Egiaz eta begiaz

Mirande ‘Igela’-rekiko lanean

1962. Paris. Jon Mirande eta Txomin Peillen, idazle bi Frantziako hiriburuan, euskaldun, batere ez eliztar, batere ez fededun —baina ateo—, batere ez garaiko abertzale ortodoxoen gisako. Eta idatzi nahi zutena ezin argitaraturik ez gutitan.

'Igela' aldizkariaren lehen zenbakia. ZALDI ERO
'Igela' aldizkariaren lehen zenbakia. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
2024ko urriaren 23a
05:00
Entzun

1962ko otsailean argitaratu zuten Mirandek eta Peillenek Igela aldizkariaren lehen zenbakia. Errebista satiriko eta umorezko hartaz ari zela, honelaxe idatziko zuen urteak geroago [RIEV, 59, 1, 2014] Txomin Peillenek. «Jonek [Mirande], garaiko ausartegiz, beste aldizkarietan libreki ezin argitaratuz, errebista heterodoxo horretan bi urtez idatzi zuen (...) Hegoaldean aldizkarien erredakzioa, euskaldunen, frankisten eta Elizaren zentsurengatik oso hertsia zen. Iparraldean, garai haietan ezkertiarrak ez baitziren euskaraz arduratzen, euskal aldizkariak apaizen eskuetan zeuden». Honenbestez, beren neurriko aldizkaria egin zuten bi paristarrek, Mirandek eta Peillenek, eta hasi zen korroka Igela.

Miranderen gutunetan barna —Miranderen gutunak, 1948-1972, Patri Urkizu, Susa, 1985—, garbi ageri da aldizkaria sortu ondoko lehen egitekoa: harpidedunak inguratzea.

Lehen harpidedunarena

1962. Otsailak 14. Donostiako Yon Etxaide «adiskide maite» zuenari ari zaio Mirande: «Eskerrik asko zure gutunarengatik, eta bereziki [Donostiako] liburu-dendan ene zorrak ordaintzekotz hartu dituzun nekeengatik. Beraz, nahi duzun bezala, nik orain zuri zor dizudan dirua, igortzeko ordez, zure izenean Igela-rentzako gordeko dut, eta milesker zure laguntza hori dela kausa: gure lehenengo harpideduna zu izango zara horrela...

»Ez dakit ordea beste euskaldun asko zure ereduari jarraikiko zaizkionez, beldur bainaiz agertu eta berehala eskandal gorria sortuko duela gure aldizkariak, eta bi aldeetako apaizek (eta beste batzuek, noski) ahaleginak egingo dituztela ahal bezain laster galaraztekotz.

«Frantzia, Alemania eta Britainia Handiko kultura atmosferan bizi garenok, halako aire afrikano bat aurkitzen diegu zuen kontzepzioei (Yon Etxaideri)»

JON MIRANDE'Igela' aldizkariaren sortzailea

«Dena den, Peillenek-eta erabakirik dugu aurten behintzat jarraikiko garela ateratzen, geure sakelatik ordaindu behar badugu ere guztia. (...)

«Zure adiskide [Rudolf] De Rijki idatzi nion, giputz-euskaraz; eta egun hauetan erantzun dit, zuberera garbian. Mutil argi dela benetan badirudi. Uste al duzu Igela bidal diezaiokegula —atzerriko euskaltzaleei ere igorten baitiegu—, ala gordinegiz ez duela onartuko? Nederlanden [Herbehereak] kalvinista asko badira, alegia, eta horiek gure lurretako katolikoak baino ispiritu estuago dira askotan, ez baita gutxi...

(ID_17290726995365) \'Igela\', Jon Mirande.
'Igela' aldizkariaren ikurra. ZALDI ERO

«Igela-rako lanetatik kanpo ez dut gauza berririk aspaldi honetan euskaraz idatzi. Azken denbora horietan euskaldunak ez dira sobera ongi portatzen enekin eta, euskara lehen bezain maite badut ere, euskaldunak berak ez hainbeste... eta baztertuxe naiz haiengandik. Egia da orain Frantzian badiren eta izango diren gertakariekin badudala aski zer pentsa eta zer egin. Azkenekotz, itxaropen-izpi bat agertu da, demokrazia edo hobeki esan plutokraziaren lainoen artetik, ni bezalako Anaitasun Beltzeko mutilentzat [Tolosa, Okzitania. 1211. Albitarren Gurutzada]. Baina beldur naiz ez zarela horretan ene irizkide izango. Alta, euskaldunek —alderdi hontakoek, bederen—, bretoiek, eta beste minoriek, balukete paper bat jokatzeko. Eia eretiaz baliatuko diren... ala orain artean bezala lozorroan edo amets alferretan murgildurik egongo diren...». Ikuskizun, alegia.

Etxaideren ukoari erantzuna

Miranderen gutunari zuzen erantzun zion Etxaidek, ohi zuenez. Delako kontesta eskura ez badugu ere, Miranderen hurrengo kartak —1962 bereko martxokoak—, aski argi ematen du aditzera Etxaidek idatzi zuenaz, punturik puntu ari baitzaio Parisekoa Donostiakoari, eta «adiskide maitea»-ka beti...

