Allande Boutin

«Mobilizatuz, gizarteak sekulako laguntza eman digu»

Normandian sortu eta Parisen bizi izan da. Kazetaritzan lehen urratsak Frantziako hiriburuan egin zituen. Euskal Telebistak, Baionako ordezkaritza ireki zuenean, han lan egitea galdetu zion. Geroztik, Euskal Herrian bizi da, France 3 katean lan eginez.

Joanes Etxebarria.
2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Parisen handitu ziren euskal jatorriko haur anitzek bezala, euskara Euskal Etxean ikasi zuen Allande Boutinek. Euskal Telebistarentzat lan egin zuen, eta orain, France 3 kateko Euskal Herriko adarrean lan egiten du, kazetari.

Normandian sortu eta Parisen handitu zinen. Euskal kazetari baten ibilbide klasikoa, funtsean...

Bai! Bitxia. Jaio nintzen frantses petoa. Ama zuberotarra nuen eta aita, paristarra, normandiar jatorrikoa. Ama Vernonera (Normandia, Frantzia) joan zen lan egitera idazkari gisa. Ene aitak soldaduska egiten zuen bertan; han ezagutu zuten elkar, eta ni han sortu nintzen. Bi urte nituela, Parisera joan ginen bizitzera. Lakarrin (Zuberoa) bizi ziren ene amaren osaba-izebekin lotura handia nuen, eta zendu zirelarik sentitu nuen katea hausten zela. Euskara ikasteko beharra sentitu nuen orduan.

Eta orduan zen Arnaud Allande bilakatu?

Arnaud sortu nintzen; hala da ene estatus zibila. Baina nire amaren familian beti Allande deitu naute. Lakarrin ez naiz sekula Arnaud izan, beti Allande. Behin Parisko lagunak Lakarrira joan ziren, eta ostatu batean galdetu zuten non zen Arnaud Boutin. Haiek ez zekiten nortaz galdezka ari ziren. Allande Elixigai —etxearen izena Elixigai zen— gisa ezagutua nintzen.

Lakarriri atxikia bazinen ere, kazetari paristarra zinen.

Bai, baina Parisko Euskal Etxean ikasi nuen euskara, eta Euskal Herria eta euskal kultura zer zen ere ikasi nuen. Dokumental egile bat ezagutu nuen, eta harekin lan egiteko aukera ukan nuen. Hortik, Le Point astekarian hasi nintzen, bekadun, eta gero, Le Monde egunkarian. Gero, ETBn ordezkapenak egin nituen. Horrela hasi nintzen, zortea eta paradak ukanez. Gero, Baionako ordezkaritza irekitzean, nitaz pentsatu zuten, eta baietz erran nuen.

Kazetari batentzat aldaketa handia izan behar du Parisko lanetik Baionakora...

ETBko ordezkaritzarena erronka polita zen, orduko iparraldean ez baitzen oso naturala gazte batek euskaraz lan egitea. Geure burua onarrarazi behar genuen; eta erakutsi euskaldunak ginela, bai, baina baita kazetariak eta profesionalak ere, eta gure lana iparraldeko errealitatea ezagutaraztea zela. Buru-belarri sartu nintzen.

Iparraldearen Orena sortu zenuten. Ikusirik orain zein tarte laburra duen albistegian, nolakoa zuen hasieran?

Gu hasi ginenean, berri nazionaletan sartzen ginen, baina bereziki atxiloketa edo atentatuekin. Gero hasi ginen jorratzen bestelako gaiak. Ene garaian xantza ukan genuen: Martxelo Otamendik —garai haietan ETBn ari zen— leiho bat ireki zigun, asteazken oroz magazin bat proposatu baitzigun. Hasieran, hiruzpalau minutu, eta bukatu genuen hamar bat minutu eginez. Nik uste dut, azkenean edonon bezala, pertsonek egiten dituztela gauzak. Uste dut, umilki erranik, leziorik eman gabe, plazera litzatekeela Iparraldeko Orena azkartzea, indartzea.

ETBtik France 3 katera pasatu zinen gero. Ez ote zen berriz Parisera hurbiltzea bezala, han zentralizatzen baita telebista ere?

Gertatzen ahal zen. Baina France 3 Euskal Herri Pays Basque —hori da bere izen ofiziala— sortu zelarik, berehala onartu zuten Euskal Herri izendatzea, elebitasuna... Egia da oso zentralizatua dela —sobera, ene ustez—, Frantzia bezala, baina gu jadanik Akitanian gaude. Beraz, Parisen periferian, eta, gainera, Akitaniaren periferian. Periferiaren periferian. Uste dut hemengo gaiak tratatu ditugula, hemengo errealitatea islatu dugula.

France 3 katean momentu zailak izan dituzue azkenaldian...

Zoritxarrez, krisia dela-eta diru gutxiago izanda, gure zuzendaritzak gure albistegia eten du Omiasainduko bakantzetan bi astez eta Eguberriko astean. Mobilizazio ikaragarriak izan dira, benetan eskertzekoak direnak. Gizarteak sinadura kanpaina bati ekinez eta mobilizatuz sekulako laguntza eman digu. Baita indar politikoek ere, eskuinetik ezkerrera.

Eta ekaitzaren erdian agertu zen Txirrita.

Txalupa bat galernaren erdian! Proposatu ziguten oren erdi bateko euskarazko saio bat, Txirrita deitu duguna. Hasieran ideia zen artxiboetara joatea, eta horrek hoztu gintuen. Ttotte Dargi gure erredaktore buruak erran zidan egin behar nuela, ez zela Bordelera joaten utzi behar, handik eginen baitzuten bestela. Noski, horrekin ez dugu gogobetetzen euskaraz egin genezakeen guztia, baina urrats bat da.

Orain telebista Interneten ere bada... Nola ikusten duzu telebista publikoaren lekua geroan?

Nik uste dut guri, hedabide guztiei, tokatzen zaigula pentsatzea nola segitu lanean, nola egokitu, euskarri berri horiek direla eta. Egokitzen ez denak jai dauka. Ez lokartzeko aukeratzat jotzen dut. Nire esperantza da luze gabe hasiko garela lankidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.