Bi urte igaro ostean, iritsi da Ataungo (Gipuzkoa) Gaueko Ibilaldi Mitologikoaren bosgarren aldia. Bi urtean behin antolatzen den ekitaldi horrek modua ematen die bertaratzen direnei garai bateko istorio eta legenda harrigarrien munduan sartzeko. Hiru kilometroko ibilaldia da, eta partaideek euskal mitologiako hainbat pertsonaia ezagun izango dituzte bidelagun: laminak, jentilak, Tartalo, Basajaun eta Akerbeltz, besteak beste. Ibilbidea Barandiaran museotik abiatuko da, eta San Martingo elizan amaitu, eta helduek, gazteek eta haurrek arazorik gabe egiteko modukoa da.
Joxe Migel Barandiaranek euskal mitologian izan duen eragina kontuan hartuta, Ataunen urtero antolatzen dira horrelako ekitaldiak. Ibilaldian zehar, Barandiaran museoaz eta San Martingo elizaz gain, beste hainbat leku bisitatuko dituzte, istorio eta ipuin miresgarriak entzun eta ikusi bitartean: Errotatxo zerrategia eta errota zaharra, Sara etxea —Barandiaranen bizilekua izan zena—, eta Perune-zaharra baserria, Barandiaranen jaiolekua. Leku horietan bizirik zegoen kulturarekin lotutako ipuin eta kontakizunak entzun eta jaso zituen Barandiaranek.
Ibilaldia egun-argitan hasiko dute, baina, amaitzerako, erabat ilunduta egongo da. Antolatzaileen ustetan, horrek misterioz eta beldurrez betetako mundu ezezagunaren indarra handituko du. Ekitaldiaren hasieran bi talde osatuko dira, eta bi txandatan egingo da ibilbidea. Lehena 19:30ean hasiko da; bigarrena, 20:00etan. Ikuskizunek hiru bat ordu iraungo dute gutxi gorabehera. Sarrera doakoa da, baina guztiak bukatu dira jada. San Gregoriora iristeko doako autobus zerbitzua antolatu dute, 17:00etan San Martinetik abiatuta.
VII. Mitoaldia
Zazpigarren Mitoaldia izan da aurtengoa eta, beste urte betez, mitologiaren erreferente izan da Ataun. Ekainaren 13an hasi zen, Jon Maiaren Kantu berri bat gara kontzertuarekin; ekainaren 19an, aukera izan zen Patxi Zubizarreta eta Pello Ramirezen Urbanita jentilaren aurrean konferentzia musikatuaz gozatzeko; hilaren 27an, Asisko Urmenetak Ni ez naiz sorgina! hitzaldia eman zuen, eta uztailaren 6an, berriz, Agautz eta Leizadi kobazuloetarako irteera egin zuten. Gaur amaituko da Mitoaldia, Gaueko Ibilaldi Mitologikoarekin.
Aurtengoan ere, Barandiaranek euskal mitologiaren mesedetan eginiko lana nabarmentzeko antolatu du Mitoaldia Jentilbaratza kultur elkarteak, Ataungo Udalaren, Barandiaran museoarekin eta herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin. Barandiaranek Euskal Herriko antropologiaren eta mitologiaren inguruko lan ugari argitaratu zituen, eta bizitza osoan izan zuen konexio berezi bat bere jaiolekuarekin, Ataunekin.