II. Mitoaldia Ataunen

Mitoak berpiztuz

Mitoaldiak pertsonaia mitologikoz beteko du Ataun. Sorpresa ugari dituzte prestatuta bihartik hilaren 14ra euskal arbasoez ikasteko

Pertsonaia mitologikoak ezagutzeko ekitaldiak egingo dituzte. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Mitoak ez dira ipuin zahar eta kondaira hutsak. Marimunduko, jentil erraldoiak edo laminak agertzen diren kondairak euskal arbasoek bizi zuten ingurunea ulertzeko eta interpretatzeko zuten moduari buruz jakiteko tresna apartak dira. Kondaira horiek ahoz aho igaro dira belaunaldiz belaunaldi, eta transmisioan etenik izan ez zedin, lan handia egin zuen Joxemiel Barandiaranek istorio horiek guztiak idatziz jasoz.

Jentilbaratza kultur elkarteak eta Barandiaran museoak elkarlanean liburu horiek astindu dituzte aurten ere. Pertsonaia horiei bizitza emanez, ondorengo belaunaldiei istorio horiek eta arbasoez ezagutzen den guztia transmititzea izango da II. Mitoaldiaren helburua. Bi elkarte horiek urte osoan egiten duten lan guztiaren azken ukitua da bihartik hilaren 14ra bitartean Ataun (Gipuzkoa) euskal mitologiaren etxe bihurtuko duen Mitoaldia. Jarduera ugari antolatu dituzte, publiko guztientzat.

Bihar, Errementari filmaren proiekzioarekin hasiko da Mitoaldia. Ataungo Herri Antzokian ikusi ahalko da, 19:00etan, eta, ondoren, Paul Urkijo zuzendariarekin solasaldia izango da. Larunbatean, Ataunen zehar ibilaldia egingo dute mitologia gune esanguratsuenetatik, Jon Aizpuruak gidatuta.

Igandean, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak izenburupean, ipuin kontaketa antzeztua ikusi ahalko da Barandiaran museoan, Marimunduko eta beste hainbat pertsonaiaren eskutik. Uztailaren 9tik 12ra, udalekuetako umeentzat mitologia lantzeko tailer bereziak antolatuko dituzte, goizez.

Uztailaren 11n, Joan Inazio Hartsuaga mitologian adituak Euskal mitologia egituratua izeneko hitzaldia emango du, 19:00etan, Barandiaran museoan. Amaitzeko, uztailaren 14an, Gau Ibilaldi Mitologikoa egingo dute. Euskal mitologiako pertsonaiak bidelagun, garai bateko herri bidean zehar oinez ibilbide bat egin ahalko dute, eta garai bateko kondairen munduan sartu.

Jarduera gehienen plazak mugatuak direnez, Barandiaran museoaren eta Jentilbaratza kultur elkartearen web orrietan eman behar da izena parte hartzeko.

Mitoaldia



Bihartik hilaren 14ra, Ataunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak