Txikitatik entzun, sinetsarazi eta amestutako kontu zaharrak ekarriko dituzte gogora gaur, «desagertzear dagoen mundu magiko hura»mantendu, eta, era berean, ondorengoei erakusteko. Ekitaldiak bi zati izango ditu: kale ibilaldia eta ikuskizuna. Lehen zatia 18:15ean hasiko da, herriko San Martin plazan: ongietorria egingo dute. Hori izango da lehen hartu emana, eta, ostean, desfilea egingo dute, herriko kaleetan barna. Ibilaldi horretan, jentilak eta sorginak herritarren artean nahasiko dira, garai bakoitzekopertsonaien jantziak, lanabesak eta bizimodua erakusteko asmoz. Antolatzaileen esanetan, «gaur egun tradizio eta fama handiko ospakizuna bihurtu da herrian eta Goierriko bailaran».
Kale ibilaldiaz gain, ikuskizuna ere hitzordu garrantzitsua izan ohi da herritarrentzat eta bisitarientzat. Emanaldi horretan, mitologian oinarritutako bi pasarte edota kondaira antzezten dira, urtero desberdinak. Herriko abesbatzek eta dantza taldeek parte hartzen dute, eta, bertsoak eta koplak ere ez dira faltatzen. Aurtengoan, Eate abesbatza eta Otsoak dantza taldea aritu dira, eta ordubete pasatxo iraungo du. Ikuskizuna bi alditan egingo dute: 19:00etan eta 21:00etan. Biak Auzoeta kiroldegian.
Barandiaran, aitzindari
Joxemiel Barandiaranen ondarea ere oroituko dute, antolatzaileen hitzetan, «herriko seme kutun eta euskal etnologo ospetsuena». Hark bildu zituen gaurko egunez esanahi eta presentzia berezia hartzen duten istorio, kondaira, kontakizun eta leku mitologiko anitz. Ahoz aho eta mendez mende iritsi dira Jentil, Sorgin, Torto, Azti, Samartin Txiki, Maru, Basajaun, Marimunduko, Kixmi eta beste pertsonaia mitologiko asko. Horien guztien existentzia zabaltzen jarraitzea da helburua, eta horretan ari da Jentilbaratza Kultur Elkartea, «Barandiaranek utzitako ondarea oroitzeko eta zabaltzen jarraitzeko lanean».
Jentilen eta kristauen arteko harremanak, ezin konponduak,ohitura aldaketak, erlijio zein sinesmen desberdinak... Horiek guztiak izango dituzte hizpide; bi mundu «zeharo desberdin»: mendian bizi diren jentilak eta herriko kristauak, aurrez aurre. «Bi zibilizazio, lehena eta oraina. Bi mundu beste mundu handi batean: mitologian». Euskaraz izango da ikuskizuna, eta Ataungo hizkera erabiliko dute sarritan, «galtzear dauden hitz eta esaera ugari jasotzeko».
Jentilen Etorrera
Gaur, 18:15ean,Ataunen (Gipuzkoa).