Egiaz eta begiaz

Miranderen eta Aginagaren arteko liskar sumina: juduak

1953an izan zuen lehen liskar publiko garratza Jon Mirandek. 'Liburu lizunetaz' artikulua idatzi eta Elizaren ordezkarien erreakzio kartsua eragin zuen.

Miranderen gutunetarik bat, 1954an. ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun

Urte berean, beste artikulu bat, 'Euskaldun gudu-zalduntza baten beharkiaz', eta 1960an beste bat, aurreko urteko Goncourt sariaz. Eta Iñaki Aginagak literatura sari horren gaineko testua hartu, zazpi urte lehenagoko gudu-zalduntzazkoari lotu, eta antisemitismoz beztitu zuen Mirande.

 

Goncourt sariaz idatzi du Mirandek Egan aldizkariaren 1960ko maiatza-abenduetako zenbakian, eta hauxe du haste: «Aldizkari honen irakurleek badakite noski zer den Goncourt saria (...) joan den urtean [1959] Schwartz-Bart (on dizuela!) delako batek zuen jaso Le Dernier des Justes eleberriagatik, 'Zuzenetako azken' hori ez frantses zuzenean baina mordoilo batean idatzirik izan arren. Halaz ere, Frantziako intelektual izpiritu-zabalek gogo onez onartu zuten goncourtarren aukeratzea; alabaina, Schwartz-Bart hori judua da, haren liburuak poloniar ghettoetako sineskeria bat du gaitzat, eta, dakizuen bezala, Frantzian (eta Galian, halaber), on eta edertzat dauzkate zuzenka edo zeharka Israeldik datozen jende eta gauzak oro: Goizerritik [Ekialdetik] argia...

«Aurten, Errumaniatik ihes etorritako Vintila Horia eleberrigileari eman diote Goncourt saria Dieu est né en exil ('Jainkoa erbestean jaio da') bere liburuagatik. Hau ez da, noski, frantses txit jori eta akats gabekoan idatzia, baina tira!, azken urteotako saridun batzuekin parekatuz, Horia ez da hain gaizki ateratzen... (...)

«Aldi honetan ere frantziar intelektual izpiritu-zabalek ontzat hartuko zuten beharbada Goncourt akademiaren aukeratzea, nahiz haren liburutik ageri denez, Vintila Horia ez den baina kristaua. Dena dela, jakina zen 'zigor-zelai' batean egona zela Errumanian, eta horregatik aitziniritzi bat bazuketen haren alde, judu kristautu bat zela, alegia... Beste puntu bat bazen haren onetan: Daniel-Rops judu katoliko ospetsuak egin zion hitzaurrea… Baina, saria banatu eta berehala, André Wuirmser judu komunistak salatu zuen L'Humanité komunisten egunkarian Horia izugarrizko gaizkile bat zela: eskuindarra, eta, gehiago dena, nazien adiskide izandakoa, eta, gehiena dena horresco referens, juduen etsaia. Gure intelektual izpiritu-zabalok harritu eta txunditu: juduen zale ez izatea, nola liteke? Bertan kontuak eskatu zizkioten idazleari.

Miranderen egia

«Horiak erantzun zuen egiaz eskuindarra zela; ez zuen ukatzen alemanen aldeko artikulu bat edo beste eman zuenik Errumaniako kazetetan; nazional-sozialistetakoa izan zelako salakuntza, ordea, ez zuen onartzen: aitzitik, [Corneliu Zelea] Codreanuren [1899-1938] Burdinazko Guardiaren politikaren kontrako gertatu zen, eta alemanek berek behin giltzapean sartu zuten. Bestalde, haren aukeratzeak sortu zituen nahaspila eta iskanbilak zirela-eta, Horiak zioen Goncourt saria ukatzen zuela.

«Denek dakitenez, Frantzia libertatearen jaioterria da, Matxinada [Iraultza] Handitik hona, behintzat (beren libertateak orduantxe galdu ei zituzten herri eta jendakiak kontuan hartzen ez baditugu, hala nola Zuberoa, Lapurdi eta Behenafarroako euskaldunak), eta horregatik beren bihotzeko herriari bezala begiratzen diote mundu guztiko liberalek, bai eta mugaz bestaldeko euskal herritar zenbaitzuek ere: ez al du Frantziako oinarri-legeak [Zuzenbideak] berak erabakitzen gizon guztiak berdin direla eta guztiek beren iritziak fedeari edo politikari doazkionak ere, zaintzeko eta zabaltzeko zuzen berdina daukatela? Baina 'auzo-eltzea urrez, hurbildu eta lurrez'... Hemen gaudenok badakigu hitz handi horiek ez direla ebangelioko egiak balira bezala hartu behar. Besteei ere erakutsiko ahal die Vintila Horiari gertatuak (kasu bat baizik ez da eta dozenaka aipa nitzake horrelakoak), geu Frantzian libre garela, beste erresumetan bezala, geronen iritzi bereziak edukitzeko, herriko buruzagien iritziekin bat datozenean. Bestela ez. Eta Frantziako buruzagien iritzia hauxe da: baldin gizon guztiak berdin badira, juduak besteak baino berdinago dira».

Aginagaren begia

Goncourt sariaz Mirandek idatziak oihartzunik izan zuen. Puntu honetan, Iñaki Aginaga (Donostia, 1929 2021) pentsalari eta politikariak ez zuen gogo onez ez atseginekin hartu Miranderen artikulua. Haatik, Mirande antisemitatzat hartu eta larrutzeko baliatu zuen, bere erantzunari Behar ginuen bakarra! titulua ezarriz. 1961eko urtarril-ekainetako Egan-en publikatu zuenez.

«Irakurria dut egun batzuk direla, 'Prix Goncourt' delakoaren ingurukoari buruz Jon Mirandek eginikako artikulua. Nondik sortu ditu, juduak, judu-zaleak eta judu-etsaiak direla-eta izkiriatu dituenak oro? Hango ustegoen gogoratzekotz ez da bide bat baizik: mundua eta gizonak antisemita amorratu baten begiez ikustea. Hango aldekoikeria, ezjakinak, xinplekeriak eta… 'ez-egiak' erokeria zahar baten agertze berriak ditugu: antisemitizgoaren, alegia.

«Horiek horrela, Miranderen artikulua hondotik aztertzea ezin berez daiteke delako 'filosofia' horretatik. Alta, bada, antisemitizgoaren kritika hamaika bider egina izaki, jarraiki behar dugula horrelako 'gauza' bati oldartuz, hango hutsak behin eta berriz salatuz, azkenik gabeko 'Affaire Dreyfus' batean murgilduz? Ez nik uste. Izatekotz, ordu genuke barreari emateko.

«Orain zortzi urte duelarik, Mirandek izkiriatu zuen, Europari laudorio eginez: 'Orienteko doktrina (...) Europa honetan erro hartzekotan, hemengotarren weltanschauung [mundu-ikuskera] bereziari egokitu behar zaio, nahi ala ez. Europarrak zuzentza nahi du, bai eta nuantzak [ñabardura]'. Honako honetarat eraman dutea Mirande zuzentzak, nuantzek eta delako weltanschauung horrek? Hitler berritsu erdizoro baten 'ideiak' onartzerat? Horrelako etsenplua ikusita, europar ugariak bilduko direla nago Konfuziorenganat, edo Orienteko nornahirenganat...»

Eta zortzi urte lehenago Mirandek argitaraturiko artikulua ekartzen baitu aipura Aginagak, hein handian hantxe zimentatzen baitu diskurtsoa, on izango da adieraztea delako idatzi hura zein den, eta da Euskaldun gudu-zalduntza baten beharkiaz, 1953ko otsailean Elgar-en publikatua. Handik bederatzi urtera, Aginagaren eta Miranderen liskar suminaren garaian, Jon Mirande ez da artikuluaz zuzen oroitzen. «Ez dut artikulu horren kopiarik begiratu. Ongi oroit banaiz, Euskaldun zalduntza berri bat zuen izenburutzat, eta Elgar Pariseko euskaltzaleen kazeta xumean publikatu zidaten». Eta, halaxe, Goncourt sariari buruzko artikulua gabe, zalduntzazko huraxe hartu du Aginagak Mirande zafratzeko abiapuntu…

«Oro har, beldur naiz Mirandek ez duela behar bezain xeheki bere pertsona erakutsi, puntu batzuk direla-eta. Juduak eta beren zaleak, besterik badiote ere, libretasunaren eta berdintasunaren alde ez direla esaten digunean, norbaitek uste izan dezake Mirande badela 'gauza' horien alde. Bada, aspaldidanik haren lanak irakurtzen ditugunok badakigu horrelako irain izugarria ezin jasan lukeela, Mirandek beti pentsatu baitu herriek elkarren kontra gogor ekin behar dutela eta haren hitzak erabiltzen ditut, herri 'basa, bortitz eta handiek, otsoek, guduzaleen izpiritu aristokratikoa' dutenek, zanpatu behar dituztela 'ahulagoak, bildotsak, bakezaleak eta auzo onak'. Baina Mirandek, nonbait gizon apala da-eta, ez omen du neurri gabetanik bere izpiritu aristokratikoa erakutsi nahi. Horregatik-edo ez dio hemen, zertako behar den puskatu juduek egiten dutelako hertsapen ezin jasanezkoa: gerokoan juduak gogorrago zanpatzeko, alegia.

