Bihar, Elizondon izanen da Nafarroako Bertso Txapelketako finalean. Herenegun Iruñean izan zen, hip hopa eta bertsoa uztartzen dituen proiektu bat Zaldiko Maldiko elkartean aurkezten. Oskar Estangak dio (Gaintza, 1978) ez dela hip hopa, ez baitu kultura hori, baina iturri horretatik edan du Errimatuz garenera arrimatuz proiektua sortzeko. Bizitzaz hausnartu nahi du.
Errimatzeaz gain, hip hopak eta bertsolaritzak loturarik badute?
Nire ustez bai, badira kaleko gazte jendearen adierazteko modu bat. Kultura herrikoia hori da, herriko jendearen eskura dagoena eta gertu sentitzen dena. Alde horretatik, gertu daude. Hau adierazpide bat da garen hori erakusteko edo izateko, edo garen horretara arrimatzeko. Zubia eraikitzeko saio bat ere bada, adierazteko bertsoa joan daitekeela bere eremuetatik harago eta gerturatu ahal dela hirietako kulturara edo kale kulturara.
Uztarketa hori egin da lehenago ere; zer berritasun dakarzu?
Hip hopa beti lotzen da malote jarrera horrekin. Estilo asko daude, baina Euskal Herrian landu denean jarrera horretatik izan da. Nire nahia pertsonaz hitz egitea da, ni nola nagoen, zer gertatzen zaidan, nola nagoen munduaren aurrean... eta adierazpide mota indartsu honekin betiko gai topikoetatik harago ikerketa bat egitea. Gai pila bat daude pertsona guziak batzen gaituena, eta gutxi hitz egiten da horietaz: maitasunaren beste ikuspuntu batzuk, barne presioa, estresa... garrantzitsua da hitz egitea kezkatzen gaituzten gaiez ere.
Bizitzaz errazago hitz egiten da errimatuz?
Errimak badu magia berezi bat. Errimak duen berezitasuna da errimatuz esaten den hori gelditzen zaigula, modu berezian esaten dugula. Agian zailagoa da esan nahi duzun hori errimatzea, baina eraginkortasun handiagoa du, errazago iristen da jendearengana, eta forma aldetik ere erakargarria da.
Zer motatako mezua da zurea?
Saiatzen naiz lehen pertsonan hitz egiten, nire esperientzia erakutsi eta ea norbaiti balio dion. Baina badakit oso bizi ikuspegi partikularra dela, nolabait nik neuk ere gehiago esploratu behar dudana.
Musikaren bidez bestelako gizarte eredu bat zabaldu behar da?
Gizarte eredua aldatzea ezinezkoa dela uste dut. Alderdi asko daude, adibidez kanta batean galdera da «Ba al dakigu zertan sinesten dugun?», fede krisi handi batean gaudelako. Edo perfekzioaren inguruan zer kontzeptu ditugun, gai garela dena epaitzeko dena jakingo bagenu bezala. Ahalegina da dugun honen inguruan hausnartuta urratsak egitea. Azkenean, aldaketa handia etortzekotan, txiki askotik etorriko delako. Mundu berria egitea baino gehiago, mundu hau taxutzea da helburua.
Bizitzari arrimatu ez ezik, ikusleengana arrimatzen zara saioetan.
Euskal kantuak egitetik ere heldu naiz; kantu bazkari eta afarietan, argi ikusten dut bihurtzen garela kantatzen dugun hori. Kantatzen duen horrek lekutxo bat hartzen du gure barruan. Gero, emanaldi batean parte hartze horrek ere jendea gehiago gerturatzen du, eta nahasten du, emozionalki ere bai, eta hori garrantzitsua da niretzat, denen artean zerbait egitea. Denak indar gehiago hartzen du jendeak parte hartzen badu.
Txapela, txalaparta eta kaskoak. Zer adierazi nahi duzu kartel horrekin?
Gaur egun kulturalki oso garai interesgarriak dira, ekarpen ezberdin asko dauzkagu gure artean, Internet, telebista eta irratia direla medio. Nolabait hori dena bagara egun, bagara txalapartak irudikatzen duen euskal tradizio hori, bagara Ameriketatik eman dizkiguten patroi horiek. Kasko horiek ere irudikatzen dute gaur egun ditugun medioak musika entzuteko.
Iturri zahar beretik ur berria edaten zuela zioen Artzek. Orain hainbat iturritatik edaten dugu?
Gure kasuan halabeharrez asko daukagu gure antzinakoez. Baina gu bereziki bonbardatuak izan gara Amerikako kulturaz, eta espainolaz zer esanik ez. Iturburuak ezberdinak dira; orduan, Europako edozein hiritan tribu urbano antzekoak ditugu, Afrikan ere bai. Hori niretzat kezkagarria da neurri handi batean. Berez ez luke txarra behar, baina iruditzen zait gauza asko galtzen ditugula. Gauza pila bat gara, baina badakigu nor garen? Zein da gure iturburua, edo zein da gure ura aske joateko bide hori kanpoko presioez aparte?
Bertsolaritzan mugimendu handia dago. Sortzeko gogoz zaudete edo bertsoekin asperturik?
Iruditzen zait gaur egun bertsolaritzan gabiltzan askok errealitate ezberdin asko bizi izan ditugula. Gaur egun naturalki jaso ditugu beste ekarpen asko, eta beste testuinguru askotan ibili gara. Nik uste dut eta nahiko nuke gainera hau dena izatea bizi izan dugun eta hainbeste gustatzen zaigun horrekin modu naturalean egindako uztarketa.
ATZEKOZ AURRERA. Oskar Estanga. Musikaria eta bertsolaria
«Mundu hau taxutzea da helburua»
Bertsoengatik da ezaguna batik bat Estanga, baina ez da soilik horretan aritzen. Musika irakasle izateko ikasi zuen, eta haurrekin lan egitera ohituta dago. Bestalde, musika proiektu zenbait ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu