Mohammed Salem argazkilari palestinarrak irabazi du aurten World Press Photo saria. Irudiak Gazako genozidioa islatzen du. Emakume palestinar bat ilobaren gorpua besarkatzen. Horixe da argazkiaren izenburua. Inas Abu Maamar 36 urteko emakumea da izeba, eta hark besoetan duena iloba, Saly. 5 urte baino ez zituen. Khan Yunisko errefuxiatu gunean hil zuten Saly, bonbardaketa batean, amarekin eta ahizparekin batera. Israelek Gazan erasoaldia hasi eta hamar egunera ateratakoa da argazkia, urriaren 17an, Nasser ospitaleko gorputegian. Argazkiak badu barne hartzen du beste istorio bat ere: Mohammed Salemek oso garai berezian atera zuen argazkia. Aita izan berria zen: «Emaztea erditu berria zen; une hori indarrez betea zen, eta, aldi berean, oso tristea; Gazan gertatzen ari zen hori zentzu zabalenean laburbiltzen ari zen».
Argazkilariak «errespetuz eta kontuz» jardun izana nabarmendu du epaimahaiak, eta, aldi berean, «imajinaezina den galera baten begirada literala eta metaforikoa» islatu izana. Mohammed Salemen irudia fotokazetaritzaren alorrean banatzen diren sari nagusietan lehiatu diren beste 3.851 argazkilariren lanei nagusitu zaie. Orotara, 61.000 argazki lehiatu dira aurten sarietan.
World Press Photok beste hiru lan ere saritu ditu. Urteko erreportaje grafikoaren alorrean, estigmatizatuta dagoen auzi bati erreparatu dio. Madagaskarren ateratakoa da argazki sorta hori, eta aitona bat eta biloba bat ageri dira. Dada Paul aitonak zahartzaroko dementzia dauka, eta alabak eta bilobak zaintzen dute. Hegoafrikako Lee-Ann Olwage argazkilariarena da erreportajea. Epaimahaiak arazo unibertsal bat jarri nahi izan du agerian: zaintzarena. Argazki sorta «goxotasunez eta samurtasunez» osatu duela esan du epaimahaiak; «irudi hauek gogorarazten digute maitasuna eta gertutasuna oso beharrezkoak direla mundu osoan bizi ditugun gerra eta borroka garai hauetan».
Epe luzeko proiektuaren sariak ere badu barne istorio bat: Alejandro Cegarraren Bi harresiak izan da alor horretako irabazlea. Cegarrak bere esperientzia kontatzen du irudietan; Venezuelatik Mexikora migratzaile gisa egindako ihesaldia. 2018an ekin zion proiektuari, eta argazkilaria bera migratzailea izateak «ikuspuntu berri bat» dakarrela uste du epaimahaiak: «Ikuspuntu sentibera batetik aterata daude irudiak».
Ukrainan ateratako argazki bat nagusitu da formatu libreko alorrean; Julia Kotxetovaren Gerra pertsonala da lana, alegia. Egunerokoan gerra batean bizitzeak zer dakarren islatzen du argazkiak. Artistak poemekin, audioekin, musikarekin eta ilustrazioekin osatu du proiektua.