Mondragon Unibertsitatearen komunikazio campusa egingo dute

DBH4ko eta Batxilergoko ikasleei dago zuzendua. Izena emateko epea ostiralean amaituko da

Iazko komunikazio campusaren irudi bat, Aretxabaletan (Gipuzkoa). MONDRAGON UNIBERTSITATEA.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Taldeak II. Komunikazio Campusa antolatu dute, uztailerako. Aretxabaletan (Gipuzkoa) egingo dituzte udaleku horiek, bi txandatan: uztailaren 4tik 8ra eta 11tik 15era —biak, 09:00etatik 13:30era—. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren ikasturteko eta Batxilergoko lehen urteko ikasleei dago zuzendua udako campusa. Izena emateko epea ostiralean amaituko da, eta prezioa 125 eurokoa da.

Txanda bakoitzean gehienez hamabost ikasle egongo dira. Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian komunikazioaren mundura hurbiltzea, iaz egin zuten moduan. Horretarako, honako gai hauek jorratuko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, Interneteko sare sozialen kudeaketa... Telebista plato batean zuzeneko podcast bat nola egin ikasiko dute udalekuko parte hartzaileek. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dituzte: telebista platoa, ordenagailuak eta bestelako materialak. Egun batean, bestalde, Goiena taldearen Arrasateko (Gipuzkoa) egoitza bisitatuko dute.

Unai Portilla Mondragon Unibertsitateko irakaslea izango da udalekuen koordinatzailea. «Iaz oso emaitza ona lortu genuen. Parte hartu zuten gazte guztiek nabarmendu zuten oso campus dinamiko, parte hartzaile eta dibertigarria izan zela», azaldu du. Iragarri duenez, komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasunak lantzeko aukera izango dute gazteek.

Sakelako telefonoarekin egin daitezkeen irudien grabaketak eta edizio lanak ikasiko dituzte, bide batez. Baita podcastak nola grabatu ere. «Guztia modu dibertigarrian, ezin baitugu ahaztu udaleku batzuk direla, eta gazteak ondo pasatzera doazela».

Komunikazio arloan eskarmentua duten adituak arituko dira master eskolak ematen: Ainhoa Vitoria Gazteako irrati esataria, Alex Padilla sare sozialetan aditu eta Tabakalera kultur zentroko komunikazio teknikaria, eta Xabier Urzelai Goiena taldeko langilea. Urzelai sakelako telefonoekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan aditua da. Horiez gain, Mondragon Unibertsitateko irakasleak arituko dira begirale eta koordinazio lanetan.

Udalekuetan parte hartzeko ez da derrigor Debagoiena eskualdekoa izan behar. Are gehiago, antolatzaileek nabarmendu dute Euskal Herri osora zabaldu nahi dutela campusa. «Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Ikus-entzunezko campusa erreferentzia da komunikazioan Euskal Herrian, eta, era berean, Goiena taldea erreferentea da tokiko hedabideen artean», esan du Portillak. «Debagoienean gauden arren, edozein euskal herritar euskaldunentzako izan daitezke erakargarriak udalekuak».

Katalunian badago antzeko campus bat, Ara egunkariarena, baina gehiago dago bideratuta kazetaritzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.