Mirarien altxorra partekatuz

Iruñeko Planetarioan Mirarien Gela erakusketa antolatu dute urriaren 19ra arte. Bertan, M. Moleiro argitaletxeak egindako munduko liburutegien obren kopiak daude ikusgai.

Mirarien Gela erakusketaren aurkezpena, ostegunean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mirarien Gela erakusketaren aurkezpena, ostegunean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko urriaren 2a
05:00
Entzun

Nobleek bildutako altxorrak bitxikerien edo mirarien geletan gordetzen zituzten. Batzuetan gela handiak ziren, beste batzuetan armairu soil bat. Batez ere XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako noble eta burges europarrek jakin-mina pizten zieten objektu arrotzak biltzeko eta erakusteko erabiltzen zituzten. Bilduma pribatu horiek iraganeko mundua esploratzeko nahia islatzen zuten, aurreko belaunaldien bizimodua ezagutzeko beharra. Gela bakoitza bakarra zen, eta fosil naturalak eta antzinako tramankulu artistikoak gordetzen zituzten.

Nobleen etxeetako liburutegi pribatu zabal horietan oso ohikoa zen kodexak aurkitzea: eskuz idatzitako dokumentu zahar bat, liburu baten antzekoa, elkarri jositako eta koadernatutako kaierez osatua. Lehen pribilegiodunak ziren ondare historiko horretan murgildu zitezkeen bakarrak; orain, M.Moleiro argitaletxeak kodex historikoetatik egindako kopiei esker, mirarien altxorrak partekatu daitezke. Iruñeko Planetarioan Mirarien Gela osatzen duten hogei bat kodexen erakusketa izango da urriaren 19ra arte. Munduko liburutegi eta museo ezagunen maisulanen kopiak izango dira erakusketan, bederatzi mendetako historian egindako ibilbidea.

British Library, Londresen; Metropolitan Arte Museoa, New Yorken (AEB); Liburutegi Nazionala, San Petersburgon (Errusia); Arkeologia Museo Nazionala, Madrilen; edo Liburutegi Nazionala, Parisen. Horiek dira M. Moleiro argitaletxearen sortzaile Manuel Moleirok gehien bisitatzen dituen tokiak.

Duela 33 urte argitaletxea sortu zuenetik, liburutegi ospetsu horietako altxor zahar eta ezkutuenen kopiak sortu ditu Moleirok: «Liburutegien eginkizuna altxorren, artearen edo ezagutzaren testigantza horiek zaintzea da. Guk zera egiten dugu, original horien klon bat». Liburutegien helburu bera du argitaletxeak: jatorrizkoa babestea eta balioestea, baina, aldi berean, aztertzea eta denentzat eskuragarriago egitea. «Gure ale bat duen pertsonak originala bera izango balu bezala da; izan ere, originalarekin konparatuz ezinezkoa izango da bata eta bestea bereiztea», azaldu du Moleirok.

Teknikak berritzen

Kopiak egiteko prozesuaren oinarria artisautzan dago. Garaiko kopiatzaile eta koadernatzaileek erabiltzen zituzten teknikak mantendu egiten dituzte M. Moleiro argitaletxean, baina teknologia berrietatik datozen beste teknika batzuekin uztartuz. Lehenik, zehaztasun handiko kamera batekin, eskuizkribuaren irudiak lortu behar dira. Horretarako, liburutegiek biziki babesten dituzten lanak eskuratu behar dira, baina, Moleirok azaldu duen bezala, bere ibilbide luzearen ondoren, «konplizitate harreman» bat dago bere eta munduko liburutegi askoren artean. Argazki plaken gainean inprimatzen diren argazkiek jatorrizko liburuko orrietan dauden kolore ñabardura guztiak lortzeko aukera dute. Ondoren, plakak eskaner zilindriko baten gainean jartzen dira, irudiaren koloreak identifikatzeko eta oinarrizko lau koloreetan sintetizatzeko (magenta, ziana, horia eta beltza). 

Berenice Fernandez M. Moleiro argitaletxearen zuzendaritzako laguntzaileak azaldu duenez, lehen inprimatzea, elaborazio prozesu osoan bezala, eskuz egindako paper baten gainean egiten da, pergaminoaren testura erreproduzitzen duena: «Koloreak azalean geratzen dira, eta airean lehortzen dira. Oihalak kolorea xurgatzen badu, intentsitate handia galtzen du, eta ez da berdin geratzen». Ondoren, inprimaketaren emaitza jatorrizko kodexarekin alderatzen da, eta kopia jatorrizkoaren berdina dela egiaztatu ondoren, xehetasunak sartzeko unea da: orriak apaintzen dituen urrea kolore bereko metal batzuekin imitatzen da, eta margolanak goi mailako teknologiarekin egiten dira. Kodexen libretoak eskuz ordenatu, inprimaketa prentsan finkatu eta eskuz josten dira, Erdi Aroan egiten zen bezala. Fernandezen arabera, «ia originalaren» tapak kodexen berdina izan behar du, eta jatorrizkoan erabilitako materiala erabiltzen dute: «Prozesu neketsua eta garestia da, baina funtsezkoa nahi ditugun emaitzak lortzeko».

Lan gogor horren emaitzak ikusgai daude orain Iruñeko Planetarioan. Lan horiek duten ondare zientifiko, kultural eta artistikoak bost ataletan banatu dituzte: denboraren pertzepzioa, aisialdia, artea eta ongizatea, debozioa, espiritu esploratzailea eta jakin-mina. «Askotariko gai horiek gizakiaren nahiak, kezkak eta konplexutasuna islatzen dituzte, mundua ulertzeko egiten dugun ahalegina», esan du Moleirok.

Erakusketan dauden kopia bakoitzetik 987 ale jartzen ditu salgai argitaletxeak, zenbaki oso garrantzitsua zuzendariarentzat: «Zazpi zenbakia perfektua da. The Times egunkariak 2001ean eskaini zidan artikulu batean nire lana perfekzioaren arte gisa definitu zuen, eta hori da zazpi zenbakia niretzat». Oso jende gutxik duenez jatorrizko lanak ikusteko eta ukitzeko aukera, liburutegiek babesten dituztelako, argitaletxearen lanari esker argitara atera daitezke. «Ia ale guztietatik orrialde pare bat baino ez ziren ezagutzen; ezkerrekoa eta eskuinekoa, besterik ez», argitu du Moleirok.

Boteretsuenek denetik bildu zuten: liburuak, estatuen zati bat edo hezurrak, besteak beste. Horrela sortu ziren mirarien gelak. Argitaletxearen helburua altxor horiek demokratizatzea da, pribilegiatuenen aretoetan bakarrik ez egotea. «Oso eskuraezina den arte eta ezagutza hori aztertu eta demokratizatzeko modu bat da», azaldu du Fernandezek. Erakusketako liburuetan, jakiteko eta ezagutzeko zegoen gogoa ikus daiteke, baina idatzi ziren uneko informazioa ere islatzen dute margolanetan: zer jaten zuten, nola janzten ziren, eta eraikinak, adibidez. «Kodex horiek dira momentuaren benetako testigantza bakarra, margolariak ikusten zuenean oinarritzen baitziren», azaldu du Moleirok.

Izarrei begira

Erakusketako obren artean Albumasarren Ituna nabarmendu nahi izan dute M. Moleiro argitaletxeko kideek. Historiako astrologo arabiar Albumasarrek idatzi zuen kodexeko testua, 800. urtean. Testu horretan astrologoak hiru zibilizazioren mitologia astrala batu zuen lehendabiziko aldiz: persiarra, indiarra eta grekoa. Orrialde bakoitza hiru zatitan banatuta dago, hiru zibilizaziorentzat zodiakoko ikurrak zuen esanahia islatuz. Kodexak planeten irudikapenak biltzen ditu, baita kultura ezberdinek izarren kokapena zehazteko asmatutako konstelazioen marrazkiak ere.

Albumasarren itunaren kopia bat, M.Moleiro argitaletxeak egina. M.MOLEIRO
Albumasarren Ituna-ren kopia bat, M. Moleiro argitaletxeak egina. M. MOLEIRO

Astrologiak Erdi Aroko ezagutzaren adar askotan utzi zuen bere marka; gainera, Erdi Aroaren amaieran astrologia irakasten zen Europako Medikuntza fakultateetan, astroen kokapenaren ezagutza funtsezkotzat jotzen baitzen. «Ebakuntza bat egiterakoan beti kontuan hartzen zuten gaixoa jaio zen eguneko astroen posizioa», azaldu du Moleirok. Izarrek bizitzako elementu guztietan eragiten zutela uste zuten, beraz. Albumasarren Ituna-ren inguruan Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariak ostegunean eskainitako hitzaldian —Izarren ezagutzaren inguruan: Albumasarren Ituna— zeruak ezagutzaren eboluzioan izan duen garrantzia azpimarratu zuen: «Gizateriak unibertsoaren inguruko galderak egin ditu mendeetan, gure bizitzaren jatorria, eta galdera horiek guztiek ezagutzaren garapena eratu dute, eta leku askotan islatu dira». 

Testigantza horietako batzuk Albumasar astrologo eta astronomoaren itunean daude. Astrologia «izarren epaiketa» zela uste zuen astronomoak; izan ere, haren ustez, zeruek eta planetek zuten itxurak eta kokalekuak eragin zuzena zuten munduko erabaki handietan. Armentiak esan bezala: «Albumasarrek uste zuen jainkoak gizateriari eman zion ezagutza zela astrologia, baina ahaztu egin genuen jakintza. Bere itunarekin, gizateriak galdutako bide hori berreskuratzen saiatu zen».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.