ATZEKOZ AURRERA

Motxilak betetzeko ordua

Lan handiko egunak dira liburu dendentzat, eskolarako itzulera dela eta. Jendea hasi da erosketak egiten, eta askok igarri dute inflazioak eragindako prezio igoera.

Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar denda eskolako materialez beteta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Neskato bat agertzen da kartelaren lehenengo planoan, txakur iletsu bat laztantzen; motxila bat dauka alboan, irekita, eta harlauza horixkaz beteriko bide baten hasieran dago. Bide hori karpetaz, guraizez, pintzelez eta kolore guztietako margoz inguratuta dago, eta gaztelu bat du helmugan: Elkar dauka idatzita gazteluak, hizki morez eta laranjaz. Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar liburu dendan dago kartela, eta goiburuan darama mezua: «Ikasturte berrirako prest!».

Kartelak bezala, dendak hartua du ikasturte hasierako itxura. Bezeroek koadernoak, agendak, karpetak eta koloretako azpimarragailuak parez pare ikusteko moduan daude jarrita, atetik sartu orduko. Kolorez betetako pila bat osatzen dute, dendaren erdigunean: haurren motxiletara jauzi egiteko prest daude.

Lasai doa ostiral goiza, dendan ez da jende pilaketarik egon; nabaritzen da oraindik egun batzuk falta direla Hego Euskal Herriko ikasleak eskoletara itzultzeko; Ipar Euskal Herrian astelehenean hasi zuten ikasturtea. Dena den, langileak etengabe ari dira hara eta hona: koadernoen pilak bete, apalak txukundu, bezeroei liburuekin lagundu... Luzea da egin beharreko zereginen zerrenda.

Bezeroak ere ari dira pixkanaka hurbiltzen; iritsi zaie udako oporrak atzean utzi eta ikasturte berriari begira jartzeko garaia. Juncal Navajas, esaterako, Alba eta Hugo Barrena seme-alabekin joan da dendara: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan daude gazteak, lehenengo eta laugarren mailan, eta, ikasturteari heltzeko gogoz ote dauden galdetuta, ezezko borobila eman dute, aspertu aurpegia jarrita.

Amaren arabera, «liburu gutxi baina astunak» erosi dituzte, eta igarri dituzte prezioen igoeraren ondorioak. Izan ere, EKA Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, aurten %20 garestitu da eskolako materialaren prezioa inflazioa dela eta; haur bakoitzeko 80 euro gehiago ordainduko ditu familia bakoitzak.

Erika Egaña semearekin joan da dendara, aurrez eskatutako liburuen bila. Errotuladoreekin jolasean ari da semea, liburuak ekartzeko zain dauden bitartean. «Ikasturtea hasi baino lehen etorri ohi gara, hilabete bat eta erdi aurretik edo; gaur ikasturte berrirako behar genituen liburuak jasotzera etorri gara», azaldu du Egañak. Gutxi gorabehera, eskola materialean 170 euro gastatuko dituztela aurreikusten du.

Haurrentzako literatura liburuen artean arakatzen ari dira Aitziber Lekuonaren bi semeak. Berehala aukeratu dute liburu bana, eta «gaur argi zeukaten!» esanez agurtu du bertako langilea. «Gaur ez gara eskolako materiala erostera etorri, baina dagoeneko erosiak ditugu txirula, konpasak, arkatzak, errotuladoreak...», adierazi du Lekuonak. Dena ez dute erosiko, ordea: «Zorroa eta motxila ez ditugu erosi aurten; iazkoak erabiliko ditugu».

Gehienbat, eskaerak

Azken egunetan gehienbat jendeak egindako eskariak banatzen ari direla esan dute langileek. Beheko solairuan, berriz, apalak txukuntzen ari da Karlos Mintegi, dendako langilea. Han ere, testuliburuak bistan jarrita daude, jendeak erraz aurki ditzan. «Etxeko» liburuak izaten dituzte modu horretan; Elkar eta Ikaselkar argitaletxeetakoak, hain zuzen ere.

Ikasturte hasiera denez errefortzua izaten dutela kontatu du Mintegik; langile gehiago hartzen dituzte, jende gehiago ibiltzen delako. Gainerakoan, antolaketan ez dute beste aldaketarik izaten. Urduritasuna sumatzen dela azaldu du, ordea: «Liburu hori oraintxe behar dut, eta ez da iritsi», eta horrelakoak entzuten dituzte sarri.

Telefonoa da ikasturtea ate joka den beste seinaleetako bat: ohi baino gehiago jotzen du iraileko lehen asteetan. «Astuna» ere izan daiteke, Mintegiren arabera, eta «ez da xamurra» deiak aurrez aurre dauden bezeroen arretarekin uztartzea: «Lehentasuna etortzen direnek eduki behar dute, baina, era berean, telefonoa jo eta jo aritzen da, eta hartu egin behar duzu», esan du.

Kuadrillan sartu dira dendara, denak elkarrekin, Garazi Mujika, Inge Gomez, Intza Goiburu, Garazi Otaegi eta Ainhoa Urkia. Go!azen-eko aldizkari bat ikuskatu du batek, eta langile bati liburu bat ba ote daukaten galdetu dio beste batek. Gaur ez dira materiala erostera etorri, eta, kontatu dutenez, ez daukate liburuak erosi beharrik, utzi egiten dizkiete eta. DBHko 4. maila egingo dute aurten, eta aho batez erantzun dute bostek, ia-ia batera, gogorik ba ote duten galdetzerakoan: «Nagia ematen digu hasteak».

Asteazkenean hasiko dute ikasturtea bost neskek, Hego Euskal Herriko gainerako ikasleek bezala; orduan joango dira falta duten materiala erostera, aurkezpen egunean zehaztasunen berri izan ondoren. Orduan ere, gaur bezala, ziurrenik elkarrekin etorriko direla esan dute, motxilak betetzera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.