Mugarri bat soka gainean

Nerbioiko ur jauziko amildegia alderik alde gurutzatu du orekari kuadrilla batek hainbat bider. Orain arte Euskal Herrian gurutzatu den distantziarik luzeena izan da.

Nerbioiko ur-jauzia gurutzatzen
Nerbioiko ur jauzia gurutzatzen. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Orekarientzat ez dago ezer parekorik. Aitor Sorrarain astiro doa 900 metro luze neurtzen dituen sokaren gainean. Zerua konkistatu du, 300 metro amildegi baititu oinpean. Bisitariek etengabe argazkiak ateratzen dizkiote, mugarri berri bat baita Euskal Herriko orekarientzat. Nerbioiko ur jauziko labarra alderik alde zeharkatzeko aukera duen pribilegiatu bakarrenetakoa da Sorrarain.

Nerbioiko ur jauzia zeharkatzeko egin behar izan zituzten urratsak kontatuko dituen dokumental bat egiteko 10.000 euroko beka eman diote Daniel Cascales zuzendariari Mendi Film mendi eta abentura zinemaldiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternua jantzi markak. Zuzendariak kontatu duenez, «hiru egun kostatu» zaie soka muntatzea: «Ur jauzia muturretik muturrera zeharkatu ahal izateko eman beharreko pausoak kontatzen dira dokumentalean. Horrez gain, orekarien sokaren gaineko irudi ikusgarriak grabatu ditugu». Dena ondo bidean, datorren urteko Mendi Film jaialdian estreinatuko dute Cascalesen dokumentala.

«Animo!», «Ahal duzu!»... Oihu artean egiten ari da bidea Sorrarain. Ehun pertsona inguru bildu dira orekarien balentria ikusteko irrikan. Mario Hidalgo da Sorraraini erreleboa hartuko diona. Horma bertikaleko arroila handiari begiratzen dio sokara igotzeko prestatzen den bitartean. Baldintza paregabeak ditu amildegia gurutzatzeko: ez dago haizerik, eta gogoz jotzen du eguzkiak. «Mundialak dira horrelako parajeak soka gainean ibiltzeko; zaila izan da hau dena egiteko aukera izatea. Egia esan, zoriontsu nago proiektuaren inpaktuaz».

Orekariak Nerbioiko ur-jauzia gurutzatzen
Orekariak Nerbioiko ur-jauzia gurutzatzen. UNAI ETXENAUSIA

Izan ere, lehenago egin ez den Euskal Herriko mugarri baten parte izateko aukeraz gozatzen ari da Hidalgo. Orain arteko erreferentzia handiena aise gaindituko du: 500 metro luzeko lerro bat, Igeldoko Tximistarri kalaren gainean muntatua eta osatua, Donostian.

Sorrarain helmugara iristen ari da pixkanaka-pixkanaka. Zuzendariak argazkiak hurbiletik ateratzeko aprobetxatu du orduan. «Sekulako esperientzia da goian egotea». Cascalesek ere izan du sokara igotzeko aukera: «Leku hau izugarri polita da horrelako gauzak egiteko. Infinitura begira zaudela sentitzen duzu. Hor zaudenean ikusten duzu ur jauzia zein erraldoia den».

«Bai, zein ona!». Lortu du gurutzatzea Sorrarainek. Hidalgoren txanda da orain, «aukera bakarraz» gozatzeko prest. Urduri eta gogotsu dago, ez bakarrik soka gurutzatuko duelako, baizik eta proiektua jendeari aurkezteko: «Apustu bat izan da hau, eta ondo atera zaigu dena». Arbolara igo eta hasi du beste alderako bidea.

Hainbat hilabete eman dituzte proiektuaren logistikaz arduratzen, erronkaren xehetasun guztiak antolatzen. Zuzendariak azaldu du «pazientzia handiz» egin dutela lan: «Orain hemen gaude, paraje eder honetan. Baina oso gogorrak izan dira aurretik izan ditugun lau egunak. Gainera, atzeratu egin behar izan genuen guztia, eguraldiak ez baitzigun ezer lagundu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.