Irailaren 11n Zubiak saioa estreinatu zuten Euskadi Irratiak eta France Bleu Pays Basquek. Lehenean igandero ematen dute 15:00-16:00 artean. Baionako irratian, berriz, larunbatetan, 12:06-13:00 artean. «Mugak zubi» bihurtzeko asmoa du tarteak, sortzaileek esan dutenez. Alaia Martin (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) Donostiatik aritzen da, Euskadi Irratiaren estudioetatik, eta Artzen Letona (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1986) France Bleuko Baionakoetan. Tarteka elkartu egiten dira grabazioak egiteko. Aukera horietako batez baliatu dira, nola doan azaltzeko.
Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen arteko muga psikologikoa hor dago oraindik. Zein tresna ari zarete erabiltzen hori gainditzeko?
ALAIA MARTIN:Hasteko, elkar ulertzeko borondatea, euskalkiak gorabehera. Gutako bakoitzak estudio batean egiten duenez lan, koordinatzen ikasi behar izan dugu. Muga psikologikoa egon arren, berez mugarik ez dagoela ikusarazi nahi dugu. Lurraldez lurralde badirela aldeak, baina horiek baino gehiago zubiak interesatzen zaizkigu.
ARTZEN LETONA:Haurren harrera etxe baten inguruan erreportajea egin genuen aurrekoan, eta han ikusi genuen psikologoa Hendaian [Lapurdi] bizi dela, Bilbon ikasi zuela, Donostian egiten duela lan eta nafarra dela sortzez. Halako gauza politez ohartzen gara Euskal Herrian bidaiatuz. Hiriburu guztietan dago hainbat herrialdetako jendea eta nahasketa politak sortzen dira.
Beraz, Iparralde-Hegoalde kontu bat baino, errealitatea askoz konplexuagoa eta interesgarriagoa dela erakutsi nahi duzue?
A. M.Horrela uler daiteke hasieran Zubiak-en egitasmoa, baina ez gara horretan zentratu. Aniztasuna islatzen saiatzen gara, eta lurralde gehien zapaltzen, ahalik eta kolore gehiena emateko. Eta ahalik eta etiketa gutxiena jartzen ditugu.
France Bleu irratian benetako interesa dago Euskal Herriko herrialdeak eta herritarrak elkarrengana hurbiltzeko?
A. L. Frantziako irrati publikoko sarekoa da, Paristik kontrolaturikoa. Erdalduna da, baina hasieratik izan du euskarak tokirik. Txikia da tartea, baina hor dago. Erredakzio taldean kazetarietako hiru euskaldunak dira, eta ez direnek ere euskarazko adierazpenak jasotzen dituzte albistegietan, elkarrizketatua euskalduna bada. Badituzte kolaboratzaileak Donostian, beste herrialdeen berri emateko, kirolaz bada ere.
Norainoko askatasuna duzue gaiak erabaki eta lantzeko?
A. M.Oraingoz, ez dugu paretarekin kolpea hartu. Ikusiko da zer gertatzen den kopeta hormara hurbildu ahala. Konfiantza eman digute oraingoz, eta hori da sormenerako baldintzarik hoberena. Horrela, zazpi hiriburuen inguruko saio bana egingo ditugu, eta irisgarritasuna landu dugu, hori ere zubiekin lotuta baitago.
A. L.Erromako zubiaz ere aritu ginen, eta homosexualitatearekin lotzeko erabili genuen.
A. M.Dentistek ere zubiak egiten dituzte, eta horren aitzakiarekin, Hortzak saioa egingo dugu: besteak beste, asko dentistarengana Hendaiara joaten zirela kontatuko dugu, eta Donostiako Aquariumeko marrazoen hortzez arituko gara. Gai zabalak eta mugarik ez; beraz, baina beti bilatzen diegu hari bat lotzeko.
Saio «estetikoa» izango zela iragarri zenuten. Kontzeptuala esan beharko genuke?
A. M.Forma zainduko genuela hitzeman genuen, eta badu literario eta ederretik.
A. L.Eta lan egiteko modua ere bai: ni zuberotarra naiz, Alaia gipuzkoarra eta Gasteizen gaude Gastronomia atala grabatzen. «Telefonoz egingo duzue?», galdetu digute. Ez, bada: fisikoki hemen gaude. Denbora sartzen dugu, eta emaitza hor dago.
Hizkuntza nola lantzen duzue?
A. L.Batueraz aritzen gara, baina lapurtar bat badut parean Lapurdiko euskara batuerara jotzen dut, eta zuberotar batekin ari banaiz, ezin zuberera batuez aritu; beraz, zubereraz aritzen naiz.
Gastronomia, Hortzak atalak aipatu dituzue. Zer gehiago landuko duzue datozen asteotan?
A. M.Ikasketetatik lan mundura dagoen zubiaz mintzatuko gara, baina baita zubing edo puenting kirolari buruz. Baina ez dugu dena kontatuko. Hobe entzutea.
Artzen Letona eta Alaia Martin. 'Zubiak' saioko aurkezleak
«Mugarik ez dagoela ikusarazi nahi dugu»
Euskal Herriko zazpi herrialdeetan dabiltza Letona eta Martin, batzuek mugak baino ikusten ez dituzten lekuetan zubiak erakusten, eta euskal gizarteko «nahasketa politak» agerian uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu