1954an hasi eta 1967 arte gutunak zuzendu zizkioten batak besteari eta, tartean, Errenteriako kaleetan barrena ibilarazi zuen errenteriarrak paristarra, hau eta hura erakutsiz, honetaz eta hartaz hizketan, gozo.
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik
Nondik-bait hasi behar eta zure adiskide Koldo Mitxelenak 1953an Arnaut Oihenarti buruz BRSVAPen argitaratutako lan bat jo dizut begiz, hasteko.
Bai, berehala irakurri bainuen haren mintzaldi ederra! Ezin esan nezake orain nolako atsegina eman zidan irakurtze hark. Euskarazko lanegin berri bat argitaratzen zen guztietan, goraipu eta goraipu aritzen ziren euskaltzaleak oro, baina goraipuek askotan ez zuten gauza handirik esan nahi, kritika gogorragoen beharrean geunden, idazleok ere gure idaz-antzea hobetu nahi bagenuen. Mitxelenaren lan hura zela-eta, benetan pentsatzen nuen eder eta ernagarri zela, bai azalez bai mamiz. Agiri zuen Oihenart zuberotar poeta maite zuela egiaz eta, hala ere, jakitatezko lan bat egin zuen eta ez soilki bihotzekikoa, maizegi gure literaturan agitzen zenez.
Mitxelenak zioen Oihenart ez zela poeta, bertsogile guztiz abila baizik.
Egia zioen, Oihenart neurtizlari zen —«bertsogile», esan duzu zuk, baina «neurtizlari» hobetsi dizut nik—, poeta huts baino areago. Baina orduko mendeetan, egiazko poetarik ba ote zen inon Europan? Oihenarten sasoiko poeta frantses eta doixtarren eginak irakurriak nituen eta irudi zitzaidan gure Oihenart haien heinekoa zela. Haren balioko hamar bat idazle eduki bagenitu, literatur tradizio bat genukeen gure garaiko. Bertsolariak ehunka gertaturik ere —gertatu diren bezala—, literaturarik ez genukeen behin ere izango.
Hizkuntza auziaz ere ari zen orduko hartan Mitxelena.
Bai, eta zioen euskaldunok oso zale ginela, mendeen iragaitzan eraikiak edo deseginak bat-batean eraberritu nahi izaten ditugula. Eta bazitekeen Mitxelena zuzen egotea, baina, hala ere, nik uste nuen gure hizkera nolarebait denborarik galdu gabe bat egin behar genuela. Uste nuen batasunera heltzen ez ginen artean, ondore guti ekarriko zutela gure ahaleginek. Euskaltzaindiak erabaki sendoak hartu behar zituen horretarako, azkenekotz, ordu zen!
Horixe zenuen aldarri zeure garaian, euskararen batasuna baitezpadakoa zela esaten zenuen aukera zenuen orduko.
Bretoiak ikusi eta ohartua bainintzen! Frantzian bizi ziren bretoiek guk baino literatura kaskarragoa zeukaten XIX. ehun-urtekora arte. Axular edo Oihenart edo Etxeberriren heineko idazlerik ez zuten ukan. Halaz ere, bretoiera zeharo bat egin zuten egunetik —hots, iragan mendearen lehen hamarraldiaz gero, hor nonbait—, sekulako aurrerakada egin zuen haien literaturak: idazle, olerkari, eleberrigile onak bazituzten ordurako, eta atzerriko hizkuntzetara itzultzeko ere aski onak.
Bretoiera bat egin zutela diozu, baina iragan mendearen erdialdera ez eta bai ari ziren bretoiak idazleak, denak har, berriz ere.
Breizeraren edo bretoieraren ortografia aldatu beharrez ari ziren, baiki. François Falc'hun hizkuntzalariak ortografia fonetikoa asmatu zuen. Nire lagun batek, bestelako bat, fonetikoa eta etimologikoa. Jadanik hiru ortografia baziren, gutxienez. Hots, gurean gipuzkera osotua, lapurtar klasikoa, gipuzkera osotuagoa eta gainerako literatur euskalkiekin gertatzen zena, bretoien artean ere gertatzen zen! Bretoi nahiz euskaldun, bejondeigula guztioi!
Gogaide zenuen Mitxelena, hein batean, behinik behin zuen arteko gutun trukean ageri denez.
Atsegin nuen, ene aburuak euskal kulturaren eretzean bere egiten baitzituen, zatika, bederen. Damu zitzaidan, hala ere, egiazko euskaltzaleak eta euskal endazaleak hain urri izatea. Itxaropena galtzen hasia nintzen, gure Herriak egun batez burua jasoko zuenetz. Hemengo [Paris] euskaldunak, nahiz autoktonoak nahiz Hego Euskal Herriko aldetik jinak, zabar baino zabarrago ziren euskal kulturaren edozein sailetan. Politikero batzuk baizik ez ziren, zoritxarrez; eta tripakoi batzuk. Ez zen, beraz, harritzeko Ameriketarako gogoa baldin bazuten onenek. Aitor dut nerau alferraldi astun batek joa nengoela eta nire egiazko lanik euskaraz ontzeko gogorik ez nuela.
Egan aldizkarian publikatzen hasi zinelarik estutu zenituzketen zuen harremanak, Mitxelena bera izaki aldizkariaren zuzendari.
Euskaraz lan zenbait onduak nituen, egia da, baina lan guti; Gernika gehiago agertzen ez baitzen, ez nekien non argitarazi nitzakeen nire lanak. Egan-era jo nuen, beste aldizkariek nekez onartuko baitzituzketen nire idazki «heterodoxoak». Nire ustez, euskaldunen artean askatasun intelektual gehiago nabari ez zeno, zail izango zitzaigun egiazko kultura baten sortzea. Dena dela, gogo guti nuen lan asko egitera euskal arloan, zailtasun andana bat gertatu zitzaizkidalako nire bizimoduan.
Zailtasun horien berri eman zenion inoiz Mitxelenari?
Ez nuen nire problema irrigarri, edo negargarriekin nire adiskide maitea aspertu nahi. Nire bizibidearen berriek ez dute balio aipa ditzadan. Ez nuen asmo berririk eta asmo zaharrak ere utzi nituen. Hala ere, esango dizut gauza bat: zailtasunek argi bat dakarte, behintzat, begiak irekiarazten baitizkiote gizonari, bere egiazko egoera agertzen baitiote, hau da, bakarrik dagoela lur eder honetan, bere giza anaiengandik laguntza-itxaropenik gabe... «Tira, ba!», giputzek nire garaian zioten bezala.
Gogoko zenuen Egan, poemak bidaltzen zenizkion Mitxelenari aldizkarirako...
Atsegin handiarekin irakurri ohi nuen Mitxelenaren aldizkaria, eta zorionak opa nizkion, euskaraz zegoelako guztia. Gogorakoak izan zitzaizkidan han irakurri nituen lan asko... J.M. Lojendioren idazlana Mogelez, Oscar Wilderen ipuin bat euskaratua, Mitxelena beraren kronika filmez... Hainbat eta hainbat. Gero, Mitxelenak eskatu legez, olerki zenbait bidaltzen ohi nizkion, gutunekin batean.
Zure lanak Mitxelenak ez argitaratuz gero, Jokin Zaitegik eta Andima Ibiñagabeitiak publika zezaketen Euzko-Gogoa-n?
Ez. Egan-en ez bazuten argitaragai, ez zuen balio Mitxelenak nire ipuin edo lanik Zaitegiri igor ziezaion. Zaitegi ez zen aldizkarirako idazlan gabezian, eta hilabeteak iguriki behar zituzkeen ene lan apal gaixo batek Euzko-Gogoa-n argia ikusi baino lehen... Sasoi hartan bertze lanik ez nuen ondu, zio horregatik, hain zuzen ere. Gainera, asti guti neukan orduko aldian, «oren suplementak» Zuberoako euskara duzu, egin behar bainituen ene ministerioan eguneroko bisteka zela kausa. Hots, la lingua del pane-k beti ere lehen tokia eskatzen du, la lingua del cuore gibelean ezarriz. Hori esanik, esan behar dut osoki Mitxelenarekin nengoela Euzko-Gogoa-ri buruz esaten zuen guztian. Helburu goraipagarriak aukeratu zituen, noski, aldizkariaren zuzendariak [Jokin Zaitegi], baina, ene ustez, bide makurretik ibiltzen hasi zen. Beharbada, ez zuzendariaren erruz, baina hartu nahi izan zituen lankide eta laguntzaileengatik. Baitzirudien Zaitegi benetako euskaltzalea zela, damu zen hura alderdikerian sartzea.
Hitz beste eginez, 1957an Mitxelenak jakinarazi zizun Euskaltzaindiak urgazle izendatuko zintuela… «Wodan mit uns» (Odin gurekin da) esanez hasi zenuen erantzunezko gutuna.
Atsegin handia ukan nuen erran baitzidan Euskaltzaindiak urgazle izendatzeko ohorea eginen zidala. Erran nion, haatik, ohore horren gai izateko beharko nuela berriz ere euskal lanetan hasi, eta bazeneki zer herabea jin zitzaidan halako lanetan jarduteko berriz. Ez nintzen gehiago lehen izan nintzena... Eta ni hori idazten Mitxelenari, eta hara non aitzineko asteko Herria-n orduantxe ikusi nituen eskualtzaleen berriak. Zirudienez, ez nintzen euskaltzaindiko urgazle hautetsirik izan. Ene herritar maiteek Orixe, Lopez Mendizabal eta Urkixoko kondea hiru jaun handiak hobetsi zizkidaten. Bihotza erdiraturik neukan haien eskergabeaz, baina, tira, il faut se faire une raison, ene bertze herritarrek zioten bezala...
Onartu beharra dagoela, alegia… Garai hartantsu [1957] argitaratu zen Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua. Zirenak eta ez zirenak irakurtzen zenituen. Ez dut dudatzen irakurri zenuela. Zer iritzi zenion?
