San Tomas azoka: mundu bat taloaren inguruan

Jendetza handia bildu da San Tomas egunean egindako azoketan, Bilbon eta Donostian. Bilbokoa 75. azoka izan da, eta Areatza jendez beterik egon da.

Jende andana batu da Bilboko Areatzan jarritako saltokietan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jende andana batu da Bilboko Areatzan jarritako saltokietan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gotzon Hermosilla - Enekoitz Telleria Sarriegi
2024ko abenduaren 21a
15:15
Entzun

Ekaitz perfektua. Aurtengo San Tomas eguna larunbatean egokitu da, eta eguraldiak ez du oztopo handirik jarri. Bilbon, horri gehitu behar zaio aurtengoa 75. azoka izan dela, eta iluntzean Fermin Muguruzaren bigarren kontzertua iragarrita zegoela. Horiek guztiak kontuan hartuta, pentsatzekoa zen aurtengo azoka oso jendetsua izango zela, eta hala izan da.

Eguerdian, bisitariek lanak zituzten Bilboko Areatzan jarritako 235 saltokietako batera hurbiltzeko. Denetarik zegoen salgai: ortuariak, landareak, sagardoa, gazta, gozokiak eta abar. Bertako produktuak den-denak. «Aurtengo txakolinak gradu gutxiago ditu, apur bat garratzagoa da, eta oso usaintsua, edateko erraza», esan du Unai Sulibarriak, Galdamesko Torre de Loizaga txakolinaren ekoizleak (Bizkaia).

Babarrunak izan dira aurtengo azokako izarretako bat. BBK fundazioak eta Bisubik 4.500 katilu bete indaba banatu dituzte; horiekin lortutako etekinak ongintzan aritzen diren zenbait elkarterentzat izango dira. Bilboko Konpartsek ere indaba beganoak jarri dituzte salgai. Egitarau zabala prestatua zuten konpartsek San Nikolas elizaren inguruetan.

Sagarrak erakusgai, Areatzako saltoki batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sagarrak erakusgai, Areatzako saltoki batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Guretzat garrantzitsua da kalea denona dela aldarrikatzea, bertoko ekoizleak sustatzea, eta adin tarte guztientzako ekitaldiak antolatzea», esan dute Idoia Ugalde eta Jone Fernandez konpartsakideek. Horregatik, aurten berrikuntza bat sartu dute egitarauan, eta umeentzako esparru berezi bat atondu dute Plaza Barrian, Areatzako «gune masifikatutik kanpo».

Baina, dudarik gabe, taloa da San Tomas azokako jakirik preziatuena. Arriaga atzeko saltokietan, ahalegin betean zeuden taloak partitzen. «Jendeak denetarik eskatzen du: odolostearekin, hirugiharrarekin, solomoarekin...», azaldu du Aintzane Landaluzek, taloak banatzen dituen bitartean, Sopuertako Euskaltxosna enpresako saltokian (Bizkaia). «Ohikoena txorizoarekin jatea da, baina nik esango nuke aurten txistorrak leku apur bat kendu diola txorizoari. Eta nutellazkoa ere [txokolatezko krema] arrakasta handia izaten ari da».

Bi lagun, sagardoa edaten, Bilboko saltokietako batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bi lagun, sagardoa edaten, Bilboko saltokietako batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Zamudioko (Bizkaia) Landak Karakolak etxeko saltokian, zelan ez, barraskiloak dituzte salgai: barraskilo biziak, poltsetan bilduak, eta barraskilo potoak, tomatez, txorizoz, urdaiazpikoz eta hirugiharrez egindako saltsa eta guzti, berotu eta segituan jateko prestatuak. «Bizkaian, ohitura handia dago Gabonetan karakolak jateko», esan du Joana Larak. Urtero etortzen da San Tomas azokara, eta 2019an saria irabazi zuen. «Aurten, salmentak onak izan dira, eta azokara ekarri ditut geratzen zitzaizkidan guztiak; horiek amaitutakoan, akabo». Saltokian zegoen mugimendua ikusita, oso litekeena da Zamudiora barraskilorik gabe itzuli izana.

Jende artean komeriak

Esaera zaharrak ez du orduko zentzu bera, baina balekoa da erabat Donostian: «San Tomaseko feriak, etxe askotan komeriak». Autobusetan eta trenetan tokia egiteko dira orain komeriak, Urumeako artisautza postuetan txanda hartzeko dira komeriak, taloa dariola maneiatzeko dira komeriak, eta belarrietaraino sartutako txapelak ongi jartzeko dira komeriak. «Ez da horrela jartzen, motel», esan dio amak semeari.

Hirigunera doaz denak. Familiak, kuadrillak eta aterkiak. Ateri dago, ordea. Argi ederra dator itsasotik. Okendo plazan daude jarrita animaliak —bi hankakoak eta lumadunak—. «Zezen bat da hori?» —baserritarrena jantzia baino ez dute askok—. Highland eta watusi behiak, bufaloak, ahuntz azpigorriak, eta alpakak. «Goazen bidezidorretik, hau eromena da». Zapaldu ederra hartu du lorategiko belardiak.

Donostiako Konstituzio plaza, jendez beteta. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Konstituzio plaza, jendez beteta. ANDONI CANELLADA / FOKU

Kaikuak modan daude —janztekoak, alegia—. Gipuzkoa plazatik txistor usaina dator. Erroskillak, gazta, eztia, euskal pastela. 11:30ak dira, eta ibil daiteke oraindik lasai antzean. «Talo begano antierrepresiboak» jartzen du pankartan. «Glutenik gabekoak» dira Arabakoak. Rafa Gorrotxategi ari da turroiak saltzen. Gironako txerriki postua du aldamenean. Zaporeak elkartekoak jo eta su lanean. Ilararik luzeena, Segurako talogileena. «Aurrekoan Basque Culinaryn geunden, eta gaur hemen», esan du Gurutze Telleria talogileak.

«Israel genozidioa stop» Amnesty Internationalen postuan. Txalaparta doinuak entzuten dira McDonaldsen ondoan. Parte Zaharreko lehen ilara kutxazainetan dago. Ekotaloak eta Baztango sotopilak Sarriegi plazan. Samalda batean doa jendea Konstituzio plazara. «Eman eskua, galduko zara bestela», esan dio aitak alabari. «Triste samar dago Kaxilda, ezta?», ilobak amonari —ez da ausartu txerriak zer etorkizun duen esatera—. Zabaloene eta Arizaga baserrietako uztarik onena agerian. Txerriz jantzi dute neska bat despedidarako. Baserritarren buruko pañelua eta hijaba konbinatu ditu beste horrek. Txorimaloen erakusketa jarri dute Zuloaga plazan. Eguerditik aurrera hasi dira benetakoak agertzen.

Talo zein ogi tartean, txistorra da nagusi San Tomas egunean. Donostian, horren adibidea.ANDONI CANELLADA / FOKU
Talo zein ogi tartean, txistorra da nagusi San Tomas egunean. Donostian, horren adibidea. ANDONI CANELLADA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.