BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (IV)

Mugak azkenik ez duenekoan

Mugak azkenik ez duenekoan.
Iñaki Antiguedad Auzmendi.
2016ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Alaskara iristean, Ameriketako Estatu Batuetan dagoela adierazten diote bisitariari bandera izardunek. Natur parkeengatik, paisaia ederrengatik eta izokinengatik da ezaguna, besteak beste. Baina beste hamaika sekretu ditu ezkutuan bisitariarentzat.

The last frontier, azken muga. Alaskako autoen plakan irakurria. Gauza bera irakurri dut Seattletik Anchoragera eraman gaituen hegazkineko aldizkarian. Alertan jarri nau Alaskako «aukerez»: Alaska, north to the future... Hiriburua ez bada ere, nagusiena da Anchorage. Motelerako bidean lehenengo ideia hartu dugu: kale zabalak, eraikin-segidarik gabeko etxe sinpleak, eta oinezkorik apenas; Alaskan ikusiko dugun panorama: autoaren menpeko dira. Nonahi bandera izardunak argi uzten digu Estatu Batuetako batean garela. Hortaz, american way of life. Hamar orduko aldeak eragina utzi digu.

Goizean hiritik atera, eta aitaren batean Turnagain Arm fiordoaren zabalean gara, glaziar esekiak begi-bistan (Chugach Mountains). Alaska uda-helburu hartzean halakoa nuen gogoan, eta horra! paisaiaren osoak erakartzen nau, ibaiek, basoek, itsasoak, mendiek eta glaziarrek osatzen duten osoak. Euskal Herriko Kantaurialdean lapurtutako paisaiak amets. Alaskako errepideetan ohikoa den giroa gara ikusten hasiak. Kristoren kamioiak, auto-karabana itzelak eta auto askok txalupa atoian. Eta turistak nonahi, batutako beste estatuetakoak alde handiz, erreketako (creek) izokinak helburu. Udan bueltatzen dira izokinak errutera, eta hantxe dituzte arrantzaleak zain, bazter guztietan. Bai, izokin-arrantza kirola baino askoz gehiago dute han, sukar antzekoa, behinolako urrearen haren pareko. Eta lanak nonahi errepidean, uda baino ez baitute lanerako sasoi. Alaskan gara!

Anchoragen berriz, atarikoa beteta. Erdigunea ikusteko beta. 1964ko lurrikara bortitzaren arrastoak agerian. Kale-kartelek gogoratzen dute ospakizunetan dela 2015ean, Ship creek inguruan txabola finkoak altxatzen hasi zirenetik mende osoa igarota. Berez, ingurua pausaleku hartu zuten iparrerantz zihoazen aitzindariek, izan tranpa-jartzaileak, izan urre-bilatzaileak, izan langileak. Izan ere, 1900 bueltan iparragoan aurkitutako urre-hobiek trenbidea eraikitzea behartu zuten, minerala hegoaldeko badietara eramateko, non urte osoan izoztu gabeko urak izanda portua eraiki zuten (Seward). Halaxe sortu zen Fairbanks-Anchorage-Seward trenbidea, Alaska egituratu zuen lehen ardatza. Karteletan jakin dugu Alaska Errusiaren menpe egon zela 1867an AEBek erosi zioten arte. Ez da harritzekoa gero, errusierazko toponimia ugari topatzea. Handik oso gutxira aurkituko ziren lehenengo urre-hobiak. 1912an Alaska AEBetan sartu zen Estatu (49.a), legislazio propioaz, eta urte betera emakumeei boto-eskubidea onartu zitzaien.

Iparrera egin dugu, izei-basoetan barrena, creek-ak lagun. Errepideak trenbidearekin egiten du topo ordeketan. Natur parkeez josita dago Alaska. Bidexkak nonahi, ibiltarien mesederako. Gaur Eagle River-etik ibili gara, eta lehenengo ugaztun handiak ikusi: hartz beltzak, altzeak (moose)... Bidexkak markatuta daude (keep in the trail) eta han-hemenka gogoratzen dute hartz-herrian zarela, kontuz ibiltzeko. Izan ere, kolpea gero! leku bakarra izan daiteke Alaska non zintzarria ibiltariek daramatzaten. Itxuraz, hartzekin gerta dakizukeen txarrena aurrez aurre topatzea da, eta hori saihesteko ibiltariei eskatzen zaie kaskabiloa eramatea, zaratak urruntzen omen baitu hartza. Edozelan ere, ikusi edo ez, bideko gorotz gorrixkak hartzen seinale.

