Santiago zubiak bi herri bereizten ditu, eta 132 metro dauzka guztira; oinez, pare bat minutu edo. Haize ufada aldaketarik edo usain desberdintasunik ez da antzematen alde batetik bertzera igarotakoan, muga guztiz ikusezina delako mapa batean begiratzen ez bada. Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) dira zubiak bereizitako bi herriak, eta, muga, eskala errealera ekarrita, nahikoa ikusgarri izaten da maiz. Faktore bakarrak eragiten du: zeinek gurutzatzen duen.
Goldatu elkarteak mahai inguru bat antolatu zuen atzo Donostian: Bidasoaren alde bietako mugen eta mugaldeen aurka. Bizipenetatik abiatuta, hiru hizlari aritu ziren solasean: IHS Irungo Harrera Sareko Malen Garmendia eta Itziar Gomez, eta Amets Arzallus bertsolari eta idazlea.
Urte batzuk atzera eginez hasi dute hitzaldia, izan ere, 2018an irundarrak ohi baino jende gehiago ikusten hasi ziren tren geltokian; inork ez zuen trenik hartzen, ordea. «Mutil afrikarrak ziren», azaldu du Gomezek. «Hiritarron artean kezka sortu zen, egunak igaro arren erakundeek ez zutelako ezer egiten». Kezkak hala eraginda, gosari solidarioa prestatu zuten, eta hantxe sortu zen —sortzen ari zela jakin gabe— IHS.
«Europako legediak dio iristen den migranteak asiloa eska dezakeela soilik Europara iritsi eta hanka lehenengo jarri duen herrialdean; beraz, Hendaiara iritsitakoan itzulera ilegalak hasten dira»
AMETS ARZALLUSBertsolaria eta idazlea
«Nik muga euskaldun baten begiradatik begiratzen nuen, eta gerora ikasi dut muga arriskutsua dela beste begirada batetik begiratuz gero», kontatu du Arzallusek. «Irungo geltokian jendea pilatzen hasi zen garai berean hasi nintzen leku gehiagotan eszena horiek ikusten, eta zerbait egin beharrak bultzatu ninduen Irungo Harrera Sarera».
Lau-bortz taldetan antolatzen da IHS, halaxe kontatu dute hirurek. Goizean talde batek «goizeko tourra» egiten du; tren geltokitik abiatu eta bi muga ertzak begiratzen dituzte, norbait beharrean ote den ikusteko. «Beste talde batek informazioa ematen du, muga pasatu nahi eta behar duenak jakin dezan nola pasatuko genukeen guk», azaldu du Arzallusek. Muga anitz pasatuta iristen dira migratzaileak Irunera, «askotan halabeharrez, norbaiten eskutik eta ordainduta». Badira erietxera eramateaz eta kontu legalekin laguntzeaz arduratzen diren boluntario taldeak ere, gehienak horretarako eskubiderik dutenik pentsatu ere egin gabe iristen baitira.
Janzkeraren erranahia
Arroparen beharra nabarmendu du jarraian Gomezek; garaiko eguraldiari erantzuteko «arropa egokirik gabe» iristen dira-eta normalean. Arroparena, baina, ez da urtarora egokitzea bakarrik: «Migratzaileak Europara iristen direnean, Gurutze Gorriak edo Guardia Zibilak kudeatzen dituen zentroetan uzten dituzte, eta han jantzi bat ematen zaie; uniforme bat», dio Arzallusek. Bertzerik ez badute eta uniformearekin badatoz, jantziak «salatu» egiten ditu.
Hendaiara joatea «kosta» egiten zaie gehienetan, hala adierazi du Garmendiak: «Itzulera ilegalak egiten dituzte, eta bueltan bidaltzen dituzte Irunera». Muga, alabaina, ez da Bidasoa ibaia bakarrik; espazioa zabalagoa da, eta Hendaia pasatu ondotik ere itzultzen dira batzuk gibelera. Migratzaile gehienen helburua Frantziara ailegatzea da; eta, hortaz, behin Hendaian direla, hara bidean, Baionara luzatzen dute hurrengo pausoa. Orduan hasten da jazarpenik handiena: «Europako legediak dio iristen den migranteak asiloa eska dezakeela soilik Europara iritsi eta hanka lehenengo jarri duen herrialdean; beraz, Hendaiara iritsitakoan itzulera ilegalak hasten dira», azaldu du Arzallusek.
Lehenengo kontaktua, tren geltokikoa kasurako, beti ez da erraza izaten; leku «arrotz» batera iritsi diren guztiek ez dutelako talde bat hurbilduko zaienik espero. Bertze batzuetan, aldiz, laguntza esperoan izanen dutela jakinda jaisten dira autobusetik. «Haien artean hitz egiten dute, noski, eta dagoeneko badakite Irunen taldetxo bat hurbilduko zaiela laguntza eskaintzera», kontatu du Gomezek. Mugaldeko bidea arindu egiten duten arren, arazoa «oso presente» dagoela uste du Arzallusek. «Hori ikusteko, baina, begiak ireki behar».