Jon Sanchez. Hala Bedi irratiko esataria

«Monforten kontaktuak oso lagungarri izan ziren saioa martxan jartzeko»

'Hizpidea' euskarazko magazina aurkezten du egunero Sanchezek, Bilbo Hiria irratiarekin elkarlanean, 09:00etatik 10:00etara. Mieltxo Monfort zenaren tokia Xabier Monasteriok betetzen du orain Bilbon.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hala Bedin 2005-2006ko denboraldian hasi zen esatari Jon Sanchez (Altza, Donostia, 1980). Hamar urteotan, bere «eskola» izan du Gasteizko irrati librea.

Bi irratiren artean sortu duzue Hizpidea saioa. Zer dela eta?

Hala Bedi Bi sortu zenean, hutsune nagusietakoa goizeko magazin bat egitea zen. Hala Beditik Bilbo Hiria irratira jo genuen, eta elkarlanerako prest azaldu ziren. Iruñeko Euskalerria Irratiaren parte hartzea ere badugu programan.

Zer abantaila ekartzen dizkizue Bilbo Hiriarekin batera aritzeak?

Irismenaren modako kontzeptu hori ekartzen digu, kar-kar. Eta bestalde, lanak arintzen dira, kontaktuak partekatu egiten dira... Mieltxo Monfort zenak kontaktu mordoa zuen. Hori oso lagungarri izan zen saioa martxan jartzeko. Gainera, Euskal Herri osoko ikuspegia ematen dugu saioan.

Bi Hizpidea dituzue. Lehena Euskal Herriari begirakoa, bigarrena Arabako kontuei buruzko Araba hizpide. Gaur-gaurko gaiak lantzeko modua asko aldatzen al da batetik bestera?

Bai, Euskal Herri mailakoan errazagoa da gaur-gaurko gaiak topatu eta elkarrizketak lotzea. Arabak bere berezitasuna du, oso Gasteizera begirakoa izaten da Araba hizpide, baina batzuetan ez dira hainbeste albiste sortzen. Hala ere, saiatzen gara elkarrizketa guztiak ahalik eta interesgarrienak egiten.

Kolaboratzaile sare handia osatu duzue bi saioetan. Sare hori zabaltzen jarraituko duzue?

Oraingoz, oso gustura gaude kolaboratzaileekin. Bi magazinetakoak gehituta, 60 kolaboratzaile inguru ditugu. Asko da. Sekulako lana izan zen sarea osatzea, eta orain pozik gaude egiten duten ekarpenarekin. Horiei eusteko moduan izango gara ikasturtea amaitu bitartean. Eta, agian, bizpahiru berri etor daitezke. Duela gutxi, adibidez, Marijo Deogracias ikerlaria hasi da kolaboratzen. Etorkizunean saiatuko gara berriak erakartzen.

Sare sozialetan Hizpidea zabaltzeak zer ekarpen egiten du?

Twitter da gehien erabiltzen dugun sare soziala. Trafiko asko mugitzen du, eta pozik gaude Hala Bediren webgunerako ere trafikoa ekartzen duelako. Sare sozialek modua ematen dute goizean entzun ez dutenek irratsaioa eguneko beste ordu batean entzun ahal izatea. Zabalpenerako aukera polita iruditzen zaigu Twitter.

Nahiz eta goiz den esateko, urte luzez jarraituko duen proiektua izan al daiteke Hizpidea?

Etorkizunari begirako apustu gisa planteatu genuen udazkenean. Komenigarriagoa litzateke goizean goizago hastea saioarekin. Baina epe luzerako proiektua da, eta ikusiko dugu. Ondo doa saioa, luze iraungo duela iruditzen zait. Bestalde, Arrosa sareko irrati batzuk ari dira magazina ematen. Beste irratiekin elkar elikatzea presente dugu.

Irratiko zuzenekoan zirrara berezirik sentitzen al duzu mikrofono aurrean?

Beti dago zirrara berezi hori, eta polita izaten da. Aurkezpenak egiteko garaian batzuetan hutsuneak izaten ditugu, baina halakoak gertatzen direnean nahiko ongi ateratzen gara aurrera. Beti da polita mikrofono aurrean jartzea.

Zeintzuk dira zure esatari gogokoenak?

Juan Kruz Lakasta, Manu Etxezortu, Arantxa Iturbe eta beste hainbat.

Hala Bedin, denboraldi honetan,bideogintzari ere ekin diozue. Nolatan?

Gaur egun, muga lausoak daude komunikabideetan. Hala Bedi komunikazio proiektu bat da, eta gurean zentralitatea irratiak izango du beti, baina beste formatuei ez dizkiegu ateak itxiko.

Larunbatean, Arrosa irrati sareak antolatutako jardunaldiak egingo dituzte Gasteizko Oihaneder euskararen etxean. Aukera ona izango da esperientziak trukatzeko, ezta?

Arrosako sareko beste kideekin egoteko eta elkar ezagutzeko aukera aproposa izaten da. Askotan, jardunaldi hauetan sortzen dira elkarlanerako ideiak. Geure burua aztertzeko ere egun egokia izango da. Gauza berrien haziak sortzen dira topaketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.