Horixe galdetu zidan Mitxelenak, ea Leturia... neukanetz. Bai, baneukan, Dominixe Peillenek erosi zidan Donostian izan zenean aurreko udan. Baina Peillenek eman zidan orduan ez nuen irakurtzeko astirik izan. Gero, ordea, irakurri nuen, azkenekotz, eta txit interesantea aurkitu nuen, igurikitzen nuen bezala... Mitxelenaren kritika irakurri ondoren, bai eta Peillenen aburua entzun ondoren ere. Gauza berria eskaini zigun Leturia...-n egileak euskaldun irakurleoi, gauza berria eta pentsatzera ematen zuena, ez bakarrik euskal problemaz, baina gutxitan agitu ohi zena euskal autoreekin, norberaren problema pertsonalez.
Den mendren identifikatu zinen Leturiarekin?
Egia esateko, urruti samar aurkitu nuen ene burua Leturia horrengandik, gauza askotan urruti, beharbada Parisen sortua eta hazia izan nintzelako, hots, Leturiaren bezalako mutil eta nesken artean. Ni, aldiz, kontrasteagatik edo, bertze filosofia edo bizi-kontzepzio batek ninduen erakarri eta liluratu... Asma dezakezu zein den... Baina horregatik beragatik, asko preziatu nuen Txillardegiren lanegina.
Handik urtebetera, zeu zinen lan berri baten egile, Mitxelenari gaztigatu zenionez...
Ipui-berri bat hastera nindoala esan nion... Luze samarra izatekoa zen, 20 edo 30 orrialdekoa, baina aurretik, jakin nahi nuen Egan-en argitaratzeko posibilitaterik izango nuenik. Ezin publika nezakeen Euzko-Gogoan, noski, ezen gaia piska bat ausarta zen: niretzat, piska bat ausarta, baina gure garbizaleentzat, eskandalizagarria. Hala ere, ez nuen hitz lizun bat ere erabiltzen, eta gertakizun lizunak ere ez ziren asko. Publikatu ala ez publikatu, Mitxelenari hitz eman nion amaitu ondoan igorriko niola, ikus zezan.
Haur besoetakoa izan zen zure ipui-berri hori, jakina denez. Mitxelenari igorri zenion, eta hark erantzun ezin zezakeela Egan-en publikatu, «bestela, akabo aldizkaria», hitzez hitz.
Joana Arc-ekoaren egunean erantzun nion. Haur besoetakoa ezin publika zezakeela jakiteak ez ninduen batere harritu. Anormal den maitasun baten kondaira... Orduan, nire lanaren daktilografia otoi gibel igor ziezadan eskatu nion; norbaiti prestatu ez bazion, bederen, Andimak [Ibiñagabeitia] esan baitzidan baina nire lana artean irakurri gabe zuela, Venezuelan argitaratzera saiatuko zela. Dena dela, beldur nintzen beranduegi zatekeela, egun haietan Lolita eleberria publikatu baitzuten Parisen. Nire ipuinaren gai bertsua erabiltzen zuen, nahiz askoz luzezkiago, talentuzkiago eta umorezkiago, noski.
Laster esango zuten hura irakurri eta idatzi zenuela zeurea…
Banekien mingain gaiztoek horixe esango bide zutela, ene ipuina liburu horren kopia zela. Baina hori ez baitzen egia, ordu artean ez bainuen ezagutzen Lolita hori. Egilea Vladimir Nabokov izeneko errusiar erbestetu bat zen, korrientean errusieraz, frantsesez eta ingelesez izkiriatzen zuena. Nabokovek lehenik ingelesez argitaratu zuen bere lanegina urte batzuk lehenago, eta 1959an Frantzian argitararazi nahi zuen, Frantzia «libertatearen herria» omen zelakotz. Baina gobernuak debekatu zuen liburua...
AEBetan best-seller-a, galarazia Frantzian…
Hango burges txikiek begiko zikina baino nazkagarriago kontsideratu zuten Nabokoven eleberria. Haatik, Graham Greene eta Francois Mauriac bezalako autore katolikoek askoz goraipatu zuten. Azkenekotz, frantses gobernuak baimena eman zuen itzulpena Frantzian publika zezaten. Hala ere, jatorrizko testua beti debeku zegoen «libertatearen herria» omen zenean, eta beharko nukeen Alemaniara edo Italiara jo jatorrizkoa eskuratu nahi banuen. Gogoan eduki ezazue Descartes arrazionalistaren herria dugula lurpean hartu nauen hau.
Azken galdera bat, Mirande jauna, aurtengo udan zurekin berriz solas egin nahi izanez gero, non ibiliko zaitugu?
Ez dakit oraindik segurki ene oporrak aurten non iraganen ditudan. Nire finantzak estatukoak bezain egoera txarrean daude, eta beharbada hirian bertan egon behar izanen dut. Han edo hemen elkar ikusi artean ene onespen druidikoa ematen dizuet Nodos, Lugus eta Danaren izenean.