«Dena den, Miranderen adiskideak garaituko balira, juduek ez lukete 'Prix Goncourt' hori bakarrik galduko… 'Beraz dioke bakezale auzo-on gaixoren batek, esan bezain ahalmen izugarria baldin badute oraingoan, zergatik ez dituzte juduek askoz zanpatzenago beren etsaiak?'. Berehalaxe europar basajaun adimentsuek arrapostu: 'Hain zuzen ere, handik ikusiko duzue nolako izaki arraroak, bereziak, nardagarriak eta infra-gizonezkoak diren juduak'. Eman dezagun, maila horretako intelektual gogo-zorrotzekin ez dugula guk eztabaida askotan garaile ateratzeko itxurarik.»

Eta, idatzian idatzi, Aginagak eztabaidaren maila ez bada ere, tonua bederen aski asko goratuko du, gazitu eta garraztuko... «Beraz, ezinbestearen ezinbestez, nihaur ere aritu naiz asmatzen zer egin behar litzatekeen hebreotarren etsai gaixoen aurka muntatzen diren gaiztakeria izugarrien suntsitzekotz. (Otoi, ez uste ukan horrelako eginbidean zeingehiagoka hasi nahi dudanik! Ezagun ditut ene mugak. Eta lan hartan maisu direnen tituluak ezin ukatuak direla daukat. Nire hemengo ideiak, literaturari buruz bakarrik emanen ditut, handik aristokrata usain pixka bat bederen lortuko dudalakoan). Hara, bada, nola ikusten dudan nik Miranderen eta mirandetar basajaunen paradisua». Eta idatzian aurrera, aipura ekarriko ditu Eichman, Mein Kampf eta Nationalsozialistisches Strafrecht: Denkschrift des Preussischen Justizministers liburuak, eta ohartuki edo oharkabean, izen horietara lotuko du Miranderen izena, lohituko ditu haren izena eta, gehiago dena, izana.

Miranderen aldi

Egan aldizkariaren 1962ko 1/3 zenbakian, urtarrila-ekainekoan, abiatu du Mirandek Aginagari eman dion erantzuna: Ene artikulu baten 'kritika'-ren ondotik. Artikulua kokatu du, Goncourt sariaz idatzia eta beste, iritzi ematetik segitzen den inoren kritika… Eta, sen onez, eta fin, irakurlea bizpalau paragrafotan jakinaren gainean jarri duenean, hasi da egiaz eta begiaz...

«Zorioneko da kritikatzaile egiazko bat atzeman duen idazlea, hori baitu bere langintzan aurrerapen egiteko bide bakarra.

«Ene Egan-eko artikuluarekin, ordea, gauza bitxia gertatu da: ezin erran dezaket egiazko kritika bat egin izan zaionik, eta, halarik ere, ez da isilik utzia izan. Aginaga delako bati ez zaio laket izan Goncourt sariaren banatzea aipatzean erakusten nuen 'antisemitismoa', baina prosemita horrek, delako artikuluaz kritika egoki bat egiteko ordez, hau da, gorago ezartzen ditudan mugetan barnean [nik erranak gezurrak zirela erakutsiz; edo, egiak baziren ere, salatzen nuen juduekiko alderdikoikeria gauza zuzen eta naturala zela frogatu, nik bertzela uste ukan arren] eta frogantzak emanez, jakina hori onarturen bainuen, nahiago izan du 'orain zortzi urte duelarik' bertze aldizkari batean publikatu nuen artikulu bat, bai eta nire bertze lan batzuk (izenik eman gabe uzten dituenak) oinarritzat harturik, ene iritzi politiko eta filosofiko, ene ideologia, hots, ene pertsonalitate guztiaren kontra bere bihotza isuri, ene juduen alderako herra itsusiak zauriturikako bihotz samurra...».

Elkarri kolpeka Aginaga eta Mirande, diskurtso sendoenak eta anzatsuenak garaitu nahirik bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.