«Eskerrik asko zure eskutitzagatik. Damu dut ukatzen duzulako gure Igela-ren lankide izatea, baina zure ikusgunea ulertzen dut, eta errespetatzen dut. Halaz ere, nahi nizkizuke puntu zenbait argitu:

»1. ‘Atheu girenak’: ene ustez, gaizki jaso duzu horren zentzua. Ez dakit ziurki, Peillenek baitu hori idatzi, baina nik berehala ulertu dudan araura, dirua dela mundu honetako jainkoa baitzioen, ‘atheu girenak’esanaz, esan nahi zuen jainko horren gabean garenak, hots, diru gabe garenak. Eta gauza horrela hartuz, zoritxarrez bai Peillen bai nerau ‘atheu’gara...

»2. Dena den, eta nahiz Peillenen ideiak Jainkoari buruz ez ditudan ezagutzen, bera ateo balitz ere, ez luke bortxaz esan nahi Igela-ren beste idazle-kideak hala direnik. Niketz, esaterako, ez naiz erlijioen etsai, baina aitzitik, erlijio-auziak asko interesatzen eta kezkatzen nau. Bai, esan nezake kristauak baino erlijiosoagoa naizela ere, hauek Jainko bat bakarrik adoratzen baitute, eta nik berriz, neo-pagano eta politeista naizen aldetik, bat baino askoz gehiago...

«Peillenek eta nik (...) gogoaren libertatea preziatzen ikasi dugu, eta hori gauza premiazkoa zaigu, euskaltzaletasuna bezainbeste (Yon Etxaideri)»

JON MIRANDE'Igela' aldizkariaren sortzailea

»Esaten duzu ez ditugula ez morala ez apaizgoa zor zaien bezala errespetatzen. Baina nik uste dut gure antiklerikalismoa eta gure gordintasuna ez doazela euskaldun kantu edo ipuin herrikoietan aurkitzen direnak baino urrutiago; ez eta mundu zabaleko aldizkarietan edo kazetetan aurkitzen direnak bainoago...

»Gure ideiak oro (Peillenenak eta nireak) zuk ez onarturik ere, ez dakust zergatik euskaldun batek ez lukeen behar gurekin idatzi euskararen aldeko aldizkari batean. Nik idazten dut euskal eta erdal aldizkari askotan (edo, behintzat, orain artean idatzi dut), nahiz ez naizen gehienetan konforme aldizkari horien zuzendarien ideologiarekin.

»Barkatu, otoi, ageriki esaten badizut, baina askotan iduri zait bestaldeko euskaldunak (bai eta hemengo behenafarrak ere) pixka bat fanatiko zaretela fede eta politika kontuetan. Hots, espainolen influentzia hor nabari dela uste dut. Eta guk, Frantzia, Alemania eta Britainia Handiko kultura atmosferan bizi garenok, halako aire afrikano bat aurkitzen diegu askotan zuen kontzepzioei. Lapurdiko eta, batez ere, Zuberoako euskaldunak, oso bestelako dira ikusgune horretatik; eta Peillenek eta nik, bai gure etxekoen artean, bai Parisen ezagutzen ditugun frantses, bretoi, ingeles...-en artean, gogoaren libertatea preziatzen ikasi dugu, eta hori gauza premiazkoa zaigu, euskaltzaletasuna bezainbeste. Espaina afrikano egon nahi bada, horrek ez gaitu ikutzen, baina uste dugu badela ordu Euskal Herria europartu dadin, fede, filosofia eta ederti kontuetan libertatea ezagutuz, eta horregatik gure aldizkaria ateratzen jarraituko dugu, inoren lagungoa gabe ere.

«‘Igela’-ren bigarren zenbakia beharbada oraindik gordinxeagoa eta gogorxeagoa izango da, euskaldun zenbaitek botatu dizkiguten kritika ergelek eta irainek zeharo aspertu baikaituzte (Andima Ibiñagabeitiari)»

JON MIRANDE'Igela' aldizkariaren sortzailea

»Baina, berriz ere diotsut, zure postura pertsonala errespetatzen dut osoki. Ez gaizki har, beraz, nik esanak eta ez, otoi, uste ukan zure ukoak gaitziturik idatzi ditudanik».

Eta, honenbestean, hitz beste egingo du Mirandek...

«Zure nobela [Gorrotoa lege] pozik irakurriko dut, argitaratzen duzunean; erpai aiduru nagokizu. Esker mila [Euskaltzaindiaren] ipuin sariketaren berriagatik. Papertxoa Peilleni helaraziko diot. Ez dakit, ordea, sariketa horretan parte hartuko dudanetz; ez dut gogo handirik euskal lanetan jarraitzekotz (salbu eta Igela-rekiko lanean), euskaldun zenbaiten jokaera ene aldera ikusi eta. Uste dut berriz ere hasiko naizela, horren ordez, bretoieraz idazten, eta bretoi kulturaren aldeko lanetan. Lehenago ederki banekien hizkuntza hori; pixka bat ahaztu nuen azken urte horietan, baina orain hasi naiz berriz ikasten. Eta beste errebista non-konformista bat bretoieraz [Ar stourmer] atera berri dugu, lagun zenbaiten artean.»

