Mobydicken lehen lan luzea

Eneko Burzako musikariak 'Cotard delusion' lana taldearekin aurkeztuko du Kafe Antzokian

Mobydick kantaria taldearekin arituko da gaur, Bilbon.
Erredakzioa
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Getxokoa (Bizkaia) da, Eneko Burzako du izena eta Mobydick gisa dabil agertokiz agertoki, bere ahots urratuarekin, AEBetako folk rock estiloko abestiak aireratzen. Cotard delusion diskoa kaleratu berri du, bere lehen lan luzea, eta gaur aurkeztuko du Bilbon, Kafe Antzokian.

Ibilbidearen hasieran, doinu gogorrak landu zituen hainbat taldetan; besteak beste, Nun, Bizhil eta Zast taldetan. Baina 2008. urte aldera, distortsioak alde batera utzi eta gitarra akustiko eta ahots biluziarekin hasi zen.

Bi disko labur plazaratuak zituen orain arte, etxean grabaturikoak. Lehenak And then she became God's friend zuen izenburua. Bigarrenak, berriz, (Covers), eta izenak adierazten duen bezala, bertsioz osatua; tartean, Reverend Gary Davis, Kyuss, Bonnie Prince Billy musikarien kantak, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren Martxa baten lehen notak ere.

Cotard delusion diskoan, Ainara Legardon eta Nacho Mastretta musikarien laguntza izan du Burzakok. Madrilen grabatu ditu kantak, eta Bilboko Koba estudiotan nahastu ditu. Internet bidezko finantzaketa kolektibo baten bidez ordaindu du grabaketa, eta sarean doan hartzeko jarri du.

Taldearekin arituko da gaurko emanaldia. Aurretik, Gernikako (Bizkaia) The Riff Truckers taldeak Healing the soul diskoa aurkeztuko du.

KONTZERTUA

Noiz. Gaur, 23:00etan.

Non. Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.