Eta, poemaz poema, harrigarrizko sorta osatu zuen bizpalau urtean. Olerkiak behin eta berriz lantzearen indarrez, laster izan zuen bilduma umotu, zoritu, sasoiarazi bat. 1953 zen urtea...
1948ko martxoaren 9koa da gutuna, Jon Mirandek Jon Loustauri idatzia. Bigarrena-edo dute, honetaz eta hartaz ari dira, bata bestearen lehen ezagutzak egiten, euskaldunez eta frantziarrez mintzo, atsegin duten literaturaz eta autoreez. Gutuna burutzera dator Mirande: «Toki pixka bat gelditzen bai zait oraino, edertiz mintzatuko natzaizu. Nik ere maite ditut aipatzen zinauzkidan ereslariak, bait eta Wagner ere (...) Zure ihardespenean erran zaidazu zoin dira irakurri ta gehienik maitatu ditutzun euskal ta erdal liburuak, baita zuhaurek idatzi nahi zinituzkenak. Nik ere pozik idatz nezake irakurgai edo edestizun bat euskeraz, ba, bainan erdira ez bai derabilat aski ondo, ez naiz ausartzen. Itzulpen labur egiten ditut noiztenka ene mintzairaren trebatzeko. Duela denbora poxi bat mamu-ipuin bat euskeraratu nuen ingeleratik, eta orai nahi nuke Edgar A. Poe'ren itz-lauzko olerki luzexka bat itzuli, bainan zail da, zail!». Dakigunez geroztik, garaikoa da Miranderen Bela, Poeren The Raven poemaren itzulpena, eta, mintzairaren trebatzeko beti, ber gisan ekarri zituen euskarara Nietzsche, Garcia Lorca, John Keats, Bing Crosby eta besteren zenbait poema.
Urte bereko apirilean garela, berriro gutunka Mirande Loustauri: «Aspaldiska badu idatzi nauzula eta geroztik zure erantzunaren zai nago. Eskutitz bat galdu datekea? Ba diteke; dena den, gaur luma hartzen dut lerro batzuen zuri bialtzeko (...) Gutun horrekin batean igortzen dauzkitzut orain bi urthe moldatu nituen bertso batzu: itzulpen bat da ingeleratik, edo hobeki erraiteko, eskozeratik. Aldi huntako ez dautzut besterik idatziko, menturaz zure letra bidean baita. Eskuratzen dudanean, orduan luzaz ihardetsiko dautzut. Haren esperantzan, baratzen naiz lagun maitea». Ez zuen, haatik, erantzunik jaso. Patri Urkizuren Jon Miranderen gutunak (1948 1972) lanaren arabera, hiru gutun baizik ez zizkion idatzi Mirandek Loustauri. Hainbestean kito izan zen bien arteko gutun-truke hura.
Aintzat hartzekoa da Mirandek adiskideari aitortua. Itzulpenak eginez hasi da, trebatu da, euskaraz. Bere gisa eta bere buruarentzat. Loustauri gutuna apirilean igorri, eta bi hilabetera artikulua dakar Mirandek Gernika aldizkariaren uztaila-iraileko zenbakian: Eskuara Eskolan. J.M. Parisekoa da sinatzaile, eta da Jon Mirande, irakurlea aise ohartzen ahal denez. 1948 urte horretan bertan ekin dio Rafael Pikabe Alzibarrek aldizkaria argitaratzeari, eta aipatu artikulu horixe dukegu Miranderen lehen lan publikatuetako bat. Haatik, laster hartuko du zinezko eta minezko bidea, poeta zilar kristalezko finarena.
Ibiñagabeitia'tar Andima'ri
Loustaurekin harremana galdua, Txomin Peillen eta Andima Ibiñagabeitia izango ditu adiskide eta gutun-lagun Mirandek. Haiei idatzitako gutunek ematen digute Miranderen lehen urratsen berri. Ez alferrik, Ibiñagabeitiari ari zaio Mirande 1950eko irailaren 29an: «Asi naiz Nietzsche'n Zaratustra euskeraltzen. Ez det âtik oro itzuliko, garrantziko zatiak soilki. Bi ikusi dituzu dagoneko. Zer deritzaizkizu? Gero argital ditezke edo Euzko-Gogoa'n, edo, danak bildu-ta, idazti txiki batean, argitaldaririk arkitzen ba'da beintzat. (...) Beste euskal-idazlan zenbait asi gai ditut, nire kabukoak oiek, naiz itz-lauz naiz olerki (...) Eskerrik asko Bela idazkiñezteagatik. Itzal dalako itzulpena bialduko didazu, otoi?». Mirandek Andimari bidali ohi baitzizkion eskuzko idazlanak, makinaz jo ziezazkion. Euzko-Gogoa-z denaz bezainbatean, urte hartako urtarrilean ekin zion Jokin Zaitegik aldizkaria argitaratzeari, eta hantxe dira, epail-jorrailetako zenbakian Andimaren bidetik Zaitegiren eskuetara heldurik, Miranderen Yeiki yeiki, Maitasun, Akelarre, eta Bi beleak, zeina baita eskoziar balada zahar anonimoa, The two corbies, Mirandek euskarara ekarria, lehenago Loustauri iragarri zionez.
