Euskaraz sortutako eta garatutako lehen rol jokoa. Horixe da Atopia RPG. Baina, zer da rol joko bat? Xabier Landabidea Atopia RPG rol jokoaren sortzaileetako bat da, eta, haren arabera, «taldean bizi den elkarrizketa bat da, joko forma hori hartzen duena eta inork aldez aurretik aurreikusi ez dituen eta zoriaren esku gelditzen diren elementuak dituena». 2018. urteko Durangoko Azokan antolatutako Sormen Beka dela-eta garatu dute rol joko hori. Orduan egin zen lehenengoz lehiaketa hori, eta rol jokoaren proposamena aurkeztu zuten. Aurkeztu, eta irabazi. Urtebete izan dute hamabost orrialdeko proposamen hori garatzeko eta gorpuzteko, eta iragan abenduan aurkeztu dute emaitza: Atopia RPG, euskarazko lehen rol jokoa.
«Fikziozko mundu batean koka daitekeen proposamen bat da», esan du Landabideak. Atopiaren kasuan, «Euskal Herri alternatibo, surrealista, paralelo bat da mundu hori», adierazi du, eta elementu asko gehiegikeriaz azalduta daude, fikzioari ere bide emanez. «Izan daiteke zientzia fikziozko istorio bat, espioiei buruzko istorio bat, historikoa, fantasiazkoa, erromantikoa... Azkenean da existitzen ez den mundu batean pertsonaia bat interpretatzeko proposamen bat edo joko bat», argitu du. Ohiana Kalparsoro liburuaren diseinuaz eta maketazioaz arduratu den kidearen arabera, «zuzenean antzezteko joko bat da». Nerea Ansa kidearekin batera ondu du liburua, Alaiondo estudioaren izenpean. Liburu mardula da: 400 orrialde ditu. Kalparsororen arabera, «Atopiaren unibertsoa» biltzen du, eta jokatzeko ezinbesteko tresna da.
Landabidearen hitzetan, modu asko daude rol jokoan jokatzeko: «Rol joko klasiko bat mahai baten inguruan jokatzen da, eta hartzen duen forma izaten da bi, hiru, lau edota ordu gehiagoko partida bat. Normalean pertsona batek hartzen du partida horren ardura, eta horri zuzendaria, masterra, gidaria edo narratzailea deitzen zaio. Kasu honetan, maizterra da proposatu dugun terminoa». Kalparsorok azaldu duenez, «liburua irakurri duen eta mekanismoa ezagutzen duen pertsona» litzateke maizterra. Landabideak erantsi duenez, «gainerako jokalariei elkarrekin istorioak eta abenturak bizi ahal izateko markoa ematen diena».
Abiapuntu bat, eta aurrera
Sei aldeko dadoekin jokatzen da, eta maizterra arduratzen da jokoa bideratzeaz: abiapuntu bat edo jokaleku bat jartzen du, eta horri erantzuten diete jokalariek. «Gai jartzaile batek bertsolariekin egiten duen bezala», azpimarratu du Landabideak. Behin abiagune hori zehaztuta, jokalari bakoitza bere pertsonaia interpretatuz hasten da jokoan: «Izan zaitezke, adibidez, banku lapur bat; ni izan naiteke lehendakaria, eta beste bat izan daiteke Txinatik etorri den zientzialari bat. Eta, orduan, norberak pertsonaiaren arabera jokatzen du, ez gu benetan bizitza errealean garen bezala». Hala, «elkarrizketa izaera» sortzen da. «Ez dago ezer aurretik definituta, eta inork ez daki zer gertatuko den. Pertsonaiek elkarren artean elkarrekintzak eta elkarrizketak dituzte. Horien arabera, istorioa norabide batean edo beste batean joango da», adierazi du. Horrela, posible da abiagune bera izanik istorio erabat diferenteak sortzea, eta hori «oso interesgarria» dela nabarmendu du Landabideak.
Liburuak biltzen ditu fikziozko pertsonaia horiek, eta bost fakzio bereizitan banatzen ditu: STMA, Internazional ikus(t)ezina, Lur4a, Marxialistak eta Agentzia. Fakzio bakoitzak mugimendu, korronte edo talde bat irudikatzen du: «Euskal Herri paraleloaren izaera azaltzeko planteatu ditugu fakzioak. Konspirazioaren joko antzeko bat egitea da ideia. Guk proposatzen duguna da egunero irakurtzen ditugun albisteen atzean azalpen eroagoak egon daitezkeela, eta bost fakzio horiek interes talde zoroak irudikatzen dituzte. Nahiko eroak dira haien planteamenduak. Aldi berean, uste dut oso igartzeko modukoak direla. Guztiok ezagutzen dugu gutxi gorabehera fakzio horiek bezala funtzionatzen duen talde bat edo pertsona bat».
Kidearen esanetan, Atopia ez da onak eta txarrak alde banatan bereizten dituen joko bat, eta hori hastapenetik izan zuten garbi: «Planteatzen genuena da denok dugula fakzio horietatik zerbait. Inguruan identifikatu ditzakegun korronte askoren bertsioak dira, apur bat surrealistak. Aukera eta jokoa ematen dute haien artean borrokatzeko. Hala ere, egia da partidetan pertsonaiek elkarren artean kolaboratu behar izaten dutela». Era horretan, gogoeta egiteko parada ere eskaini nahi izan dute: «Egin nahi genuen joko bat fikzio hutsa izango zena, ez zuena edukiko ezer dokumentaletik, baina, aldi berean, fikzioaren bitartez gauza askoren inguruan pentsatzeko eta hitz egiteko aukera emango zuena».
Landabideak esan duenez, «esploratu gabeko beste lerro bat zabaltzen du» Atopia rol jokoak: «Euskaraz argitaratuko diren rol jokoen artean txarrena izatea espero dugu». Aspalditik zuten gogoa euskaraz horrelako zerbait egiteko, eta Durangoko Azokako Sormen Beka «aitzakia bikaina» iruditu zitzaien. Erantzukizuna eta poza sentitu dute proiektua egiterakoan, eta, «lan ganberroa» izan arren, «serio eta gogotsu» egin dute lan. Harrera ere beroa izan du proiektuak: «Feedback ona jaso dugu; jendeari grazia handia egin dio proposatu dugun munduak; barre asko egin dute. Helarazi digutena da liburua oso txukuna eta kalitatezkoa dela».
Zuzeneko partida zenbait ere egin dituzte, eta halako gehiago antolatzea espero dute: «Nahi beste ekitaldi egiteko ez dugu aukerarik izan, baina 2020an ekitaldi gehiago egiten saiatuko gara». Jadanik partida batzuk grabatuta eta entzungai daude Etzi.pm atarian. Bideo tutorialak egitea ere pentsatzen ari dira: «Bat, azaltzeko zer den rol joko bat; beste bat, azaltzeko nola sortzen den zure pertsonaia eta nola jokatzen den; eta azkeneko bat, azaltzeko partida bat nola zuzentzen den».
Rol jokoak
Mugarik ez duen antzezpena
Atopia kolektiboak 'Atopia RPG' euskarazko lehen rol jokoa sortu du. Bederatzi kidek sortu dute jokoa, eta harrera ona izan du. Zuzeneko partidak ere egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu