Orduan ere, Patri Urkizuk behar! Jon Miranderen gutunak (1948–1972) liburuari aurkezpen gisakoa eginez ari zitzaigun, eta, hainbat autorek Pariseko poetari eskainiak zizkioten lanak xehe zerrendatzeaz batera, horrek zekarrena azpimarratu nahi izan zigun: «[Batzuek eta besteek] eskaini dizkioten saio mardulek erakusten digute ez duela Mirandek gaurkotasunik galdu, eta zio ezberdinengatik —moralaren hertsia, zentsura...—, bere garaian merezi zuen adinako arreta ez bazitzaion eskaini, gaur egun [1995] egoera aldatuxe delarik, zor zaion lekua euskal literaturan lortu bide duela [...] ohartu gaitezke gutun benetan hunkigarri hauen bitartez zenbaitek eman diguten irudia ez zela hain zuzena, eta ez daitekeela inolaz ere idazle handi honen sakona eta aberatsa klixe hertsi eta errazegiekin muga: faxista, paganoa, igarle, desterratua, kristautasunaren lehen kritikoa euskaraz, indargintza predikatu duen lehena...». Patri Urkizu, beti Mirandez.
«Nazizaletasuna eta indargintza predikatu bide duen lehenaren obra aipatzeak zalantzaz betetzen nau»
PATRI URKIZUIrakasle eta idazlea
Handik bi urtera ere berdintsu ari zen Urkizu. Ordukoan, Parisen jaio poetaren heriotzaren mende laurdena izan zuen aitzakia, edo Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak Miranderen gainean jarduteko emandako aukera: Jon Mirande orhoituz (1925–1972) lana, alegia. Eta, liburuaren atarian bertan, Urkizuk: «[Batetik] ...gerraondoko poetarik finen eta hoberenetakoa gure muga hertsietatik haratago behar bezalako duintasunez ezagutarazteak poztu nau, okasioaz balia bainaiteke bizpahiru lan argitaragabe eta ezezagun plazaratzeko, eta halaber euskal literaturari buruzko klixe eta aurreiritzi mugatuak apurtzeko. Bestetik, ordea, gure eguneroko tragikotasunean bortizkeriak halako indar handia duenean nazizaletasuna eta indargintza predikatu bide duen lehenaren obra aipatzeak zalantzaz betetzen nau. [...] Betoz testuok garai eta idazle baten adierazgarri gisara, non helburu nagusia izan baitzen euskaldun lokartuak ernatzea eta euskaldunen literatura goratzea eta eguneratzea, sortze-lanen eta itzulpenen bitartez». Eta zerutik jakina denez, Friedrich Nietzche, E. A. Poe, Garcia Lorca eta Franz Kafka aipatu zizkigun Patri Urkizuk.
KMK-ko liburuan, partez Aurelia Arkotxarekin batera jardun zuen Urkizuk. Haatik, Miranderen obraz ezer esan baino lehen, eta haren pieza hautu batzuk irakurtzera eman aitzin, poetaren «bizitza-ohar zenbaiten kronologia» egiteari lotu zitzaion Urkizu, sen onez.
Urkizuk ereindako hazitik ari gara zuhaitz egiten, hamaika iturritatik edanez.
Iragan mendeko 20ko hamarkada
1920.Parisen ezkondu dira Pierre Mirande Etxebar eta Marie Aiphasorho Arabarko. Zuberotarrak dira biak, Garindainen sortua gizona, Sohütako Oki kantoineko Xaho etxaldekoa emaztea. Lehen Mundu Gerran parte hartuak dira biak. Pierre, Salonikako eta Mazedoniako fronteetan borrokatu da Frantziako armadan. Hankan zauritu dutelarik itzuli da etxera. Gero, Parisera migratuko du, hainbat herritarrek bezala. Mekanikari jardungo du Citroen etxean. Ezkondurik, Continental hotelean ariko da, mantenimenduan.
Marie, gizona baino lehenago heldu da Parisera, neskato. Gerra garaian, erizain lanak bete ditu Paris bereko 230 Sorospen ospitalean, eta ohorezko domina jaso du merezimenduz. Ezkondu bitartean, zerbitzari eta sukaldari ariko da hiriko auzo aberatsenean, La Boetie karrikako 59 zk.-ko etxetzar ederrean. Bertan lan, bertan jan, bertan eginez ere lo Mariek, zerbitzarientzako gelan. Igande goizetan mezatara doa etxeko nagusiekin. Azkenean, libre du arratsaldea.
Ezin jakin nola ezagutu zuten Pierrek eta Mariek batak bestea. Ordurako, euskaldunek elkartzeko ohitura zuten, izan Bastillako Tambour edantegian, izan Eskualduna elkartearen dantzaldietan. Ezkondu eta Capri karrikako 6 zk.-ko etxe apalean jarri dira bizitzen, seigarren solairuan, azkenean. Teilape txikia da, sukaldea eta gela ditu. Kanpoan du komuna, auzoekin partekatzekoa. Hotz da neguan.
