Thikoiperen adiskideek eta familiak omenaldi bat egitea pentsatu zuten, eta Zabalik elkarteak omenaldia aurrera eramaten lagundu zien. Elkarteko kide Mattin Irigoienek Thikoipe nolakoa zen oroitu du: «Askatasuna maite zuen gizona zen Mixel, bere bidea egin zuena, isilean. Engaiamendu handikoa izan zen».
Mixel Thikoipe kantagintzan eta idazle gisa eginiko lanarengatik izan zen ezagun. Bi liburu idatzi zituen: Hotz bero eta Jin bezala. Kantagintzan, berriz, Xorrotxak taldean hasi zen, eta azken hamarkadetan Pil-Pil taldean aritu zen. Euskalgintzan eginiko lanaz gain, langile borrokarekin ere konpromiso «handia» izan zuen.
Kantagintzan egin zuen lana nabarmendu du Irigoienek: «Besteen eta kausaren zerbitzukoa izan zen, bere su edo gar hori transmititzen zuen. Kantu txapelketetan gazteak animatzen ibili zen. Ez zen, gainera, kantu zaharrak erakusten bakarrik ibiltzen; beti kantu berrien alde lan egin zuen».
Biharko omenaldia «hunkigarria» izango dela uste du Irigoienek. Dena den, omenaldia denbora laburrean antolatu dela eta, gerora ere beste omenaldi landuago bat egin dutela esan du.