Andima, ‘urrezko igela’

Otsailean argitaraturik Igela, lagunartean han eta hemen banatzen, zabaltzen, harpidedunak biltzeko ahalegin gorrian ari dira Mirande eta Peillen.

Maiatzean, Caracasen den Andima Ibiñagabeitiari erantzuten ari zaio Mirande...

«Atsegin handi baten ikasi dut gure Igela zure gustuko dela —eta ez ezazula, otoi, pentsa, ahantzi zintugunik aldizkari hori banatzean—. Lehen-lehenetan zeuri bidali genizun, baina baliteke bidean galdu dela; dena den, bigarren eta hirugarren numeroekin batean (aldi berean argitaratuko baititugu) lehenengoaren beste ale bat igorriko dizugu. Bigarren eta hirugarren zenbakiok egun hauetan banatuko ditugu, dagoeneko noneotuak [monotipatuak] dira eta. Bigarrena lehenengoaren gisakoa izango da (zure diru-emaitza ederra aipatzen dugu bertan, zuri ‘urrezko Igela’emanaz, gure esker onaren erakusgarritzat), eta beharbada, oraindik gordinxeagoa eta gogorxeagoa, euskaldun zenbaitek botatu dizkiguten kritika ergelek eta irainek —hala nola Herria-k—, zeharo aspertu baikaituzte. Hirugarren numeroa, aldiz, Etxahuni opatua da, eta zuberoeraz da osorik.

«Peillenek bigarren ‘Igela’-n dioen bezala, aldizkari hori gurea bezainbat zurea da, zeuk baikaituzu biok euskaraz idaztera bultzatu (Andima Ibiñagabeitiari)»

JON MIRANDE'Igela' aldizkariaren sortzailea

»Erran gabe doa, Peillenek bigarren Igela-n dioen bezala, aldizkari hori gurea bezainbat zurea dela, zeuk baikaituzu biok euskaraz idaztera bultzatu; eta ateak zabalik dituzu zer edo zer publikatu nahi baduzu, zernahi gaiz (umorezkoa den ber) eta zernahi euskalkitan; gehiago dena, firmoki igurikitzen dugu zure lankidegoa. Krutwigi ere lankide izatea eskatu genion, eta bi artikulu bidali zizkigun (lapurtar klasikoz, jakina).»

Eta segitu du Mirandek harpidedun bila, eta Peilleni ere intsistituz, elkar ikusi behar duten aldiro beti bat eta bera esaka. Parisen berean, euskal etxera joatekoak diren batean, esango dio Peilleni: «Igela-ren bizpahirur exenplar hartu behar zenuke zurekin, nik uste, ‘aficionadozenbait ikusten baditugu, erakuts ahal diezaiegun»; beste batean, berriz, Londresen Mirande, Parisera heldu eta zenbait informazio esperoko du Peillenengandik: «Igela igorri ote duzu, kritikarik edo bertze harpiderik jaso ote duzu». Sosegurik ez Mirandek, Igela-ren kezka samin horixe du arantza zorrotz.

Jakina dena, sei zenbaki mamiz bete-beteak ateratzera heldu ziren.

'GAIZKILEAK BAGINA BEZALA!'

1962. Ekainak 15. Jon Mirande heterodoxoa Yon Etxaide ortodoxoari gutunka, barkatzeko eskatuz, otoi, ez baitio lehenago erantzun. Aita xaharraren eritasuna du desenkusa, denbora eta umorea galarazi baitizkio: «Ulertuko duzu ez dudala luzaro idazteko gogorik eta barkatuko didazu arren ene eskutitzaren moztasuna. Eta eztabaidan aritzeko ere are gutiago gogorik daukat; halaz ere, esan behar dizut zure azkenengo kartak asko mindu eta penatu ninduela, bertan baitzenioen Jaungoikoari otoi egiten diozula Peillen eta ni argi eta zuzen gaitzala... gaizkile batzuk bagina bezala! Berriz ere esaten dizut: Igela-n agertzen dugun libertatea, beste herri guztietako literaturan gauza komuna dela: Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Holandan, Eskandinavian, Iparramerikan, Italian ere... salbu eta Espainian eta Euskal Herrian...

»Beharbada espainolek dute arrazoi, eta euskaldunek ongi egiten dute haiei jarraikiz; hori beste auzi bat da. Baina ulertuko duzu gu, Europako kulturaren eguratsean jaio eta bizi garenak, ezin espainoldu gintezkeela.

»Dena den, gure aldizkari zorigaiztoko horren bigarren eta hirugarren numeroak aterata daude, eta pentsatzen dut Peillenek igorri dizkizula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.