Bidaia antolatu, maletak egin, motoa prestatu, gasolina bota eta errepidera atera. Hori izan da Irantzu Iribarrek (Donostia, 1999) eta Oxel Zubimendik (Getaria, Gipuzkoa, 1995) azken urteetan maiztasunez egin duten prozesua. Hainbat bidaia egin dituzte motoan, eta azkenekoa kontatzeko —Europan barrena egindakoa—, Donostian Intxaurrondoko Ibiltariaren 30. astean izan zen atzo Iribar, bertaratutakoei hainbat pasarte kontatzen. Joan den ostiraletik beste lau hitzaldi eman dituzte Intxaurrondoko kultur etxean, denak bidaiekin lotuak.
Zuen lehenengo bidaia izan zen iazkoa?
IRANTZU IRIBAR: Ez. Elkarrekin hasi ginenetik, aspaldi jada, hainbat bidaia egin ditugu motoan. Espainian barrena ibilitakoak ginen gehienbat, bai eta Portugalen ere.
Nolakoa izan zen uztailean hasitako bidaia hura?
OXEL ZUBIMENDI: Justu biok hilabete bateko oporrak genituen, eta erabaki genuen aurrekoekin alderatuta bidaia luzeago bat egitea. Nik aspalditik Errumaniako Trasfagarasan errepidea ezagutu eta bertan gidatu nahi nuen, eta hori izan zen bidaiaren helburua.
Baina ez zineten soilik Errumanian ibili.
IRIBAR: Hori da. Ikusita haraino gindoazela, bidean zer ikus genezakeen identifikatu genuen, azken finean Euskal Herritik Errumaniaraino hainbat herrialde daude-eta tartean. Azkenean, bidaian Frantzia, Suitza, Austria, Hungaria, Errumania, Serbia, Kroazia eta Italia zeharkatu genituen. Inprobisatzen joaten ginen askotan, betiere eguraldiak baldintzaturik.
Euritan, beraz, ez zenuten bidaiatu?
ZUBIMENDI: Bai, baina traje berezi batekin, ez bustitzeko.
IRIBAR: Eguraldi txarreko egunak hiri handiak bisitatzeko baliatu genituen. Eslovenian, adibidez, oso eguraldi txarra egin zigun, eta leku asko urpean gelditu ziren. Hor gure planak aldatu behar izan genituen.
Zer eraman zenuten zuekin?
ZUBIMENDI: Zorionez, badugu lekua motoan, bidaiatzeko oso aproposa baita. Alboan bi maleta genituen, bakoitzak berea, eta atzeko kutxan kanpin denda eta lo egitekoak. Kanpinetan egin dugu lo gehienbat; erosotasuna lehenetsi dugu.
Autoarekin alderatuta, zer ematen dizue motoak?
ZUBIMENDI: Motoan panoramika osoa duzu, alboan duzun dena ikusten da, eta autoan, aldiz, leihoek baldintzatzen zaituzte. Inguruan duzun guztia sentitzen da. Euria egiten duenean hezetasun hori nabaritzen duzu, adibidez, eta lur bustiak igortzen duen usaina ere bai, noski.
IRIBAR: Motoarekin bidaia osoa disfrutatzen duzu, jatorritik helmugarainoko bide guztia. Ez da hegazkinarekin bezala gertatzen; kasu horretan, bidaia helmugan hasten da.
Jendeak ongi gidatzen du Europan zehar?
ZUBIMENDI: Toki batetik bestera ez da oso desberdina gidatzeko modua, baina Italian nabaritzen da okerrago gidatzen dutela. Beste leku batzuetan, adibidez, gaizki gidatu ez, errepideak daude egoera txarrean. Errumanian autopistarik ez dago ia, eta hemengo bigarren mailako errepideak bezalakoak dira gehienak. Gainera, trafiko askoko momentuak harrapatu genituen, eta nahiko kaotikoa izan zen dena. Zaila da aurreratzea, auto asko daudelako, eta zaldiek tiratutako gurdiak ere bai tartean.
IRIBAR: Azkenean horrek bidaia moteltzen dizu. 100 kilometro egin nahi badituzu eta errepideak ez badaude oso ongi, denbora gehiago beharko duzu.
Fisikoki nekea eragiten du horrelako bidaia batek?
ZUBIMENDI: Bai, noski. 8.500 kilometro egin genituen, baina egia da segidan ez genituela ordu asko egiten, beti aprobetxatzen genuen mototik jaitsi eta errepidearen alboko herriak ezagutzeko.
Zerk sorrarazi zizuen zirrara bidaian?
ZUBIMENDI: Errumanian sentitu genuen segurtasuna azpimarratuko nuke nik. Haiekiko aurreiritzi asko ditugu, eta leku oso lasaia da.
Eta dezepzioa?
IRIBAR: Bat esatearren, Kroaziako kostaldea esango dut, oso masifikatuta dagoen lurraldea delako. Beste zerbait espero genuen.
Helmugara iristean, aurrera jarraitzeko gogoarekin gelditu zineten?
IRIBAR: Bai, baina ez genuen gure bizitza arriskuan jarri nahi izan [barrez].
ZUBIMENDI: Ukraina genuen aurrerago. Mugan egon ginen, baina ez genuen pasatu nahi izan. Hala ere, aurten beste bidaia bat egiteko asmoa daukagu, Albania aldera.
lotsabako
Europako txokoren bat?ZUBIMENDI: Man uhartea [Erresuma Batua]. IRIBAR: Viena.Eta Euskal Herrikoa?IRIBAR: Donostia. ZUBIMENDI: Mia auzoa, Getarian [Gipuzkoa].