Lehenik semeari, eta gero berari diagnostikatu zioten autismoa. Desiree Otsek (Bergara, Gipuzkoa, 1986), berarengatik bai, baina batez ere haren semearengatik abiatu zuen Arrasateko (Gipuzkoa) MondraTEA egitasmoa, egun hainbat amak osatzen dutena. Autismoari ikusgarritasuna emateko eta herritarrak kontzientziatzeko dihardute lanean. Egitasmo berri bat jarri dute martxan: herriko establezimenduetan piktogramak jartzen ari dira, establezimendu bakoitza zer den zehazten duena.
Autismoari ikusgarritasuna emateko eta herritarrak kontzientziatzeko diharduzue lanean. Piktogramak herriko establezimenduetan jartzea izan da zuen azken egitasmoa. Komunikazioan garrantzitsuak dira?
Bakarrik hasi nintzen hasieran. Lehenik, nire semeari diagnostikatu zioten autismoa, eta gero, niri. Kalean eta gizartean begira jarrita, konturatu nintzen gune asko ez daudela egokituta guretzako. Piktogramak egiteko kurtso bat ikusi nuen, eta horretan hastea erabaki nuen; nire semeari laguntzeko asmoarekin. Piktogramak komunikatzeko beste tresna bat dira; oso baliagarriak, gainera. Beraz, lehenengo, kafetegi batekoekin harremanetan jarri nintzen, eta haien establezimenduetan piktogramak jartzeko eskatu nien.
Gero etorri ziren beste guztiak...
Pentsatu nuen: zergatik ez Arrasate guztira zabaldu? Horrela hasi nintzen, saltoki ezberdinei piktogramak eskaintzen. Gerora, beste guraso batzuekin batu nintzen, eta elkarte gisa hasi ginen lanean.
Piktogramak zertan errazten dizkio gauzak autismoa daukan pertsona bati?
Gauza askotarako erabili ahal dira piktogramak. Adibidez, badaude autismoa daukaten eta hitz egiten ez duten pertsonak; beraz, haiekin komunikatzeko modu bat da. Taberna eta establezimenduetan komunikatzeko ere bada: modu sinple batean barruan zer aurkituko dugun jakiteko balio digute piktogramek. Askotan, denda bateko erakusleihoa ikusita, ez dakigu zer saltzen duten, margotua dutelako edota arropak baino landare gehiago dituztelako. Taberna asko, adibidez, ez dira kanpotik bereizten. Gainera, establezimenduaren izenaren tipografia nahasgarria izaten da askotan; horregatik, piktograman izena ere jartzen dugu, ohiko tipografiarekin. Piktogramak ikusteak barrura sartzeko lasaitasuna eta segurtasuna ematen digu.
Autistentzat ez ezik, beste askorentzat ere izan daiteke baliagarria.
Irakurtzen ez dakien norbaitentzat, atzerritarrentzat, haurrentzat... Zahar etxeetan ere askotan erabiltzen dira. Piktogramak ezinbesteko tresnak dira komunikatzeko, ez bakarrik autismoa dutenenentzat, herritar guztientzat baizik. Komunikazio bisuala da, unibertsala.
Arizmendi ikastolako umezaintza gunean hezkuntza inklusiboa sustatzen hasi zarete, ezta?
Taldekide baten semeak autismoa dauka, eta proiektuaren berri eman zion Arizmendiri, horren beharra ikusten zuelako. Ondo ikusi zuten proposamena, eta, ordutik, gaia lantzen dute. Uste dut horrelako proiektu bat egiten duen Euskadiko lehen ikastola dela.
Zuri zeuri duela gutxi diagnostikatu zizuten autismoa.
Duela lau urte besterik ez. Nire semeari diagnostikatu ziotenean ikertzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen gauza asko partekatzen nituela. Gautena Gipuzkoako Autismo elkartera joan nintzen diagnostiko baten bila. Asko lagundu digute ordutik, ez bakarrik modu indibidualean, nire semearekin nola lan egin erakutsi didate. Izugarrizko laguntza da, eta apurka-apurka aurrera goaz.
MondraTEA elkarteak ere lagunduko zizun.
Zalantza barik.
Piktogramen ondoren, zer proiektu dituzue esku artean?
Jende askok ez du autismo hitza inoiz entzun, eta uste du telebistan agertzen diren horiek bezalakoak direla guztiak: denak itxiak, isilak, beraien munduan daudenak... Horiek ere badaude, baina autismoa askotarikoa dela ikusarazi behar dugu. Askotan entzun behar izaten dugu: «Ez zaizu nabaritzen autista zarela». Eta ez zait nabaritu behar, pertsona bat naiz, eta ezin du inork nire buruan dagoena ikusi. Askotarikoak gara.
lotsabako
Norentzat da hurrengo piktograma?
Nahi duenarentzat, baina Antzuolatik (Gipuzkoa) eskatu didate.Autismoa detektatzeko?
Kasu egin, eta fijatu.