Euskal Herriko XIII. Pintxo Txapelketa

Mokadu batean dastatzekoak

Iruñeko El Mercao jatetxeko 'Camarón de la Concha' pintxoa izan da garaile Euskal Herriko XIII. Pintxo Txapelketan. Gasteizko Mano Lenta jatetxeak irabazi du bigarren saria, eta Otogoiengo Borda Berrik hirugarrena. 80 etxetako sukaldariak aritu dira lehian txapelketako hiru egunetan.

Andoni Imaz.
Donostia
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Berehala egin zitzaien gosea atzo goizean Donostiako Kursaalera joandako ikusleei. Euskal Herriko hamar pintxo onenak aritu ziren lehian, eta epaimahaiak «ia aho batez» erabaki zuen nora joan behar den urrezko pintxoa dastatzera: Iruñeko El Mercao jatetxera. Akaso, Camaron de la Isla entzungo da bozgorailuetatik, eta ziur Camarón de la Concha pintxoa ez dela faltako barra gainean. Txangurrua da pintxoaren osagai nagusia, eta barkilloa diruditen bi izkira tortilla fin ditu inguruan. Sukaldariek ez dute osagai asko nahastu nahi izan, itsaskien zaporeari trabarik ez egiteko. Euskal Herriko XIII. Txapelketako 80 parte hartzaileen artean, hura izan da garaile.

Iruñera joan beharko dute urrezko pintxoa dastatu nahi dutenek, baina Gasteiz aldera joanez gero ere bada zer jan. Bigarren saria hango Mano Lenta jatetxeko Udazken lanbroa pintxoak jaso du, eta hirugarrena, berriz, Otogoiengo Borda Berri erretegiko Hitokutxi-ri eman diote. Japonieraz mokadu esan nahi duen hitza euskarara ekarri nahi izan du harekin Mitxel Suarez sukaldariak.



Euskal Herriko XIII. Txapelketan parte hartu duten 80 jatetxe eta tabernak astelehenetik atzo arte aritu dira sukaldean. Lehenengo bi egunetan, kanporaketak egin zituzten, eta hamar plater igaro ziren atzoko finalera. Jendaurrean kozinatu dituzte pintxoak, txandaka, eta epaimahaiak dastatu ditu ondoren, sukaldari bakoitzaren azalpena entzun ostean. 11 pintxo egin behar izan dituzte: bost epaimahai ofizialarentzat, beste bost herritarrek osatutako epaimahaiarentzat, eta azkena, erakusgai jartzeko.

Sergi Arola sukaldari kataluniar ezaguna izan da epaimahai ofizialeko presidentea. Nabarmendu du aurten sukaldari gazte ugarik hartu dutela parte, eta sukaldaritza ondo dagoen seinale dela hori. «Gazteak beldurra galtzen ari dira kanpora ateratzeari, eta garrantzitsua da hori», gehitu du. Gainontzeko epaimahaikideak ere goi mailako sukaldariak dira: David Baldrich, Iker Erauzkin, Maria Jose Meda eta Pepa Muñoz.

Herritarren epaimahaian parte hartu du Jorge Gañanek, Kutxabankek horretarako antolatutako lehiaketari esker. «Esperientzia ederra izan da. Behin finalera iritsita, badakizu guztiak onak direla, baina erabaki bat hartu beharra zegoen». Halere, ez zaie askorik kostatu: «Arraina daraman pintxo bat gustatzen zaizu, haragia daraman beste bat ere bai, eta aukeratu egin behar da. Uste dut guztiok gustura geratu garela hartutako erabakiarekin».



Iazko irabazleei eman die saria herritarren epaimahaiak: Hondarribiko Gran Sol tabernakoei. Mika pintxoarekin urrezko pintxoaren garaikurra lortu zuten iaz, eta Txerribeltz-ekin konkistatu dituzte herritarrak aurten. Bost herrialdetako pitxoak iritsi dira finalera, Nafarroa Beherekoen eta Zuberoakoen faltan. Orain arte aipatu gabekoak: Gasteizko La Regadera jatetxeko Lubat eta Zabala jatetxeko Zabala, Durangoko (Bizkaia) Kobika Gastroko Choux iberikoa, Plentziako (Bizkaia) Casa Marinoseko Zigala eclaire bat onddo konfitatuekin eta Donibane Lohizuneko Le Brouillarta jatetxeko Burbina, brokolia, limoia eta onddo salda.

Euskal Herriko pintxorik onenak dastatzeko egin beharreko ibilbidea ondo marraztuta geratu da pixka baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.