Iritsi dira aurten ere jaiak Izurtzara (Bizkaia). Bi asteburuz, herritarrek hainbat eta hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute. Gaur arratsaldean bertan botako dute txupina udaletxeko balkoitik, eta, ondoren, guztiak trikipoteoan murgilduko dira, festak ezin alaiago hasteko.
Izurtzako Kultura zinegotzi da Maialen Sarasua, eta, hark dioenez, «normalean» ez dute pregoilari edo txupinerorik izaten herriko festetan. «Zenbait herritar balkoira igotzen dira, udaltzain batek bota ohi duen suziria ospatzera».
Herriko kaleak trikiti doinuekin girotu eta gero, jaietarako prestatutako egitarauak hartuko du lekukoa. Bihar, esaterako, herri olinpiadak egingo dituzte eta, Gosekale eta Aberaskale izeneko taldeak nor gehiago arituko dira. Igandea ere egun garrantzitsua da izurtzarrentzat. Santa Agedaren omenez, meza ospatuko dute baselizan, eta herri bazkarirako bilduko dira geroago.
Hurrengo astera arte itxaron behar festarekin jarraitzeko, «baina merezi izango du itxoitea», dio Sarasuak. Izan ere, irailaren zortzia Andra Mari eguna da, egun garrantzitsua Izurtzan. Zinegotziak adierazi du aurten larunbata tokatu denez beste ekintza batzuekin nahastu dituztela berez Andra Mari egunerakoprestatzen dituzten ekitaldiak. Tortilla txapelketa eta mozorro eguna, esaterako. Oraingo honetan, mozorro lehiaketarako gaia kirola izango, jai batzordeak hala adostuta. «Egun polita aterako da», dio Sarasuak.
Egitaraua prestatzen
Abuztua bukatzear da, baina, duela hilabete dezente ekin zioten Izurtzako jaietako egitaraua prestatzeari. Apiril aldera Jai Komisioa osatzen duten herriko elkarteak bildu ziren, eta, lan onaren ondorio, festarako egitaraua gertu da. Sarasuak azaldu duenez, Jai Komisioak antolatzen dituen ekintzez gain, Izurtzako Udala ere jaien prestakuntzan aritzen da, «ekitaldi bat edo beste lotzen». Ondoren, ekitaldi eta ekintza guztiak elkartzen dituzte,eta egitarau oparoa antolatu. Hala ere, Sarasuak onartu du badaudela zenbait gauza herrian ohitura direnak, eta, beraz, horiek gorde egiten dira urte batetik bestera.
Behin egitaraua ondo antolatuta dagoela, herritarrei erakutsi behar zaie, kalera atera. Hortaz, maiatz aldera kartel lehiaketa antolatu zuen Kultura Batzordeak, urtero egiten den legez. Hala, bi kartel aritu ziren lehian, herriko jaiak nork iragarriko. Batzordeak, azkenik, Iker Laka Barandikaren (Eibar, 1993) lana aukeratu zuen. Lakak landutako kartelean, herriko jaiak ospatzen ari diren herritarrak ageri dira, marrazki batzuen bidez irudikatuta: batzuk dantzan dabiltza, besteak hizketan edalontzia esku artean dutela... Jai herrikoiak irudikatzearren lortu du saria marrazkilari gazteak, «hori baita jaien oinarria».
Hurrengo igandean, amaituko dituzte jaiak. Ez, ordea, aurrez bertsolariak eta pailazoak herrira gonbidatu gabe.
Mozorro eta guzti Izurtzako jaietan
Gaur botako dute Izurtzako jaiak hasteko txupina, eta, datorren asteburura arte, festa izango da nagusiHerri olinpiadak ospatuko dituzte bihar; Gosekale eta Aberaskale arituko dira lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu