Benito Ansola. Zinemazalea eta Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzailea

«Mundu ezberdinak ezagutzen laguntzen dute pelikulek»

Ikuspegia zabaltzeko balio du zinemagintzak, eta horregatik sortu zituen zineklubak Ansolak han eta hemen. 1950eko hamarkadatik hasita, zinemaren alde lanean aritu da, baita euskaraz lan egin dadin ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
Lekeitio
2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Zinemari emana igaro du bizitza ia osoa Benito Ansolak (Lekeitio, Bizkaia, 1928). Jaioterriko erretore izan zen, 24 urtez, eta han jarri zuen martxan Euskal Zine Bilera, euskarazko zinemagintzan eskola sortzen hasteko asmoarekin. Duela 38 urte antolatu zuten lehena, eta hurrengo aldia prestatzen ari da bere lankideekin batera. Gustura egiten duen lana da, afizioa baita beretzat. Ezer galdetu aurretik hasi da bere bizitzari atzera begirakoa egiten.

Lekeition jaio arren, Bilbon hazi zinen.

Lekeition jaio nintzen, bai, eta banituen 8 urte frankistak herrira sartu zirenean. Herritik alde egin behar izan genuen, eta, itsasontzi bat hartuta, Bilboraino heldu ginen. Ez dakit zer eramango genuen gainean, baina gaur egungo etorkinak ikusten ditudanean horretaz oroitzen naiz. Gu ere horrela aterako ginen Bilbora. Arratsalde batean hartu zen erabakia, Zestoako gure lehengusu bat etorri baitzen gurera, eta esan zigun ezin genuela bertan gelditu. Arratsalde hartan erabaki genuen alde egitea, denbora barik. Behin Bilbon, ni eta beste bi anaia Ingalaterrara bidaltzeko izena eman zuten gurasoek, baina frankistak uste baino lehen sartu ziren, eta bertan gelditu ginen.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa Bilbon?

Orduan nik erdaraz ere ez nekien; ba, pentsa! Horrek atzeratu egin ninduen eskolako gauzetan, 9 urterekin gurasoek ez nindutelako eskolara bidali nahi goizero Cara al sol kantatzera. Etxean zerbait irakurtzen nuen, baina gauza gutxi. Gero bai, eskolara joan nintzen, ni baino mutiko gazteagoekin. Ondoren, nire aita preso hartu zuten. Lekeition txistulari, arotz eta sakristau zen, eta Bilbon aroztegian sartu zen. Egun batean, lanetik etxera zihoala, atxilotu egin zuten, lekeitiar batek salatu ondoren. Jende asko zegoen espetxean, eta tartean nire aita. Egunero joaten nintzen jateko zerbait eramatera. Orduan Iturburu kalean bizi ginen, Miribilla auzoan, lehen meategiak zeuden lekuan. Handik Cantalojas zubiaren inguruan zegoen espetxera joaten nintzen egunero. Eta hortik sortu zen zinemarekiko daukadan afizioa.

Nolatan?

Espetxera bidean zinemak zeuden. San Frantzisko kalean, erdigunean... Gogoan ditut Coliseo Albia, Campos Eliseos, Salon Vizcaya... Gure garaian ez zegoen beste entretenimendurik, eta dibertsioa zen zinema guretzat. Western pelikulak eta antzekoak ikusten genituen. Hortik sartu zitzaidan harra. Anai-arreba gazteenak joaten ginen zinemara.

Nola gogoratzen duzu lehen filma?

Gogoan dut Salon Vizcayara joaten ginela; saio bikoitzak egiten zituzten. Han hasi nintzen filmak ikusten, eta hor pentsatu nuen: «Hau gustatzen zait, ba!».

Gaur arte.

Bai, hala da. 13 urterekin seminarioan sartu nintzen, Bergaran. Handik Gasteizera joan nintzen, humanitateak egitera. Horren ondoren, hiru urte filosofia, eta, gero, lau urte teologia. Ondoren, abade egin nintzen, eta nire beste bi kiderekin Bizkaiko giro euskalduneko leku batera bideratzeko eskatu genuen. Horrela, Etxebarrira bidali ninduten ni, eta nire beste lagunak, Mendexara, eta bestea, Amorotora. Etxebarrin urte eta erdi eman nuen, eta, gero, Barinagara bidali ninduten. Markinako auzo bat da, baina parrokia dauka. Han zegoen Jose Maria Arizmendiarrietaren baserria [Mondragon taldearen sortzailea], eta harremana izan nuen berarekin. Hark esan zidan zerbait egin behar nuela gazteei mundua zabaltzeko. Pentsatua nuen abade etxean jarri genuen gela batean zinema ematen hastea, eta ondo iruditu zitzaion. Jendeari mundua zabaltzeko bide bat izan zitekeela esan zidan.

Baina ez zen hori izan Barinagan zinema sustatzen egin zenuen lan bakarra, ala?

Ez. Negu partean, domeka guztietan ematen genuen pelikula bat; gaur egun klasikoak diren filmak ematen genituen hartan. Horrez gain, Markinako eskola profesionalean eskolak ematen nituen. Halako batean, bertako zuzendariak esan zidan zinema gustuko nuenez ea zergatik ez nituen zinemagintzari buruzko eskolak ematen. Horretarako prestatzen hasi nintzen, eta hiru udaz Donostian antolatzen zituzten ikastaroetara joan nintzen, zinemagintza ikasteko. Han ikasi nuen zinema ikusten, zelan aztertu behar den film bat, zelan entzun behar den eta horrelako gauzak. Hala hasi nintzen eskolak ematen. Ziurrenik lehenak izango ginen Espainian eskola profesional batean zinema ematen!

Zineforuma ere antolatu zenuen han. Hasitako lanaren jarraipena?

Halako zerbait. Lehenengo, pelikula aurkezten genuen, zein garaitakoa zen, zertaz arduratzen zen... Filma ikusten genuen ondoren, eta, gero, bakoitzak bere iritzia botatzen zuen. Zineklub normal bat izaten den bezala, hain zuzen. Mutrikun ere hasi ginen antolatzen, eta han sekulako interesa egoten zen, beste lekuetan ez bezala ia ikusle denak geratzen baitziren elkarrizketarako.

Mutrikun eta Markinan bakarrik ez. Non gehiago antolatu zenituen forumak?

Lekeition, Gernikan, Deban, Elgoibarren, Eibarren...

Esan daiteke bobinak hartu eta Euskal Herrian barrena ibili zinela garai horretan, ala?

Bai. Zinemako aldizkari batzuk baziren, eta denak irakurtzen nituen. Horrela hasi nintzen zineman murgiltzen. Eskolak eman, eta, gero, zineforumak antolatu; gustura ibiltzen nintzen.

Horrek eskola bat sortuko zuen...

Bai. Batzuek galdetzen zidaten «Zertarako filmak?». Nik gauza bera erantzuten nien denei: «Zuek torlojuak egiten dituzuela, ugazabak zer nahi du? Zuek torlojuak egitea, eta ez pentsatzea. Hori nahi duzue? Pertsona ez da torlojuak egitea bakarrik; ingurua ezagutu behar da». Zinemak horretarako laguntzen du ikuspegia zabaltzen.

Zinemak zein modutan zabaltzen ditu ateak?

Pelikulak erakusten dizu non eginda dagoen, zein testuingurutan, eta nola bizi diren han. Ez da gauza bera Ingmar Bergmanek edo Martin Scorsesek egindako film bat. Batek mundu bat erakusten du, eta beste batek, bestea. Zergatik dira hain ezberdinak Espainiako eta Frantziako pelikulak? Mundu ezberdinak ezagutzen laguntzen dute filmek.

Zineforumak antolatzen aritu ondoren iritsi zinen Lekeitioko erretore izatera...

Barinagan hamasei urte pasatu nituen, eta handik Ekuadorrera joan nintzen, misioetara. Markinara bidali ninduten, beste zazpi urtez, eta handik Lekeitiora etorri nintzen. Ameriketara joan nintzenean utzi nion eskolak emateari, baina bueltan berriz antolatu nituen zineforumak. Lekeitiora bidali nindutenean hasi ginen Euskal Zine Bilera egiten.

Zein behar ikusi zenuten Zine Bilera sortzeko?

Lekeitiora etorri nintzenean, nire ikasle ohi batzuek esan zidaten ea zergatik ez genuen euskarazko zinemaren inguruko ezer egiten. Urtebete lehenago hasi ziren Zestoan euskal zinema topaketak egiten, baina esaten zidaten Gipuzkoari begira zeudela han, eta Bizkaikoan egiten zenaz ez zirela jabetzen. Eta horrela hasi ginen Euskal Herri osoko lanak biltzen, Zestoako topaketak osatzeko asmoz. Zestoakoa 1991. urtean amaitu zen, eta, orain, mundu guztian euskarazko filmen jaialdi bakarra Lekeition egiten da!

Zine Bilera sortu zenean, bazegoen euskaraz egindako lan amateurrik?

Behar bat zegoen topaketa hauek sortzeko, baina, batez ere, zaletasuna sortzeko zen. Jende askok zituen Super 8 kamerak, eta ekitaldi garrantzitsuak grabatzen zituzten: lehen jaunartzea, ezkontzak... Saiatu ginen horrez gain herriko ohiturak, etxe bereziak eta dokumental batean agertzea merezi duten elementuak grabatzea sustatzen. Eta hori guztia euskaraz egin behar zen. Ni ere hasi nintzen gauza batzuk egiten... Ez dira Hollywoodera bidaltzeko modukoak, baina herrian ilusioa piztu nahi genuen. Amateur moduan aritu nintzen.

Zein lan mota ziren horiek?

Denetarik. Dokumental bat egin nuen herrian dugun erretaula txiki baten inguruan, beste bat txerri bodei buruz... Fikzioa ere egin genuen; hemengo mutikoekin, batez ere. Antzerkia egin beharrean, zinema egin genuen.

Zure ikasketak praktikan jartzeko modu ona...

Bai! [Barreak]. Argia, argazkia, muntaketa, gidoia egin... Dena nik egin behar izan nuen, eta ez zen erraza izan.

Zine Bileraren ekitaldietarako saiatzen zinen zerbait egiten?

Hasieran, bai; lehen urteetan, batez ere. Hainbat pelikula egin ditut, 24 inguru. Kultura eta fedea lotzen saiatu izan naiz.

ETB sortu zen, ondoren. Nola eragin zuen horrek?

Eusko Jaurlaritzak, urtero hamar film labur aukeratu, eta saritu egiten ditu [Kimuak]. Baina amateurrentzat ez dago lekurik! ETB sortu zen garaian, Frantziako telebista batek Super 8 kamerekin egindako film amateurrak ematen zituen. Guk halako zerbait egin nahi izan genuen, baina ezer ez. Ez dakit jaramon handirik egiten dion ETBk Lekeitioko Zine Bilerari... Gainerako egunkariek egiten diete lekua, baina ETBk apenas ematen duen albisterik!

Babes falta sumatu duzu?

38 urtez ari gara antolatzen Zine Bilera, eta diru kontuak nik eraman izan ditut beti. Laguntzak eskatu behar zirela, autoa hartu eta hor joaten nintzen. Diru laguntzak ematen zizkiguten, baina handik urte batzuetara gutxitu egiten zuten. Beti halako arazoak izan ditugu! Baina egia da finantzaketa bide egonkor bat falta izan zaigula. Hori eskatzen dugu, industriak hori behar duelako.

Euskarazko zinemagintzan film entzutetsuak ateratzen ari dira azken boladan.

Bai, orain badago mugimendu polit bat. Loreak, Amama, Aupa Etxebeste! hor egon dira, eta badirudi bizkortzen ari dela kontua.Zerbait bada. Baina Euskal Herrian ez daukagu industria bat garatu ahal izateko moduko egiturarik. Filmak egiten dira, baina gauza asko egiteko Madrilera jaitsi beharra daukagu. Baina hori ez da daukagun arazo bakarra: dirua jartzeko prest dauden ekoizleak falta zaizkigu. AEBetan badago jendea zinemaren industrian dirua jartzen duena, baina hemen ez. Dirua duen jendea badaukagu, baina ez dute zinema industrian inbertitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.