Talkeetnan gara, orain luze gabe lokarri bakarra trenbidea zuena. Susitna ibai bazterretik Denali mendiari so, hari esker bizi den herrixka. Bai, Denali! Eztabaida sumatu genuen, Ipar Amerikan altuena den mendiari (6.193 m.) zer izen ezagutu, urre-bilatzaileek eman McKinley (Alaska sekula zapaldu ez zuen senataria) ala athabascan natiboek betidanik eman Denali (altuena). Euskal Herrian garela jakin dugu Denali izango dela aurrerantzean. Talkeetnak hippy giroa du, apenas kale bi, turistei begira biak, eta lorez beteak, udaren motza gozatuz. Biztanleak, Alaskan ohi legez, aldendu egiten dira kaletik errepide ondoko basoan ezkutatzera, beti ere tartean zuhaitz lerroa utzita; errepide bazterreko postontziak horren seinale. Nonbait, Alaskara bizitzera joan dena zerbaiten ihesean joan omen da.

Trantsizioan

Denali National parkean gara, euri lardatsean. 1917an sortua, mendia ardatz. Trantsizioan gara, iparrera tundra hasten baita nagusitzen, basoari lekukoa hartuta. Parkean paisaia eta basa-bizitza baino ez. Beno, joan-etorriko bide bat ere, parkeko autobusek milaka bisitari mugitzekoa. Gidariak historia eta istorioak kontatzeko irrikan. Jendea leihoari itsatsita, paparazzi, kamera prest, hartz grisak nondik agertuko, edo altzeak, edo zernahi... Balaztada! Ixil! Hiruretara! (erloju-orratza baliatzen du gidariak piztia kokatzeko) Animalia non, kamerak hara klikari! Ni ere! Batzuk lotsatu ere ez dira egiten objektiboaren luzera erakustean. Baina hartzari bost axola, blueberry-tan segitzen du bazkan, negurako gantza metatuz. Orain hartz nagiari begiratzen diot, eta orain ibaiaren ubide txirikordatuei, ibaiek ematen baitiote freskura basoari! Eta, zuhaitzetan ez bezala, dabilen uretan goroldiorik ez!

Natur Parke asko dira Alaskan, kontserbazioa helburu, eta talka egiten du horrek dendarik ez den herrietako supermerkatuekin. Go Organic dago jarrita primeran ordenatutako barazki-fruituen gunean. Baina orgetan absurdoraino pilatzen diren plastiko-poltsak dira kontraesanen isla. Ordainlekuan Rethink, Reuse, Reduce jarrita egon arren, Go plastic! VISA txanpon bakarra! Natiboek euren bizimodua dutela pentsatu behar, baina ezin jakin zein den, inupiaq, athabascan, tlingit, aleut... taldekoak Yukon ibaitik iparrera bizi baitira, Bering eta Arktiko itsas bazterretan, petrolio-zelaien eskualdean, eta horraino ailegatzea ez dago kanpotarrentzat oso eskura. Inon izatekotan, ipar horretan izan daiteke gaurko azken muga. Galdetu egin dut natiboak non diren eta zera erantzuna: They are busy living their lives.

Yukon ibai mitikoaren arroan gara jada. Fairbanks, iparreko natiboek «hiria» hartzen dutena. Bertan da University of Alaska, kontu arktikoen ikerketan berezitua. Hemen ikusi ditugu bidaiako nekazaritza-sail bakarrak, laboreenak. Ia elikagai guztiak dira kanpotik ekarriak, batutako beste estatuetatik. Apur bat gorago bidaiaren goia jo dugu latitudez (65), Chena Hot Springeko ur beroetan atsedena hartzeko. Hegorantz goaz. Bidean bidaide Alyeska pipeline, Arktikoko itsasotik Valdezeko porturako 800 milako oliobidea. Permafrostek oliobidearen euskarri diren egiturak ez kaltetzeko irudimena agintari eta hara! sigi-sagako trazaketa du bideak. Petrolio-prezioko beherakadak dezente gutxitu ditu Alaskak hortik lortutako mozkinak; prentsan du horrek isla, eta murrizketa hitza hasi da agertzen. Kolpea! Lehen urreak hegorantz egin bidea urre beltzak egiten du orain, gaurko bilatzaileak mugak gainditzeko bedeinkazio guztien jabe direla. Hegorantz hainbat bizigune ezagutu ditugu Tanana ibai bazterrean, behinola natiboen neguko bizileku izan, eta gerora bilatzaileek eta enparauek bere egindakoak.

