Morau eta Alkhat, Bergaran

Abeslari sortzaileak arituko dira gaur, Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren azken emanaldian

Aguxtin Alkhatek gitarra elektrikoari ekin dio azken boladan. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bergarako (Gipuzkoa) kartzela zaharrean kontzertu emanaldi saioa egin dute apirilaren 26tik. Aukera izan dute Okene Abrego, Mariano Urtado Buterflai, Iñigo Cabezafuego, Joseba B. Lenoir, Ainara Legardon eta Manett entzuteko, besteak beste. Gaur, Egubakoitzak kartzelan egitasmoko azken saioa egingo dute, folk-pop kantuak sortu eta abesten dituzten bi bakarlarirekin: Andoni Tolosa Morau eta Aguxtin Alkhat.

Gaztetxeko kanpoko oholtzan egingo dute kontzertua, besteak bezala. Izan ere, giro lasaia lortu nahi dute.

Morau idazle eta musikaria da. Pop kantu sinpleak bezain zuzenak egiteagatik egin da ezaguna, besteak beste, Morau eta Agotak taldearekin. Gizartearen kritika egiten du, ironia finaren bitartez. «Kantu txikiak» sortzen dabil azken boladan, eta www.arrainentzakohimnoak.org blogaren bidez zabaltzen ditu. Sortze prozesua kontatzen dabil, mezuz mezu. Bakarlari arituko da gaur.

Aguxtin Alkhat Heletakoa (Nafarroa Beherea) da eta, belaunaldiz belaunaldi irauten duen iparraldeko folk kantagintzaren tradizioan ikusten du bere burua. Inhala hirukotearekin hasi zen horretan, baina, azken boladan, folk eskema apur bat baztertu eta gitarra elektrikoarekin aritzen da. tarteka, agerian uzten du AEBetako 1970ko rock mugimenduaren eragina.

MORAU ETA ALKHAT

Noiz. Gaur, 22:00etan.

Non. Bergarako gaztetxean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.