Euzko-Gogoa-ren ondoko zenbakian, berriz, bi poema original, Illunabarrez eta Jauregi otzean, eta Ludwig Uhland (1787-1862) poeta alemanaren Ba-nin adiskide bat dakarzkigu gure olerkariak.
Langile saiatua da Mirande. Idatzi nahi du, eta du idazten. Gernika-ren 16. zenbakian 1951ko uztaila-iraila, Miranderen bi poema berriz ere: Ametsetarik, eta Neskutsak, Mirande'tar Jon sinaduraz. Nietzscheren Zaratustra itzultzeaz den bezainbatean, Mendi gallurretatik (Aus hohen Bergen) euskarara ekarria ikusiko dugu ondoko urtean, aldizkari berean beti.
Eta bateko Euzko-Gogoa-n, besteko Gernika-n eta Egan-en, tantaka etengabean etorriko dira Miranderen poemak argitara.
Handik urtebetera, esaterako, 1952an, Koldo Mitxelenak zuzentzen zuen Egan-en orrietan Miranderen Nil igitur mors est etorriko da. Deigarri da, lehenago inori ez bezalako harrera egin dio errenteriarrak Pariseko zuberotarrari: «Euskal-elerti soroan atxurlari trebe-berria azaldu zaigu: Mirande'tar Jon, ogei ta sei urteko zuberotar mutil gaztea. Bere nortasun pizkorraren oiartzuna bein baiño geiagotan atseginki gureganatu zitzaigun Euzko-Gogoa-ren bitartez. Ta, orain, zorionez, gazte eraginkor onen erraiñu bikain bat Egan-en islaturik euskal-orriak argitzera dakarkigu. Euskaldunak badu zertaz poztu. Egan-ek ongi-etorri adeitsua egiten diolarik bere ateak zabal-zabalik idekitzen dizkio». Mitxelenaren eta Miranderen arteko adiskidantzaren hazia izango da. Harrezkero, luzaro iraungo du bien arteko harremanak. Ondoko urtean, Edgar Allan Poeren The Cask of Amontillado poema argitaratuko du Mitxelenak Egan-en, Mirandek euskarara itzulirik: Amontillado-upela.
1953
Idazten hasi zitzaigun, eta nabarmendu, Mitxelenak Txomin Peilleni 1973an Salamancatik Parisera gutun bidez aitortuko zionez: «...Mirande hasi zitzaigun lehenik, gerla ondoan, bide berriak urratzen...».
Bide berriak zitzaizkion euskal literaturari, ez, haatik, Miranderi.
50eko hamarkadaren hasierako, Mirandek argitaratuak ditu poemak garaiko aldizkarietan.
1953ko otsailaren 16an, Andima Ibiñagabeitia gutunez ari zaio Antonio Maria Labaieni, Pariseko erbestetik Donostiara: «Beti bezela ari gera, io ta ke euskeraren alde. Oraingo ontan, Mirande´tar Ion bere olerki bilduma orrazten ari zaigu irarkolara igortzeko. Mutil au ere lapurtar klasikura ioan zaigu, eta izkera ortaz bere olerkiak apaintzen diardu. Ala ere, Mirande'ren izkera berriak gurearen eite eta eragite aundiago du Krutwig'enak baino. Maizuak baino askoz ere obekiago idazten du lapurtar klasikoz. Poema berriok oso ederrak dira guziak euskerari begiratuki, filosofiz eta sinismenez bitxiegi izan arren. Onik egingo dio euskerari zenbait lokartu suspertuko dituelako».
Eta hortxe Mirandek bere bidean izango duen lehen behaztopa: euskarari dagokionez poema ederrak izanagatik ere, bitxikeria dira «filosofiaz eta sinesmenez». Bistan dena, Elizaren eta Francoren diktadurapeko Euskal Herrian.
Mirandek berak ere badaki gainerako idazleak ez bezala ari dela poemak idazten. Bera da bide berriak urratzen lehena eta, are, bide berrietan barna urrutien dabilena ere.
Eta poema bat han, bi hemen… sorta osatu du Mirandek, obra txiki bat, urregorrizkoa, Andima Ibiñagabeitiak era batera eta bestera hauspoturik. Pariseko Radio Euzkadin 1953ko otsailean Andimak Miranderi egindako elkarrizketa inori laineza ez txikia emateko modukoa da. Irratiz otsailean emana, paperean zen laster, Gernika-ren apiril-ekainetako zenbakian: «Aurten Jainkoak baletsa, euskal literaturak mendeak zear ezagutu duen argitaldirik garaiena ezagutuko du ezbai gabe. Emen Parisen gaurdaino izan ez dugulako olerkari bat bere poemak orrazten ari da leen bait leen irarkolara igortzeko». Jon Mirande Aiphasorhoz eta haren obraz ari da, baiki.
'27 poema'
Andima adiskidea lagun duela, aldizkarietan argitaratuak bildu ditu Mirandek.
Prestik da bilduma: 27 poema, egilearen urteak bezainbat.
Prestik dira liburuaren sartze hitzak ere: «Zergatik idatzi ukhan ditut [poemak]? Gogoak hala eman zerautalakotz nabaski. Behin, Euskaldun, eta fededun batek, hauxe egotzi deraut erderaz, jakina; egoki denetik, euskaraz ez baitzakien...: 'Uste al duzu Euskara ta Euskadi gaizkatuko dituzula, olerki pantheistak idatziz??'. Ez, jauna, ez dut hori uste. Daukat Euskera ta Euskadi gaizkatzea bere lehen jo-muga ukhan behar lukeela Euskalherritar jathor orok; ene aldetik, jo-muga horren iristekotz, guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?) bainan, neurthizketan dihardudalarik, bertzerik dut gogoan: oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak hots, for the happy few. Aithor dut poeta on batek, den pantheista ala papista, ez dakharkeola herriari... pelotari on batek baino onura gehiagorik. Hain zuzen ere, ene neurthitz ok ez ditut onurarako eginak, solhazerako baino; zilhegi baitzaiku noizik behin jo-muga gurenak aldebat utzita solhazik nolaerebait bilhatzea.
«Nire poema hauk irakurri ondoren, bildur naiz zenbaitzuen bizar veneragarriak asarrearen asarrez zutituko zaizkidala, dena lizunkeri eta blasphema merkhe naizelakoan. Zer nahi duzue? Ene asmoak, ene ametsak, ene ohartikasiak hartu ditut idazgaitzat, idazle guztien ariora. Balaiteke zuenak bezain argi ta garbiak ez izaitea. Txit nigar-egingarri zait bainan... neureak dira eta atxikia natzaie. Neholaz ere ez nuke nahi, haatik, zuen bihotz aratzak ni naizela zio urdint litezen. Hori itzur-ehi da, ordea: aski duzue ez irakurtea; ez natzaizue batere aiher izanen!».
1953, Miranderen urtea izan zitekeena. Izan ez zena.
1953ko ekainak 5. Andima Ibiñagabeitiak Antonio Maria Labaieni gutuna: «Mirande´n bertsu-liburua ere laster, datorren illean, argitaratuko da deitura onekin: '25 Poema'. Izuikaraz nago dagonetik, baranoan eraiki bear duen takel eta abarrots-gorria dirala-ta». Andimak Labaineni aginduagatik ere, ordea, Miranderen poemak ez ziren «datorren hilean» argitaratuko, hogeita hiru urte geroago baizik, 1976an. Nor beretik, eta berean, Andima Ibiñagabeitia-Pako Miangolarra-Jon Mirande... ditugu afera gaitzeko korapilo bihurri.
Eta 25 poema nahiz, hurrena, eta, azken, 27 poema izango duen balizko titulu, publikatu bitartean, idazten jardungo zuen Mirandek, eta, bere urtea izan zezakeen hartan bertan, polemika samin garratza eragingo zuten artikuluak plazaratzen. Ororen buru, Liburu lizunetaz, Euskaldungoaren etsaiak… poemek bezainbat, zenbaitzuen bizar beneragarriak haserrearen haserrez zutiarazi zituztenak.
Esan ohi denez, hori beste historia bat da...