurrena ospatzeko.

Mundu osoko askotariko kulturak ezagutu, eta horiek denek bat egitea du helburu jaialdiak. Horretarako, munduko zenbait herrialdetako taldeak gonbidatu izan dituzte urtero Ezpeletara. Hala egin dute aurten ere, eta, ondorengo taldeak dira atzerritik etorriko direnak: Alemaniako Thuringer Folklore Tanzensemble Rudolstadt taldea, Estoniako Leesikad taldea, eta Eslovakiako Podpisane Pozvanie Liptacik taldea. Euskal Herritik, berriz, bi taldek parte hartuko dute: Ezpeletako bertako Ezpela dantza taldeak eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Begiraleak taldeak.

Kanbon (Lapurdi) hasiko dute festa ostiralean, 10:00etan, giroa berotzeko desfile batekin. 14:30ean lehen emanaldia egingo dute Ezpeletan, eta bertan izango da bigarren ekitaldia ere, iluntzeko bederatzietan.

Desfile batekin hasiko dute larunbata ere. Ezpeletan izango da hori, eta, antolatzaileek osatutako egitarauaren arabera, eguna ondo amaitzeko, folk dantza ekitaldia egingo dute, 20:00etan hasita.

Igandean egingo dute azken dantza emanaldia, 17:00etan, dantzari guztiak batuko dituen herri bazkariaren ondoren. Hori gutxi ez, eta, 25. urteurrena ospatzeko, «urteurrenaren gaualdia» antolatu dute, 20:00etan hasiko dena.

Gauargi jaialdia



Ostiraletik igandera, Ezpeletan, Itsasun eta Kanbon (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.