ATZEKOZ AURRERA

Mundu oso bat Arrasaten

Mundumira jaialdia egiten ari dira Arrasaten. Iazko etenaldiaren ondotik, askotariko azokak, hitzaldiak, kontzertuak eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Gaur iluntzean amaituko da.

Ikusmiran ibili zen jendea euripean Arrasateko Mundumiran. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Arrasate
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Oraindik ez da bazkalordua, baina alkohol askorekin jartzeko eskatu dio. Mojitoa du begiz jota. «Kuban rona hemen ardoa edaten den bezala hartzen dugu. Goizean goizetik hasten gara edaten», dio Juan Carlos Torresek. Arrasaten (Gipuzkoa) dago, ordea, Torres. Herritik munduari begira, munduko herriei so, Mundumira jaialdia egiten ari baitira egun hauetan. Kontzertuak, azokak, hitzaldiak eta beste antolatu dituzte.

Euriak ere ez du huts egin nahi izan munduko kulturen festara: tarteka, atertu egiten du, eta, noizbehinka, zaparrada handiak botatzen ditu; batez ere, eguerdi aldera. Eta Arrasateko erdigunean, hasia da jendearen emana. Eskulangileen azokako saltokietan ikusmiran dabil. Apaingarriak, arropa, biserak... denetik dago. Vanessa Gonzalezek haurrentzako arropak eta osagarriak saltzen ditu. «Hemen gauden denak Eskuartean Arrasateko eskulangileen taldekoak gara», dio arropak txukuntzen ari dela. Kontatu duenez, duela urte batzuk, langabezian zegoela, bere haurrentzat diademak egiten hasi zen, eta harrezkero ez da geratu, ideiak sobran baitauzka. D-kot izeneko marka du orain, eta zaletasun gisa josten du lanean ez dagoenean. Aurkezpen txartela ematen hasi da. «Itxaron, nahasi egin naiz. Barkatu. Hau ipuin kontalari gisa aritzeko da», dio irribarrez. «Ikusten duzunez, denetik egiten dut, baina irakaslea naiz lanbidez».

Gitarra akorde indartsu batzuk entzun dira, bat-batean. Joseba Irazokiren kontzertua hasi da, Biteri plazan. «Egunon baby baby. Eguraldi txarra dago, baina aurpegi onak jarri behar», esan du lehendabiziko abestia amaitu ondotik. Aterkiak ditu entzulerik fidelenak.

Eskulangileen merkatuaren alboan dago Kilometroen aldeko salmahaia ere, eta haurrak txurroak saltzen dituen saltokiari begira geratzen dira. Kalean gora joanda, gastronomiaren azoka dago. Goierriko taloak egiten dituzten postua, garagardoa saltzen duten taberna alemaniarra, Argentinako haragia, Thailandiako jakiak, kebabak, krepeak... Herrialdez herrialde bidaiatu daiteke bi urratsetan.

Ramon Torderak mojitoak eta kaipiriñak prestatzen ditu. Castellotik (Espainia) iritsi da. «Guk likoreak ekoizten ditugu, baina udan gutxi saltzen genuela ohartu ginen, eta edari hauek egiten hastea erabaki genuen, oraindik modan ez zeudela». Torderak dioenez, jende aurrean eta banaka prestatzea da giltza, baina formula sekretua ere erakutsi behar izaten dela. «Imitatzaile asko atera zaizkigu, baina tira», nabarmendu du, txantxetan.

Herriko plazan jarraitzen du Mundumirak. Hantxe dago Ekoferia; berrikuntza nagusia da, aurten. Produktu ekologikoak saltzen dituzten hainbat salmahai daude, eta jendea ikusmiran dabil han ere, erosten baino gehiago, aterkiak irekita.

Makala Jazz Funk Bandeko kideek alaitzen dute giroa oholtza gainetik. Kanta instrumental batzuk jo dituzte lehenik, eta abeslari bat igo da kontzertua bete-betean zela. Olatz Urkia Larrañaga dago entzuleen artean. «Asko interesatzen zait kontzertu hau. Irakurri dut zerbait taldeari buruz, baina ez neukan inoiz zuzenean ikusita», esan du. Jaialdiarena oso ideia ona dela gaineratu du, baina iruditu zaio aurten ez diotela nahiko zabalkunderik eman, eta pena dela dio.

Nepalgo saltokian xerpen jakiak saltzen dituzte Atisha kultur elkarteko kideek. «Gure helburu nagusia da laguntzea hango monasterio bati, Ponda izenekoari. Umezurtz dauden neskatilak hartzen dituzte, eta haien besoetan hartuko dituzten gurasoen bila gabiltza», azaldu du Karmele Osak. Hala ere, oraingoz, janariek eta Nepalgo osagarriek arrakasta handiagoa izan dute, Osak esan duenez. Eguraldiak ez omen du gonbit egiten patxadaz geratzera eta informazioa biltzera. «Duela bi urte oraindik eta eguraldi okerragoa egokitu zen».

Izan ere, iaz ez zuten jaialdirik egin. Antolatzaileek adierazi dutenez, Mundumiraren ikuspegiari bira bat ematea izan da urtebeteko etenaldia egiteko arrazoi nagusia. Bederatzigarren aldiz antolatu dute, aurten.

'Herritmo' ikuskizuna

Gaur ere jarraituko du jaialdiak. Ekoferia, produktu ekologikoen, eskulangileen, gastronomiaren eta mendiko azokak, 11:00etan irekiko dituzte. Haurrentzako jolasak eta puzgarriak ere ordu horretan jarriko dituzte martxan. Udaletxeko plazan jinkana antolatu dute, 11:30ean, eta txokolatea egiten ikasteko tailerra, 13:00etan. Ordu horretan, The Potes taldeak joko du, Biteri plazan. Arratsaldean, eskulangileen tailerra egingo dute, eta kontakt dantza. Jalisko Band taldeak rantxerekin girotuko du herria, gainera. Herritmo ikuskizunarekin —Kukaik, Oreka TX-ek eta Kalakan-ek parte hartzen dute— amaituko dute eguna, 20:00etan, Amaia antzokian. Mundu oso bat sartzen da Arrasaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.