Jordi Cortes dantzariak (Bartzelona, 1964) ikastaro bat eman zuen irailaren 26an Errenterian (Gipuzkoa), Dantzagunean. Ari Sormena eta Mugimendua proiektuaren bidez egindako saio bat izan zen, Bizipozak, Artaziak arte hezkuntzako egitasmoak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak sustatutakoa. Cortes erreferentziatzat dute: urteak daramatza dantza ulertzeko modu inklusibo bat sustatzen.
Dantzan maiz egiten duzu gizartean goraipatzen diren edertasun ereduetatik aparte dauden gizon eta emakumeekin, elbarritasunak-eta dituztenekin. Beste edertasun kanon batzuk daude hor...
Dudarik gabe. Ahaldundu egin behar du bakoitzak bere gorputzean, ezkutatu gabe. Urte asko daramatzat dantzan, baina beti egin zait erakargarria gorputz ezberdinekin lan egitea, beste ingurugiro esperientzia batzuetatik datorren jendearekin, elkarrizketa komun bat bilatzeko. Horrek asko ikasteko era eman dit.Aniztasun funtzionala duen jendearekin harremanetan jartzean, esaterako, goizean goiz jaikitzen direnetik, espazio eta denborarekin bestelako harreman bat dute haiek; hori beti oso erakargarria egin zait.
Non da edertasuna?
Edertasuna aurkitzen dut gauza askotan. Adineko pertsonekin, adibidez, lan handia egin dut: liluratu egiten naute. Jaioberriek ere bai. Eta haien arteko antzekotasunek: haien zimurrek. Begietan ere edertasuna bada sarri; gurpil aulkian guztiz konfinatuta dauden pertsonen begiradetan, adibidez, perlak aurkitu izan ditut, bestela aurkituko ez nituzkeenak. Gogoan dut nola orain dela urte batzuk Alison Lapper artistak talidomidaren ondorioz besorik ez zuen andre haurdun baten eskultura jarri zuen Londresen, Trafalgar Squaren; ikaragarrizko eztabaida piztu zuen. Zergatik? Pertsona erreal bat da; niri, gainera, oso ederra iruditzen zitzaidan. Maldiziotzat hartu dira askotan era horretako gorputzak, ezkutatzera egin da: hori aldatzen ari da, baina ez da erraza. Oraindik gorputzaren gurtza nagusitzen den gizarte batean bizi gara.
Dantzan ere nagusitzen da usu edertasun kanon jakin bat...
Dantzaren eremu batzuetan, bai. 80ko hamarraldian, hasten ari nintzen sasoian, entzuna naiz inguruan: «Nora zoaz gorputz horrekin? Ez zoaz inora!». Orduan, jada, erotzekoa iruditzen zitzaidan. Irakasle batek hori esatea! Nik, ordea, urteak daramatzat oso bestelako mundu batean, ikuskera apurtzaileagoa duten egitasmoetan, zeintzuek esperimentazio bat bilatzen baitute,.
Non dira dantzaren mugak?
Ez da mugarik. Bi gorputzen arteko elkarrizketa bat sortzen duzun bakoitzean, horietako bat esperientzia ezberdin batetik datorren heinean, mugak apurtu egiten dira. Mugak norberak jarritakoak dira, buruan sortzen dira, ikusteko eran. Baina pertsona edo talde bakoitzarekin egin dezakezun lanean, ez dago mugarik. Askotan,orain, taldeekin-eta lan egitera noanean, zera galdetzen didate: «Beti al dakizu zer egin?». Eta, sarri askotan, galdera izaten da ea joan aurretik jakin nahi dudan zer aniztasun mota dituzten taldean egongo diren pertsonek. Baina nik ez dut jakin nahi izaten; jakingo dugu elkarrekin, elkarrekinizango dugun elkarrizketa horretan ikusiko dugu hori. Aurreko informaziorik ez dut behar. Nik uste dut hori dela onena, esperientzia urteek, behintzat, horixe erakutsi didate; gainerakoan, aldez aurreko erreparoekin joango naiz. Lan egiteko era sotila da, hauskorra, baina oso indartsua eta organikoa: benetakoa.
Zer ekarpen egin dizu urteotako ibilbideak? Zer ikasi duzu?
Bada, mugak harago daudela. Eta badakit, gainera, hau dela amaierarik gabeko bide bat, zeinean zerumuga urrun baitago.
ATZEKOZ AURRERA. Jordi Cortes. Dantzaria
«Mugak buruan sortzen dira: ikusteko eran»
Cortesek urteak daramatza mugak arrakalatzen, perfekzio eta edertasun kanon ezarrietatik haragoko gorputzekin dantzaren bidez harremanak sustatzen. Euskal Herrian ikastaro bat eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu