Mendebaldean Arenatik (Muskiz, Bizkaia) hasita, ekialdera Barrara (Baiona, Lapurdi) iritsi arte, hondartza asko biltzen ditu euskal kostaldeak. Handiak, txikiak, jendetsuak, jenderik gabeak, olatu indartsuak dituztenak, lasaiak eta itsaso barea dutenak... denetariko hondartzak daude Euskal Herrian. Lehorretik begiratuta guztiek antzekoak diruditen arren, badira ezberdintasunak haien artean. Itsasaldiei erreparatuz gero, surflariek ondo ezagutzen dituzte alde horiek, kilometroak egiten baitituzte errepideetan olatu berrien bila.
Asko praktikatzen den kirola da surfa. Euskal Herrian bertan badira hamaika surflari, eta haietako batzuek surferako leku aproposenen berri eman dute lerrootan. Kepa Acerok, Asier Muniainek, Edith Sansegundok, Miriam Imazek, Mikel Troitiñok eta Aritz Aranburuk badute eskarmentua olatu gaineko dantzan.
Euskal kostaldean surfa egiteko lekurik onenari buruz galdetuta, guztiek bat egiten dute erantzuterako orduan: Mundaka da, euren iritziz, onena. «Munduan zehar, harearen gainean apurtzen diren olatuetatik, hamar hoberenen artean dago», jakinarazi du Asier Muniainek. Mundu zabalean asko hitz egiten da Mundakako olatuaren berezitasunaz, eta Muniainek azaldu du zergatia: «Ez du itsasorako irteera zuzenik, Laidatik okertu egiten da, eta horrek ibaiaren eskuinaldean hondarpea sortzen du, diagonal bat osatuz. Horren gainean apurtzen du Mundakako ezkerrak». Surflariei gustatzen zaien moduan, hareazko hondoa du, eta fenomeno horrek tubo luzeak sortzea errazten du.
Nolanahi ere, Mundaka ez da surfistek kuttuntzat duten bakarra. Aritz Aranbururen arabera, Meñakotz hondartza ere Euskal Herriko onenen artean dago. Muniainek, berriz, Ogella eta Orrua oso gustuko ditu; lehenengoa bi aldeetara irekitzen delako, eta bigarrena «sekulako olatuak dituelako, nahiz handi, ertain edo txiki izan». Edith Sansegundo zarauztarrak bat egiten du Muniainekin: gustura ibiltzen da Orruan surfean. Mikel Troitiñok Angelukoa du gustuko, tuboak dituelako, hareazko hondoa duelako eta hondartza nahiko irekia delako. Kepa Acerok, berriz, Barinatxe du gustukoena: «Niretzat, hondartza berezia da».
Hemengoez gain, kanpotik ere etortzen dira surflariak olatu gosez. Ezagunak dira euskal hondartzak, eta tokiko nahiz nazioarteko txapelketa ugari jokatzen dira bertako uretan. Guztiek aho batez baieztatzen dute euskal kostaldean surferako kalitate oneko hondartzak daudela. «Euskal hondartzetan olatuak ia egunero daude, eta Bartzelonako surflari bati galdetuz gero, baloratu egiten den ezaugarria da hori», iritzi dio Aranburuk. Sansegundok beste ezaugarri bat ere gaineratu du: «Kalitate oso oneko hondartzak edukitzeaz gain, hondartza asko eta aukera zabala dago».
Tuboak egitea, ibilbide luzekoak izatea eta maniobrak egin ahal izatea da surflariek olatuetan bilatzen dutena. Miriam Imazek, esaterako, olatu «zailak» atsegin ditu: «Indartsuak direnek erakartzen naute, hartu ahal izateko teknika asko eskatzen dutenak». Acerorentzat, olatu onenak tuboa egiten dutenak dira: «Horretarako, arrokak ondo kokatuta egotea beharrezkoa da. Hego haizea eta itsaso garbia izatea ere komenigarria da».
Leku jendetsuetatik urrun
Surflarien artean bada ospe handiko beste hondartzarik. Troitiñoren ustez, Lafitenia berezia da, «baina jende gehiegi ibiltzen da, Mundakan bezala, eta horrek ez ditu erakargarri egiten». Muniainek bat egiten du Troitiñorekin: ez da Mundakara askorik joaten, eta, besteren artean, nahiago du Zumaia eta Getaria arteko Planeixa hondartza.
Belharrako olatua bitxienen artean koka daiteke. Kostatik urrun lehertzen du, eta ez da urtean maiz sortzen den olatua. Aranbururen arabera, otsail edo martxo inguruan agertu zen azkenekoz. Aranburuk badu Belharra hartzeko gogoa, baina lehertu duenetan kanpoan harrapatu du. Muniainek gertutik ezagutzen du olatua, eta urtero saiatzen da hartzen: «Belharrak badu leku bat beretzat gordea nire bihotzean».
Zarauzko hondartza ere ezagunenen artean kokatzen da, eta hari buruzko iritzi desberdina dute surflariek. Zarauzko Surf Eskolako zuzendaria da Troitiño, eta, haren iritziz, «hondartza ezaguna da txapelketak egiten direlako, baina ez izaten dituen olatuen kalitateagatik». Sansegundok eta Imazek ontzat daukate Zarauzkoa. Imazek han ikasi zuen surf egiten. Aranbururen ustez, berriz, hondartza normala da, baina noizean behin olatu onak izaten ditu.
Elementu askoren konbinazioak eragiten du olatuen nolakotasuna, eta urtaro batetik bestera itsasoaren egoera aldatu egiten da. Surferako urteko garairik onenaz galdetuta, ez dute zalantzarik egin: uda eta negua bitartean esan dute guztiek. Sansegundoren ustez, jende gutxiago egoteak lasaiago ibiltzeko aukera ematen du, eta horregatik iraila garai aproposa dela iritzi dio. Imazek nahiago du udazkena: «Hotzarekin asko sufritzen dut». Muniain eta Aranbururen ustez, neguak biltzen ditu surfa praktikatzeko baldintzarik onenak, nahiz eta hotza dela medio, gogorra izan.
Denen ahotan izenak errepikatu egiten badira ere, hondartza guztietako olatuak hartzen saiatzen dira surflariak, olatu bakoitza ezberdina baita egun bakoitzean. Baldintza meteorologikoek zerikusi zuzena dute horretan, eta, beraz, ahalegin bakoitzean «pixkanaka» ezagutzen direla dio Troitiñok.
Ezarian. Surfa Euskal Herrian
Mundaka ez da bakarra
Ezagunena izan arren, Euskal Herrian badira surferako olatu aproposak izaten dituzten beste hainbat ingurune eta hondartza. Horien berri dakarte lerrootan hainbat surflarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu