Mozorroak agerian uzten duena

Haurrak hipersexualizatzen dituzten mozorro batzuek hautsak harrotu dituzte sare sozialetan. Muturreko kasuetara joan gabe ere, azken hamabost urteetan helduen modelo berak eskaintzen zaizkie haurrei. Beraz, binarismoan oinarritutako rolak oso ongi zehazten dituen eredua geroz eta gazteagoei ematen zaie.

Iker Tubia.
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Aurpegia estali, beste rol bat hartu eta arauak iraultzeko garaia izaten dira inauteriak. Eguneroko arropak armairuan utzi, eta mozorroak janzteko egunak. Etxeko trapu zaharrekin egindako mozorroak utzi, eta dendan erositakoak erabili ohi ditu jendeak azken urteetan. Diruz erositako horietan, bada mozorroak, ezkutatu baino gehiago, agerian uzten duen zerbait. Geroz eta ageriago, gainera: sexismoa. Hala, urte osoan mozorroturik ageri diren hainbat jarrera eta eredu ageri-agerian geratzen dira mozorro katalogoetan.

Egin liteke proba Euskal Herriko edozein dendatan. Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, baina genero bereizketa agerikoa da toki guzietan. Bikingo mozorroa goitik beherakoa da gizonentzat, eta gona motzarekin eta eskotearekin emakumeentzat. Gauza bera piratarekin, militarrarekin, presoarekin, arbitroarekin... baita inuitarekin ere. Errealitatetik gutxi dute mozorroek. Hotzez akabatuko litzateke minigonadun inuita, suaren aurka borrokatzea zaila izanen da gorputza goitik behera babesturik izan gabe, eta Swat emakumeari nekez balioko dio hain oihal gutxi duen txalekoak.

Ur horietan, bada sareak sutan jarri dituen afera bat: neskatilei bideratutako mozorro sexistak. Erizain sexya dio mozorroaren azalak. Letra txikiagoan adin tartea: 4-6 urte. Sare sozialetara igo du guraso batek. Suhiltzailearena igo du beste batek: azalean, neskatila ageri da, zapata takoidunekin su itzalgailu bat zapaltzen, eta jarrera sexual batean. Antzeko kasuak agertu dira han eta hemen. Haurren hipersexualizazioa salatu dute guraso anitzek.

«Hau larria da benetan, adingabeak direlako, eta haurren kontrako sexu gehiegikeriak izaten diren gizarte batean oso arriskutsua delako neskatoak objektu gisa agertzea». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria kezkaturik mintzatu da gaiaren inguruan. «Eragin latza du neskengan, sexualki erakargarri izateko derrigorrezko mandatu hori oso gazte direnean hasten delako, eta horrek eragina du; besteak beste, haien osasunean».

Saioa Iraola publizitate sexistan aditua da, eta Bilgune Feministako kidea. Latza hitzarekin deskribatu du egoera: «Esaten dugunean haurtzaroan sozializazio prozesuak egiten gaituela, eta gure desioa eraikia dela, honetaz ari gara. Hainbat adierazpen daude haurren hipersexualizazioa gertatzen ari dela ziurtatzen dutenak». Hainbat feministak ohartarazi dute neskatoak geroz eta neskatoago eta mutikoak geroz eta mutikoago nahi dituela sistemak. «Hainbat sektore erradikalek, feministok bezala, planteatzen ditugun aldaketen aurrean, sistemak estereotipoak eta rolak indartzen ditu. Haurrengan hori oso argi ikusten ari da», dio Iraolak.

Landaidak ere uste du binarismoa geroz eta nabarmenagoa dela, eta hori haurren kalterako dela. «Neska-mutilen askatasuna guztiz murrizten ari gara horrela, gainera, eskoletan lantzen ari garenaren kontra». Neskatilei mezu argia ematen zaie: inauterietan ere ederrak izan zaitezte.«Ederrak, mutilen desira heterosexualarentzat», zehaztu du Iraolak. Era berean, mutikoei ere esaten zaie nolakoak izan behar duten. Rolak oso ongi zehazturik daude. Mugak zehaztu ez ezik, sistemak ahalik eta gehien bereizten ditu bi generoak, txikitatik.

Haurren mozorroak ez dira horrelakoak izan beti. Ainhoa Barriok uste du duela hamabost urte inguru gertatu zela aldaketa. Gasteizko La Casa de las Fiestas mozorro dendako kudeatzailea da bera: «Lehen, haurren mozorroak haurrenak ziren, baina, egun, mozorro formatu bera egiten dute haurrentzat eta helduentzat». 5 urtera arte animaliaz, printzesaz, pailazoz eta abarrez janzten zituzten lehen. Egun, 6 urterekin zonbi jantzia eskatzen dute batzuek. Barriok uste du garapen baten ondorio dela mozorroena: «Geroz eta goizago egiten ditugu nagusi haurrak, ez bakarrik honekin. Jantziak normala baino sexyago izate hori ere horri loturik dago».

Euskal Herriko edozein katalogotan aurki daitezke helduentzako mozorroen antzeko haurren mozorroak. Denda bakoitzak aukeratzen du zer mozorro salduko duen. Barriok uste du mozorroak erostera askotan bakarrik joaten direla adingabeak, eta ezarritako rolei jarraitzen dietela. «Oso gazteak badira, heldu batekin etortzeko esaten diegu, baina gertatu zaigu 16-17 urteko neskek jantzi motz-motzak erostea, eta gero gurasoak kontu eske etortzea». Mozorro saltzaileak gurasoei egotzi die erantzukizuna.

Sonia Barcos Iruñeko Golosina mozorro dendako jabeari ez zaizkio batere gustatu sare sozialetako irudiak. Hark haurren mozorroetan ez du hipersexualizaziorik onartzen. Bere dendan ez. Hala ere, argi du ez dela soilik emakumeen aurkako afera: «Matxismoaz ari garenean, normalean beti hitz egiten da emakumeen mozorroez, baina mutilenek ere estereotipo guziak betetzen dituzte».

Bada zer eginik

Horren aurka zer? Landaidaren aburuz, horrelakoak saihesteko onena genero ikuspegiko prestakuntza da, bai publizitatea eskatzen duten enpresetan, bai publizitate agentzietan. Baina kontsumitzaileak ere badu zeregin garrantzitsu bat: horrelako produkturik ez erostea. Gainera, haurrek ez dute erosteko ahalmenik. Horrelako aferek sare sozialetara salto egitea ere begi onez ikusi du Emakundeko zuzendariak. «Gai honen inguruan hausnarketa sakonik egin ez duena hausnartzera bultza lezake».

Baina afera ez da soilik haurren mozorroetan geratzen. Horrek sortu du kalapita, baina matxismoa agerikoagoa da helduen katalogoa begiratzean. Iraolak inauteriei buruzko hausnarketa egin du horren harira. Transgresiorako espazio dira, nork bere buruaz irri egiteko edo nor bere buruaren kontrakoa izateko. Baina esentzia hori aldatu egin da: «Imitazioaren inauterietan sartu gara. Pertsona ospetsuak edo rol batzuk imitatzen ditugu, eta, askotan, rol horiek sexualizatzen ditugu». Mozorroa kontsumo produktu bihurtzean, errealitatea desitxuratu, eta emakumeei bideratutako hainbat arropa guztiz sexualizatzen dira. Botere harremanak ere ikus daitezke: mediku mozorroa gizonentzat, erizain sexya emakumeentzat. Barcosek katalogoan baditu neurri arruntagoak dituzten modeloak, baina esan du arazoak izaten dituela mozorro horiek saltzeko. «Jendeari begitik sartzen zaiona oso garrantzitsua da». Hala ere, aitortu du 1,80 metro luzeko modeloari motz geratzen zaion gona ia belauneraino geratu ohi zaiola erosleari.

Iraolak azaldu duenez, egun bada uste ustela berdintasunaren inguruan, berdintasuna erdietsi balitz bezala. «Interesgarria da kontziente izatea publizitate eredu hegemonikoak interes ekonomiko batzuei erantzuten diela, eta interes horiek indartzera datoz jendarte patriarkal honetan zabaltzen diren rol, estereotipo eta edertasun kanonak». Iraolak uste du patriarkatua berriz definitze garaian dagoela, eta estrategietako bat haurrei bideratua da: «Geroz eta txikiagotatik, irudiari lotutako kezkak txertatzen zaizkie, eta hor kontsumoa eta moda sartzen da, emakumeak geroz eta emakumeago izateko, eta gizonak, geroz eta gizonago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.