«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

enekoitz telleria sarriegi
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Jaime Aberasturi eta Josefina Erezumaren arteko ezkontza, 1962ko abenduan. ABERASTURI EREZUMA SENDIA

«Zurean esaten didazu berrogei nesketatik lau onartu dituztela, bost dudan daudela, eta horien artean zu. Espero nuen migrazio honetan etorriko zinela, baina, ezezkoa esaten badizute, erreklamatu egingo zaitut. Madrilgo Migrazio zuzendariari eskutitza idatzi diot». Hori dio Jaime Aberasturiren eskutitzak, aurretik Josefina Erezumak idatzi zionari erantzunez. 1962ko apirilekoa da. Marta planaren berri bazuten, eta arazoen berri ere bai.

Ikusi gehiago: 'Marten' hegaldia

Aberasturi 1958an joan zen Australiara, aurretik haren hiru anaiek egin bezala. Josefina Erezuma bikotekidea Euskal Herrian gelditu zen —Errigoitin (Bizkaia) jaiotakoa zen—; Gorlizko (Bizkaia) erietxean laguntzaile aritu zen, eta jostun ere bai, Australiara joateko erabili zuen pasaportean jasotzen denez. Kostata, baina aukeratu zuten, eta 1962ko azaroko hegaldian joan zen Australiara. Urria eta azaroa egin zituen Madrilen, Alcobendasko Maria Reparadora komentuan. «Hiru eguneko gogo jardunak ematen dizkigute, eta, hau guztia Accion Catolicak antolatzen duenez, misiolari gisa bidali nahi gaituzte», dio Erezumak Australiara iritsi aurreko bere azken eskutitzean: «65 neska gaude hemen, Espainiako toki guztietakoak, eta Bizkaikoak bost gara».

Ama zenaren «abentura»

Hegaldia 1962ko azaroaren 30ean iritsi zen Melbournera. Migrazioko arduradunekin egin zituen Josefina Erezumak egun batzuk, eta trena hartu zuen hurrena Inghamera —Brisbane zeharkatuz, 2.600 kilometroko bidaia—. Han zeukan zain Jaime Aberasturi. «Marta plana gisa duela urte batzuk ezagutu genuen. Amak ere jakingo zuen, baina hark kontatzen zuena bizitzaren abentura modura kontatzen zuen», azaldu du Jaione Aberasturik, Josefina Erezumaren alabak —2019an hil zen ama, Gernikan (Bizkaia)—.

Euskal Australia Elkarteko kidea da Jaione Aberasturi —berak 5 urte zituela itzuli ziren denak Euskal Herrira—. Elkartearen Whatsapp taldean egin zuten galdera. Erantzuna: «Hamabost marta batu ditugu, Euskal Herrian daudenak. Horietatik lau senargaiarekin ezkontzera joan ziren, baina beste 11 horiek ez zihoazen helburu jakin batekin. Dena dela, guk jasotako testigantza guztiak positiboak izan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.