Motxila bete oroitzapen

Mugaldeko udalekuak antolatu dituzte Oiartzungo, Bortzirietako, Sarako eta Urruñako 14-15 urteko gazteentzat; astelehenean hasi eta bihar bukatuko dira.

Mugaldeko udalekuetako gazteak, atzo, Beratik Sarara bidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mugaldeko udalekuetako gazteak, atzo, Beratik Sarara bidean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
Bera
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Bat, bi, hiru, lau... gazte bakoitzak bere zenbakia dauka. Bortz, sei, zazpi... oraingoz denak daude prest. Hamabi, hamahiru, hamalau... ez omen da aski aditzen; altuago oihukatzeko. 30... bakarra falta da, baina ez dago zalantzarako biderik, lehendik ikusia zuten 31.a. Goizeko hamarrak izateko beroegi dago kanpoaldea; garbiegi zerua. Krema eman dezatela eskatu die begiraleak. «Gorputz osoan, ez aurpegian bakarrik». Motxiletatik kremak atera dituzte batzuek; bertzeek, lagunari eskatu. Udalekuetako laugarren eguna dute Beran (Nafarroa); konfiantza aski dute elkarri krema eskatzeko. 

Berako kiroldegian esnatu berritan, bi motxila ditu bakoitzak ondoan: handi bat eta bertze bat txikiagoa, bizkarrean eramatekoa. Motxila handiek furgonetan egiten dute bidea, eta lo egiterako unean hartzen dituzte berriz. Bart Saran (Lapurdi) egin dute lo. Herrira iritsi aitzin, dena den, kobazuloetan izan ziren, eta bertan bazkaldu zuten. 

Astelehenean abiatu ziren Mugaldeko udalekuak Oiartzundik (Gipuzkoa), eta gaur iritsiko dira azken geltokira: Urruñara (Lapurdi). Tartean, Lesaka (Nafarroa), Bera eta Sara igaroak izanen dituzte; mugako herriek zehazten duten bide naturala eginez. Mugaldeko udalekuen lehendabiziko urtea da aurtengoa, eta mugako herrietan erroldatutako gazteak dira parte hartzeko aukera eduki dutenak; 2009an eta 2010ean jaiotakoak. Berrogei lagunentzako prestatu zuten lekua, eta, plaza batzuk hutsik geratu badira ere, lehendabiziko urtea izateko «pozik» daude antolatzaileak. 

Lehen ideia

«Legealdi hasieran bilera bat egin zuen Oiartzungo Udalak herriko elkarteekin», kontatu du Aitzol Perez San Romanek, Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kide eta Mugaldeko udalekuen antolatzaileak. «Euskara elkartearekin bildu zenean, udalekuen ideia proposatu zuten, eta, ideia ona iruditu zitzaigunez, Bortzirietako mankomunitateari, Sarako Herriko Etxeari eta Urruñako Herriko Etxeari egin genien gonbidapena». Hortik aurrerakoak elkarlanean zehaztu zituzten, eta, azkenerako, bortz eguneko udaleku ibiltariak osatu zituzten. 

Udalekuek helburu argia izan dute hasieratik: mugaldeko gazteen arteko harremana sendotzea. «Kezka bat zen hori, eta, horrenbestez, helburu bat», dio San Romanek. «Euskal Herriko mapan gertu gauden arren, egunerokoan eta harremanak eraikitzeko garaian oso urrun sentitzen dugu elkar». Euskal Herriko gazteen —mugaldekoen, batez ere— harremana indartzeko ezinbertzekotzat jo dituzte udalekuak.

«Euskal Herriko mapan gertu gauden arren, egunerokoan eta harremanak eraikitzeko garaian oso urrun sentitzen dugu elkar»

AITZOL PEREZ SAN ROMANMugaldeko udalekuen antolatzailea

Goizean goizik mendira atera dira egunero, baina, deskantsuari lekua uzte aldera, ezagutza jolasak eta ginkanak ere egin dituzte; herri desberdinetan aldiro. Hiru begirale dira: Oiartzungo bat, Igantziko (Nafarroa) bat eta Hendaiakoa (Lapurdi) bertzea. Ardurak banatu egin dituzte, eta mendian ere talde txikiagotan ibili dira. Norbere erritmoan eta lagunekin solasean iritsi ziren atzo arratsean Sarara; beso zabalik hartu zituen Lapurdik. Zain izanen dute Urruña.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.