Gari Argote. Oiartzunen entrenatzailea

«Mirari moduko bat da Lehen Mailan egotea; harro behar dute jokalariek»

Realaren kontrako derbia jokatuko du gaur Oiartzunek. Aurreko jardunaldian 13-0 galdu zuten Bartzelonaren kontra, baina Argotek adierazi du ahaztu dutela kolpea, eta gogoz eta ilusioz daudela.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Gutxienez garaipen bat beharko dugu, eta, ziurrenik, beste bat ere bai». Liga amaitzeko hiru neurketaren faltan, Gari Argote Oiartzunen entrenatzaileak(Oiartzun, Gipuzkoa, 1977) eginak ditu datorren sasoian Lehen Mailan jarraitzeko kontuak. Dena den, gaur Realaren aurka jokatu behar duten derbian du jarria arreta. Taldea egiten ari den lana goratu du. «Denboraldi honetan kolpe asko jaso ditugu, eta horiei aurre egiten jakin dugu. Gaitasun hori erakutsi dugu».

Asteartean hamahiru gol sartu zizkizuen Bartzelonak. Zer esan zenien jokalariei halako porrot baten ostean?

Bagenekien partida zaila izango zela, baina ez genuen espero halako porrota izatea. Gertatutakoaren inguruan hitz egin genuen, eta egin genituen okerrak aztertu. Dena den, dagoeneko ahaztu dugu porrot hori, etaigandeko [gaurko] partidan pentsatzen ari gara. Hil edo biziko partida bat da guretzat Realaren kontrakoa. Taldeak kolpe gogorrak hartu ditu denboraldi honetan, eta horiei aurre egiten jakin du. Gaitasun hori izan du. Ziur naiz orain ere hala egingo duela, eta duen maila emango duela derbian. Astean zehar antzeman dut hori. Jokalariak gogotsuikusi ditut, eta lehiatzeko prest. Partida serioa eta ona egin nahi dugu.

Lehen itzulia amaitu eta gero, bazirudien ia ezinezkoa zenutela mailari eustea. Ondoren, egoerari buelta eman zenioten. Orain, ordea, berriro zaildu zaizue salbazioa. Kalkulatu al duzue zenbat puntu beharko dituzuen hori lortzeko?

Gutxienez garaipen bat beharko dugu, eta, ziurrenik, baita beste bat ere. Ikusi beharko dugu zer geratzen den gure arerioen arteko neurketetan: Tacuense-Espanyol asteburu honetan,etaAlbacete-Tacuense hurrengoan.

Mailari eutsiko diozuela uste duzu?

Argi dago denboraldia gorabeheratsua izan dela. Baina baikorra naiz. Asteartera arte, taldea ondo lehiatu da, eta hala jarraituko duela uste dut. Gainera, derrigor irabazi behar genituen partidetan garaipena lortu izan dugu. Etxean, gainera, indartsu gaude, eta falta zaizkigun hiru partidetatik bi Karla Lekuonan ditugu.

Denboraldi osoan egon zarete beheko postuetan. Horrek presio handia sortzen du. Ez al da nekagarria sasoi osoa hainbeste presiorekin jokatzea?

Garbi dugu Oiartzunen moduko talde bat Lehen Mailan egotea sari bat dela, mirari bat. Jokalariek harro egon behar dute egiten ari diren lanaz eta ahaleginaz. Horrek lagundu egin behar die dakiten bezala jokatzeko, eta presioa ondo kudeatzeko. Baina ez da erraza. Izanere, batzuetan etsigarria da lana ondo egiten ari zarela ikusi eta gero emaitzak ez lortzea.

Reala duzue gaur aurkari. Oso ondo ari da azken partidetan. Nola ikusten duzu talde txuri-urdina?

Reala oso garai onean dago, denboraldiko onenean, esango nuke. Lehen itzulian zalantza batzuk izan zituen, baina bigarrenean nabarmen egin du gora, eta ikusi da maila handiko taldea dela, serioa. Kopa ia ziurtatu du, baina partida on bat egin nahiko du. Guk urduritasuna eta presioa ondo kudeatzen asmatu behar dugu, guretzat neurketa final baten parekoa baita. Ilusioz eta baikor heldu behar diogu partidari. Derbi bat izateak indarra eman behar digu. Gainera, zale asko etorriko dira gu animatzera.

Kontrarioak estutzen ari dira. Aurreko jardunaldian, ezustean, hirurek irabazi zuten. Espero al zenuten?

Jardunaldia txarra izan zen guretzat. Duela bi jardunaldi, Granadillari irabazi genionean, ematen zuen pauso oso garrantzitsua eman genuela eta tartea ireki zela. Baina dena estutu da berriro. Lehia gero eta estuagoa da talde guztien artean. Azken jardunaldietan, gainera, beti izaten dira ezusteak. Behean gauden taldeek asko dugu jokoan, eta hori antzeman egiten da.

Geratzen zaizkizuen beste bi aurkariak Rayo eta Zaragoza dira. Norgehiagoka horietan pentsatzeko tarterik izan duzu?

Ez dut horietan pentsatu. Guretzat garrantzitsuena Realaren aurkakoa da, ezinbestean behar dugun garaipen hori lortzeko lehen aukera baita.

Herenegun jakin zen Igor San Miguelek ez duela jarraituko Realean datorren denboraldian. Zuk segituko al duzu Oiartzunen aulkian ?

Ikusi beharko dugu nola amaitzenden denboraldia, eta horren arabera hitz egingo dugu. Gauza asko hartu behar ditut kontuan. Alde batetik, gogorra eta nekagarria da hamabost egunetik behin kanpora bidaiatzea. Izan ere, lana eta familia hor daude. Baina, bestetik, oso esperientzia polita izaten ari da. Oiartzungoa izanda, ohorea da aukera hau izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.