Atzekoz aurrera

Mozart eta Brahms goiz gris baterako

Euskadiko Orkestraren Miramongo Matineek 33 urte bete dituzte; larunbat goizetan egiten dira kontzertuak. Eguzkilore hari boskotearena izan da urteko lehen emanaldia. Mozarten eta Brahmsen obrak interpretatu dituzte.

Euskadiko Orkestraren egoitzaren ataria, atzo, kontzertuaren aurretik. JON URBE / FOKU
Euskadiko Orkestraren egoitzako ataria, atzo, kontzertuaren aurretik. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Emanaldia 11:00etan hasi da, puntu-puntuan. Euskadiko Orkestraren urte berriko lehen matinée-a da. Miramongo egoitzako atarian elkartuz doa jendea, eta, eskuko programa hartu ostean, poliki-poliki sartu dira aretora, laurehun eserlekuak bete arte. Rafael Ruiz Balerdiren artelan ederrak apaintzen du orkestraren entsegu gela xarmanta, baita mila hodi baino gehiago dituen organoak ere. Hasi da hari boskotea: bi biolinak, bi biolak eta biolontxeloa. Mozart eta Brahms goiz gris baterako.

Oriol Roch zuzendari nagusiak azaldu du zer diren orkestrarentzat Miramongo Matineeak: «Musika sinfonikoa da gure orkestraren ardatza, musikaren sublimazioa baita, baina ganbera kontzertu hauek oso bereziak dira guretzat, ñabarduraz beteak baitaude, eta estrategikoak direla ere esango nuke. Ikus-entzuleak gure egoitzara etortzen dira, nolabait gure soinu propioa sortzen dugun tailerrera, eta gure musikariak hazi egiten dira hemen, elkarlanean aritzen baitira, eta kontzertu sinfonikoetan ez bezala, hemen erabateko askatasuna daukate».

«Musika sinfonikoa da gure orkestraren ardatza, musikaren sublimazioa baita, baina ganbera kontzertu hauek oso bereziak dira guretzat, ñabarduraz beteak baitaude, eta estrategikoak direla ere esango nuke»

ORIOL ROCHEuskadiko Orkestrako zuzendari nagusia

Roch pozarren joaten da formatu txikiko kontzertuak entzutera: «Ohore bat da hemen egotea. Gure musikariak bikainak dira, apartak, eta matinée-n arima dira». Bere hitzetan «adoretsua» izan zen ganbera musikako ziklo bat sortzea. Jesus Agirre izan zen sorrera hartan egon zirenetako bat, eta egun, erretiratuta badago ere, ez du emanaldirik huts egiten. «1989ko urriaren 21ean zabaldu genuen egoitza, eta, handik gutxira, pentsatu genuen polita litzatekeela matinée-ak egitea. Aukera polita da musikarientzat, eta publikoa oso fidela da. Gurean badago kultura musikala». Agirre zuzendari teknikoa izan zen, eta zalantzarik ez du ideiarekin bete-betean asmatu zutela.

Hamasei emanaldi

Miramongo Matineek, bada, 33 urte bete dituzte, eta urtero-urtero, etenik gabe, hamasei emanaldi egiten dituzte urritik ekainera, beti larunbat goizetan, non-eta orkestraren bihotzean, auditoriumean. Tartean-tartean kanpoko musikariak aritzen dira, baita abesbatzak ere, baina gehienetan etxeko musikariak igotzen dira oholtzara, bereziki hari talde txikiak. Euskadiko Orkestrak 91 musikari ditu orain, eta talde propioak sortzen dituzte, interpretazio libreagoak eta pertsonalagoak egiteko. 

MIRAMONGO MATINEAK
Eguzkilore hari boskotea, atzo, emanaldia hasi aurretik. JON URBE / FOKU

Eguzkilore boskoteak txalo zaparrada jaso du. Mikel Ibañez eta Amaia Asurmendi biolinistek argi dute formatu txikiko kontzertu hauetan aukera dutela euren izaera edo nortasuna islatzeko. Ibañezentzat ederra da hori. «Kontzertu handietan, orkestrako zuzendariaren ideia musikaletara moldatu behar dugu, baina, hemen, berriz, adierazteko aukera dauka norberak». Asurmendi pasioz mintzatu da interpretatu dituzten bi pieza ikonikoei buruz: «Mozart klasizismoaren garaikoa da. Haren obra sinplea eta gardena da. Brahms, berriz, erromantizismoaren garaikoa da. Musika tresnen elkarrizketa konplexuagoa da hemen, deszifratzen zailagoa: musika tresna guztiek dute zerbait esateko».

Lurdes Urbieta liluratuta atera da kontzertutik. Gaurkoa hirugarren emanaldia dauka. «Aspaldi etorri nintzen, iaz berriz, eta gaur oparia egin zidatelako etorri naiz». Amaren Bihotza abesbatzan kantatzen du, eta, dioenez, oso musikazalea da: «Oso plan polita da larunbat goiz baterako. Soinu aldetik, lekua aparta da». Aitortu duenez, ez du azken aldia izango. Hilaren 25ean izango da hurrengo emanaldia, Romantic Group taldearekin. Egun horretan familia txiki bat elkartuko da berriz ere Miramonen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.