BADIATIK

Momentuak

Beñat Gaztelumendi.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ezin sinetsizko gauzak ikusi ditut. Su artifizialak dizdizka Flamenkako edalontzi barruko kalimotxo beltzean. Unescoko adituak ikusi ditut Rekalde taberna kultur ondare izendatzen eta Udalari eraikina babesteko eskatzen. Elkanok zibilizatu gabeko indigenak ikusi ditut Donostia abordatzen. Senegaldar bat ikusi dut Bulebarrean, manta baten gainean Mikel Laboaren diskoak saltzen. Nostalgikoek zin egin dute aurtengo Aste Nagusia ez dutela orain dela hogei urtekoarekin alderatuko. Txalapartarik, aurreskurik eta ikasita ekarritako bertsorik gabeko ekitaldi batekin topo egin dut Sarriegi plazan. Lehenengo aldiz, parekidea izan da aste osoa, bai etxeko lanetan, bai zerbitzatze-muntaketa-desmuntaketa-segurtasun txandetan eta baita barra ertzean bermatutako ukalondo kantitatean ere. Egitarau ofizialak euskal musika katalogatu gabe ere euskaraz ari zen talde bat entzun dut Saguesen. Aste Nagusian ez da zizka-mizka, harrera eta ekitaldi ofizialik izan, horietara bideratu beharreko dirua gaua Txantxarrekan ematen duten migranteen beharrak asetzeko erabili baitu udalak. 80ko hamarkadako rocka edo reggaetona ez zen musika jartzen zuen taberna bat aurkitu dut Ikatz kalean. Ikusitakoak ikusita, turisten kolektibo batek eragindako minaren aitortza eta erreparazioa agindu ditu. Zezenek toreatzailearen kapa gorriari boikota egin eta ukuiluan herri harresi bat egin dute Illunben. Kontraesanik gabeko militanteak kaleratu ditu izenik eman ez duen herri mugimendu anonimo batek. Gipuzkoako egunkari salduena sekula erosi ez duten donostiarrak bermuta hartzeko gelditu dira Bilintx kalean. Pirata batek Irrikitaldirako mozorroa astebete lehenago prestatu duen zurrumurrua zabaldu da sare sozialetan —gerora jakin dugu gezurra zela—. Momentu hauek denak desagertu egingo dira denboran, malkoak euritan bezala. Edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.