Kobrea ere bazen

Gaur bidetik ateratzea merezi du, Kennecott meategi hondarrak helburu. Alaskan dena ez zen urrea, kobrea ere bazen, hau lekuko. XX. mendearen hasieratik 40 urtez mantendu zuten erauzpena, Txilen inbertitzea hobetsi arte. Gerokoak utzi zituen eraikinak aurri bidean. Harako pistaren eskasagatik abionetaz egin dugu. Ondo-ondoan diren glaziarrez eta Cupper ibaiaren ur-txirikordez gozatzeko aukera paregabea. Ez zuten denbora asko emango ibaiari izen berria eman ziotenek! Hasiak dira eraikin eraitsiak biziberritzen, bidaiariek eta turistek helmuga hartu duten historia-lekua horretara egokitzeko.

Valdezen gara. Lurrikara baten arrastoak hemen ere. Ferrya hartu eta Cordobara bidean. Itsasoari begira bizi den herri txikia, lurretik lotura ez izatea deliberatu zuena; Alaskan alkate berdea duen lehenengo herria omen da, nonbait Exxon Valdez petrolio-ontziaren isuri larria gogoan. Kolpea ere bada, duten way of life hori buruan Alaska Marine Highway ferry-enpresak publiko izaten jarraitzea; bertokoek zerbitzu hori zenbateraino estimatzen duten seinale. Cordoban egin dugu topo, deltan orain, Cupper ibaiarekin. Honaino zekarten, trenbidez ere, Kennekott-eko kobrea. Trenbidea aspaldian hondatu zen, zubi ikusgarriren batzuk baino ez direla geratzen, ondare.

Kenai penintsulan gara, 60° latitudez. Cook kapitainak Ipar-Mendebaleko pasabide bila zegoela ibilitako urotan petrolio-putzuak agerian. Homerren gara, Kachemay badian. Baso eta glaziarren artean hiking egiteko leku aproposa hau ere; eta badian baleak. Katmai penintsulara joateko izan gara, ur-hegazkinez, hartz grisek, negurako bidean, izokinetan ibiltzeko duten ibai handien erreinura. Usteak ustel! grizzly-ak bertatik bertara ikusi ordez hegaldia bertan behera geratu, eguraldi lardatsak ez baitu uzten han ura hartzea. Lastima, gau osoa kargatzen eman duten kamerako bateriak ere kexu. Ezusteak bidaiarien bidaide ere. Tira, B plana! Farmers's Market! Homer inguruan baserritar izaten setatzen direnen emaitzen erakustokia, Alaskan nekazaritzaren aldeko apustuaren adierazle.

Sewardera egin dugu bidea, ur irekietako portu-hiri txikira. Kruzeroak seinale. Hemendik abiatzen da Fairbankserainoko trena. Glaziar-atzerakadaren erakusle den Exit-en gora egin eta Harding izotz-lautada dugu begi-bistan. Gaurko eguraldiaren ederrean ez dira bateriak kexatuko! Egun bat dugu oraindik eta Resurrection Bay-ko fiordoetatik itsasaldia emateko baliatu dugu: baleak, igarabak, otariak..., itsasorainoko glaziarrak eta basoak bidaide.

Anchoragerantz, begizta ixteko. Hiru astez bidaide izandako horiek haraino lagun gaituzte. Ordu txikerretan aireportura. Pentsakor: merezi izan du! Etortzean paisaiak, basa-bizitza eta natiboak neuzkan ikusi-min. Joatean lehenengo biez ase eta besteaz gose. Azken batez, ikusi dudan kaleko Alaskak garbi uzten du Estatu Batuetako bat dela. Gaur azkeneko muga non edo non izatekotan iparrerago izango. Edo, beharbada, edozein lekutan bidetik kanpo, off road.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.