«Ohartu gaitezke [...] ez daitekeela inolaz ere idazle handi honen sakona eta aberatsa klixe hertsi eta errazegiekin muga: faxista, paganoa, igarle...»
1921. Lehen haurra egin dute: Yvonne. Urriaren 4an jaioa, hila da zortzi hilabetera. Handiak dira amaren nahigabe-pesadunbreak.
1923. Bigarren haurra sortu dute: Simone Therese Engrace. Pariseko bizia ez dute aise, eta Yvonneren heriotzak ere ez du deusetan laguntzen. Bakantzetan, Marieren sortetxera joaten hasiko da Mirande-Aiphasorho familia eta, han, eta aldi bateko, amatxiren eta otto-ttantten esku utziko dute Simone. Hantxe iraungo du haurrak zortzi urteak bete artean. Gurasoek, berriz, bakantzetan baizik ez dute alaba ikusiko.
1925. Hazilaren 10ean, hirugarren umea: Jean Pierre Cadet. Jean etxekoentzat, gure idazlea izango duguna.
30eko hamarraldia
1931. Parisera ekarri dute Simone. Anai-arrebek neketan ezagutzen dute elkar. Arrotz zaizkio bata besteari. Hizkuntzak ere diferente dituzte. Simonek Sohütako Xahoko euskara bizia dakar; frantsesa, berriz, herriko eskolako lehen urtekoa baizik ez. Jeanek, aldiz, ez daki euskaraz, gurasoek bata besteari euskaraz eginagatik ere, frantsesez hazi dute Pariseko haurra.
Familia osoa etxean dela, bizitoki handiago baten bila hasi behar izan dute gurasoek eta, bitartean, bi seme-alabak eskolatu dituzte. Wattignies karrikako (12. barrutia) 52 zk.-ko eskola publikoan estreinatu da Jean. Simone, Riblette karrikako 14-16 zk.-ko eskola publikoan, aski zorigaiztoko. Ez da frantsesez nahi bezain zalu mintzo, eta irakasleak ez dio burla gutxi egin. Honenbestez, gurasoek etxean frantsesez hitz egitera behartuko dute. Simonek Sohütako senideekin komunikatzeko baizik ez du atxikiko euskara, eta halaxe hitz egingo du beti haiekin telefonoz, edo idatziko die Eguberrietan.
1932. Simone Parisera ekarri eta urtebetera, Davout Bulebarreko 106 zk.-ra (20. barrutia) lekualdatu da familia. 34 metro koadroko apartamentua da, gas sukaldea eta bi logela ditu, eta bertan du komuna. Ur berorik ez da, ikatzezkoa dute berogailua.
1937. Garaian, gurasoek Sohütara bidaliko dituzte Simone eta Jean udako bakantzetan, Reveil Basco-Bearnais elkartearen ekimeneko trenean.
Urtean zehar, Parisen, eskolan dira beti hala Simone nola Jean. Simonek nahi luke bigarren hezkuntza burutu eta irakasle ikasketak egin, Zuberoara itzuli eta Maulen errientsa izan. Haatik, bere gogoko ikasketak egiteko izena ematerik ez du izan —oker burokratikoak zio, inondik ere—, eta idazkaritzatik joko du. Engoitik, eta hil arteraino, Parisen egingo du bizia.
1940
1943. Jeanez den bezainbatean, beka jaso eta Nazio plazako Arago Lizeoan egin ditu bigarren hezkuntza eta Filosofia batxilergoa. Asko baino gehiago egin du, ikasleen %4k baizik ez baitute maila gainditzen. Bistan da, gaitasuna du, eta etxekoek eta adiskide lagunek bihotz eman nahi izan diote, ikasten segi dezan. Jeanek ezetz. Ez du ikasketa arautu gehiago egin nahi izan. Lanari buruz jarri da.
1944. Finantza ministerioan hasi da lanean, Beuret karrikan. Bigarren Mundu Gerra garaia da oraindik, baina alemanek Paris utziko duten urtea. Jeanek Beureteko bulegoan emango du biziko lanaldi guztia, ez gogo onez, hala ere, gerora poema batean adieraziko duenez: «Pariseko kale batean / etxe zikinen artean / bat dago zikinagoa, / iluntzen baidit gogoa / haren aipatzeak berak, / han bertan dut lan egiten / axotez beztuz paperak. / Seiak jo arte ezin erten / aspertzen naiz, lor betean, / büro zikintsu batean...».
1946.Hogeitsu urteko dela, euskara ikasteari lotu zaio Jean Mirande, Jean Loustari 1948ko gutun batean adieraziko dionez. «Orai duela bi urthe [1946] arteo, euskera fitsik ez nakien, zuberoera poxiño bat baizik. Ordutik lotu natzaio euskeraren ikasteari. Oraino ez naiz trebe-trebea eta huts asko egiten [ditut], haatik ikasi nahi gorria naiz». Piarres Xarritonen arabera, gipuzkoar apaiz Mendiola izan du lehen irakaslea. Espainiako gerratik ihesi Parisera heldua, parroko da Saint-Ferdinand-des-Ternes elizan. Jean Loustauri ari zaio, gutun berean: «Iaz [1947] ikasi nuen giputzera pixka bat; beharbada manexa baino hobeki derabilt. Burhasoekin, aldiz, nakien zuberoera aphurra ontzen eta aberasten ari naiz».
Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan trebatu da euskaraz, Andima Ibinagabeitia irakasle duela, eta ikaskide, berriz, Txomin Peillen, Iñaki Renteria eta Felix Irizar. Hantxe ezagutu dute elkar zuberotar jatorriko biek, Mirandek eta Peillenek. Honek esan zigunez, «Andimak gure izenak aldatu zituen: Dominique nintzena, Txomin izango nintzen, edo Peillen’dar Txomin. Eta, gisa berean, Jean Mirande, Mirande’tar Jon». Ibinagabeitiak akuilaturik, laster dira biak euskaraz idazten —gipuzkeraz, irakasleak halaxe gidaturik, nahiz bata besteari zubereraz mintzatzen zaizkion—, eta lehenbiziko lanak argitaratzeko bidean.
Garaian, urtean bizpahirutan amaren Sohütako Xahora joateko ohitura hartu du Mirande’tar Jon-ek, bere burua zubereraz zailtzeko gogoz.
1947.Goulven Pennaod bretoiak idatzia da. «1947ko abenduan Parisera heldu berria nintzen. Ker Breizh-en ibiltzen nintzen, bretoi etxean. Larunbat arrats batez, Rennes karrikako 108 zk.-an dagoen Librairie Celtique izenekora joan nintzen. [... nire adineko mutil bat topatu nuen, argitaraberri zen liburu baten orriak inguratzen ari: Diwar c’hoarzin edo gerla ondoko astakeriaren bat izango zen. Mutilari hurbildu nintzaion eta bretoieraz erran nion: ‘Ez eros hori, alukeria hutsa da’. Bretoiera ezinago hobean ados zegoela erantzun zidan. Bretoieraz hasi ginen hizketan, eta bretoieraz jarraitu genuen. Ni bezala, bretoiera hiztun berria zela ohartu nintzen: sortzezko bretoiak ezin ukanen zukeen gramatika hertsitarzuna zuten haren perpausek. Mutil hark ez zeukan ttipitandiko hiztuna salatuko luketen mintzatzeko doinurik ez neurririk».
Aise mintzo da Mirande bretoieraz. Hizkuntzak bereganatzeko dohain berebiziko beregaina du.
Pennaoden eskutik —edo bere gisara—, Mirandek bat egingo du garaiko bretoi mugimenduarekin eta, ondotik, euskal abertzaletasunarekin.
1948. Telesforo Monzonena da gutun laburra. Jose Maria Lasarteri ari zaio, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) Parisera. Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu Eliodoro de la Torre hilik (Baiona, 1946), haren ordezko da Lasarte. Hari ari zaio Monzon, Mirandez. «Ene adiskide: Lendakariaren etxean, zuk mutil bat lanerako bear zenula-ta, oroitzen al zera Jean Mirande nola aitatu nizun nik?».
Zerutik jakina denez —Lasartek Monzonek Jean Mirande aitatu ziona gogoan izan, nahiz ez—, mutila ez zuten Jose Antonio Agirre lehendakariarenean lanerako hartu.
PARIS-BEURET
Parisko kale batean
etxe zikinen artean
bat dago zikinagoa,
iluntzen baidit gogoa
aren aipatzeak berak,
an bertan dut lan egiten
axotez beztuz paperak.
Seiak jo arte ezin erten
aspertzen naiz, lor betean,
büro zikintsu batean.
Nire lankide bikainak
ditut adixkide minak;
goizero agurtzen naute
ixilik, bai naute maite
nola deabruak Jainkoa.
Ari dira, bele antzo
—koa, koa, koa, koa—
bestengatik gaizki mintzo:
bizkor dituzte mingainak
nere lankide bikainak.
Goizian goizik jaiki-ta
lanera noa... erresta...
biotza jartzen zait makal
salan sartzean aldikal
entzuten ditudanean
atso txar guziak oro
besteen jorratzen lanean,
aotik izuriz iro;
ez dute uzten izketa
goizean goizik asi-ta.
Büroko emakumeak
lodiak, orobat meak,
danak dirade itsusi.
Nornai joan leike igesi
aiengandikan, al balu...
Nik aiekin egon bear
—orrek dit egiten dolu
orko ordu luzeak zear—
nik, eusko aitor-semeak!
Oi, debru emakumeak!!
Maiz zeruari so nago
naiz arek mindutzenago
nauan, konturatu-ala
or egon bear dudala.
Bainan, minak uxatzeko,
asten naiz idazten neurtitz,
euskal neurtitz eder asko,
—neuk dudan bezela gogo—:
seiak arte ortan nago.
Orrela, büro batean
atso iztunen artean,
pasatzen ditut orenak,
pasatzen ditut egunak,
iluntzen baidit gogoa
aien aipatzeak berak.
Gero-ta zoroagoa,
axotez beztuz paperak
Beuret-ko büro maitean
Pariseko kale batean...
Jon Mirande, 1951