Gizarteak jasangarriagoa izan behar duela, gehiago birziklatu behar dela, ingurumenaren aldeko apustu handiagoa egin beharra dagoela... Horiek dira gaur egungo klima krisiari aurre egiteko aipatzen diren neurrietako batzuk. Ekitea, ordea, ez da lan erraza.
Jasangarritasunaren aldeko apustua egin du Ezkikoko Igartubeiti baserri-museoak. Joan den urrian Ekomoda erakusketa ireki zuen, eta maiatzeko lehen astera arte egongo da ikusgai. Baina zer da Ekomoda? Bada, Kotoi markak, Sin Desperdicio etxeak, Emausek eta Irizarrek sortutako proiektu bat da, non arropa sortzen den autobusetako ehunak erabiliz.
«Ez nuen imajinatzen horrelako gauzak egin zitezkeenik», esan du Kizkitza Ugarteburuk, museoko koordinatzaileak, eta hori omen da erakusketara joaten den jendeak esaten duen lehen gauza ere. Ugarteburuk Ondarearen Europako Jardunaldien aurkezpenean ezagutu zituen Kotoi markaren sortzaileak, eta euren lana nolakoa zen azaldu zioten. Kotoik aurretik ere lan egiten zuen Irizarrekin, eta, gainerako eragileekin elkarlanean, ideia ona iruditu zitzaien erakusketa Igartubeitin jartzea. Maialen Porroyk, Kotoiren sortzaileetako batek, kontatu du «oso modu naturalean» sortu zela elkarlana.
Maialen Porroyk eta Fany Alonsok sortutako arropa marka da Kotoi, eta haien helburua, Alonsok azaldu duen moduan, «bezeroei eguneroko jasangarri bat eskaintzea», kontsumo arduratsuari jarraituz.
Erakusketa hiru ataletan banatuta dago. Hasteko, bisitariak aukera izango du jantzien materialak zeintzuk diren ikusteko. Bigarren atalean, Kotoiko kideek sortutako piezak daude ikusgai. Azken atalean, XVI. mendean inspiratutako jantziak daude. Kotoiko kideak Errenteriako Jantzien Zentroko Ramon Garciarekin bildu ziren, autobus ehunekin garai hartako jantziak egin ahal izateko. «Baserri mundura ekarri dute erakusketa horrela», kontatu Ugarteburuk.
Baserriaren mundua bera ere jasangarria da, «kokapenetik hasita», Ugarteburuk esan duenez. Eguzkiak ematen zuen alderantz kokatzen ziren baserriak, eta dena berrerabiltzen zen, baita gaur egun ere.
Museoak jasangarritasunaren eredua aplikatzen ari dira pixkanaka, eta Ugarteburuk, aitortu duen arren ez dela lan erraza, esan du Igartubeitik bide horretan diharduela. «Erakusketetako piezak garraiatzeak kutsatu egiten du, eta saiatu behar dugu garraio hori gutxitzen, eta ahal den heinean erakusketetarako materiala birziklatzen», esan du.
Jasangarria kontsumitu
Moda jasangarriari dagokionez, Kotoiren sortzaileek azaldu dute jendea geroz eta kontzientziatuago dagoela: «Geroz eta aukera gehiago daude moda jasangarria kontsumitzeko, eta zabalduago daude, zorionez», kontatu du Porroyk.
Bihar, Alonsok eta Porroyk tailer bat emango dute erakusketaren harira. 10:00etan hasita, parte hartzaileek XVI. mendean Zuberoan sortutako poltsa bat sortuko dute, bildutako sagarrak gordetzeko balio zuena: bixaka. «Gehien gustatzen zaizkigun piezetako bat da», azpimarratu du Alonsok.
Bestalde, Barne Begiradak proiektuarekin bat eginez, hainbat ekintza antolatuko ditu museoak. Proiektu horren helburua landa eremuan kultura sustatzea da, eta, horretarako, inguruko herrietako ekintzaile eta taldeekin hainbat ekintza antolatu ditu. Ekintzak norbanakoentzat zein familientzat izango dira. «Hemengo ekintzaileekiko elkarlana bultzatu beharra dago, haiek ere garrantzitsuak baitira guretzat», esan du Igartubeitiko koordinatzaileak. Egitarau zabala dute antolatua datozen hilabeteetarako.
Igartubeitiko koordinatzaileak esan du gaur egun erronka bat dela museoak bisitariengandik gertu egotea: «Museook bisitariengan pentsatuz antolatu behar ditugu erakusketak, haien interesetan eta kezketan pentsatuz». Gaur-gaurko gaiak lantzea garrantzitsua dela azaldu du Ugarteburuk, eta ezinbestekoa dela bisitarien iritziak kontuan hartzea.
Moda egiteko beste modu bat
'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu