Azala irakurriz dakigu Egan aldizkariaren 1961eko 1/3 zenbakia dugula. Ale honetan bada aipu eta sona handiko izenik franko. Hortxe, Jon Miranderen Berterretxen kantuaz oharpen bat; hortxe, Behar ginuen bakarra!, Aginagak sinaturik, eta, bertan, urrikigabe eta koleran ari zaio Jon Miranderi.
Aginagaren egia
«Nondik sortu ditu [Jon Mirandek], juduak, juduzaleak eta juduen etsaiak direla-eta izkiriatu dituenak oro?», idatziko du Aginagak, eta Miranderen antisemitismoaren frogantzak egingo ditu «Miranderen artikulua [Goncourt saria dela ta], hondotik aztertzea ezin berez daiteke delako 'filosofia' [antisemitismo] horretatik». Eta, hori esanik, Miranderen pentsamendua «hondotik aztertzeari» lotu zaio Aginaga.
Eta idatzi du: «...beldur naiz Mirandek ez duela behar bezain xeheki bere pentsaera erakutsi, puntu batzuk direla-eta. Juduak eta beren zaleak, besterik badiote ere, libretasunaren eta berdintasunaren alde ez direla esaten digunean, norbaitek uste izan dezake Mirande bera badela 'gauza' horien alde. Bada, aspaldidanik haren lanak irakurtzen ditugunok badakigu horrelako irain izugarria ezin jasan lukeela. Mirandek beti pentsatu baitu herriek elgarren kontra gogor ekin behar dutela eta haren hitzak erabiltzen ditut, herri 'basa, bortitz eta handiek, otsoek, guduzaleen espiritu aristokratikoa' dutenek, zanpatu behar dituztela 'ahulagoak, bildotsak, bakezaleak eta auzo onak'. (...)
«Dena den, Miranderen adiskideak garaituko balira, juduek ez lukete Goncourt sari hori bakarrik galduko... 'Beraz dioke bakezale auzo on gaixoren batek, esan bezain ahalmen izugarria balin badute oraingoan, zergatik ez dituzte juduek askoz zanpatzenago beren etsaiak?'. Berehalaxe europar basajaun adimentsuek arrapostu: 'Hain zuzen ere handik ikusiko duzue nolako izaki arradoak, bereziak, nardagarriak eta infra-gizonezkoak diren juduak'. Eman dezagun, maila horretako intelektual gogo-zorrotzekin ez dugula guk eztabaida askotan garaile ateratzeko itxurarik». Aginagaren hein bateko bururatzea.
Hein batekoa besterik ez, ordea, bero-bero jarraikiko baitzaio bere hariari: «Hara, bada, nola ikusten dudan nik Miranderen eta mirandetar basajaunen paradisua. Luzaro gabe bete behar liratekeen xedeak:
»1. Goncourt Akademiaren presidentea kendu, eta haren lekuan Eichmann jarri.
»2. Hurrengo Goncourt saria Mein Kampf liburuari eman.
»3. Horiek onartzen ez dituzten juduak, juduzaleak, eta batez ere juduek pagatuak garenok, zigor zelai politerat eraman, Weltanschuung zer den ikas dezagun.
»(...)
»5. Kultura bereziak ere hazi, han [zigor zelaietan], 'nagusien morala'-ren ogiaren bidez. Ikus zer bertso politak konpondu ditudan, etorkizunari begira, nahiz eta Mirande bezainbateko poeta nuantza zalea ez naizen: Agur, nere bihotzeko amatxo maitea, / Ez naiz behin itzuliko, ez zaitez kontsola. / Gaur beharrezko zaigu judu-zanpatzea, / Handik omen sortuko euskaldun gloria.
»6. Europar egiazko kulturaren liburu goienak euskaraz argitaratu, hala nola Nationalsozialistiches Strafrecht Denkschrift des Preussischen Justizminister. Euskarako itzulketa Mirande jaunaren gain emanen da, diru-ordaintzarik gabe, haren kulturtzaletasuna sariztatzeko.
»7. Elgartasun berri bat ere muntatu, bide horietatik egitekotz euskararen alde (...)
»Miranderen artikulua bezalakoak milaka ere sortuko balira euskal agerkarietan, ez dut uste inork pentsatuko lukeen, hori dela euskaldunen ustegoa (...) Bada Parisen jende asko Miranderen joera horien goratzeko gerturik. Ez dira gure herri kideak besterik esanik ere, ez juduek ez inork zanpatuak. Bai zera! Politika dela, edo dirua, badute horiek ahala. Baina, zinez uste al du Mirandek euskaldunen artean aurkituko dituela bide horretarako lagunak?».
Miranderen begia
Egan aldizkariaren 1962ko 1/3 zenbakian, Aginagari erantzuteari ekin dio Mirandek, Ene artikulu baten 'kritika'-ren ondotik idatzirik... «Lehenik, bihotzez argitu nahi nuke zer den Frantzian 'antisemitizgoa', Aginagak bekatu mortal horretzaz hobendun emaiten nauenez geroz. Orrialde azpiko ohar batean, mordoilo filosofiko batez baliatuz Euskal Herriko Sartretxoa balitz bezala, erraiten du berak: 'pentsaera horrek beti sasi-abstraktutik konkretura egiten du bide'. Ez da hala: erresuma honetan, behintzat, eta oraiko denboran, antisemitismoak konkretutik egin du bide abstraktura (nik ere ber mintzaeran hitz egitekotz…). Erran nahi dut, Erdi-mendeetan giristinoen judu gorrotoa a priori egoera bat bazen ere, juduak populu 'jainko erailea' zirela, eta horregatik populu giristinoarenganik bazter uztekoak zirela uste izaitetik sortua, antijudaismo teologiko hori kasik osorik galdu dela, Erdi-mendeetako fedearen galtzearekin batera (...) Antisemitismo modernoa, ordea, bertzelako zerbait da: sortu da, ez frantsesek juduen kontra zuten aitzin-epai batengatik, baina emeki-emeki, frantsesek ikusi duten arau, judu jin berriak zertara ari ziren. Zehazki mintzatzekotz, antisemitismo hori hasi zen agertzen Napoleon Lehenaren denboran, Frankfurteko bankero askenazita batzuen etortzearekin. Beren sineskideetarik franko jarraiki zitzaizkien hauei, eta geroztik Europa erdiko ghettoetako semeok nagusituz joan dira Frantziako zereginetan: hastekotz, ekonomian; gero, joan den mendearen erditsuan hasirik, politikan; azkenekotz, mende erdi honetan eta, batez ere, gerlatik landa, bizi intelektualean ere bai (...) Ongi badakit Aginaga batek ez duela juduen nagusitu nahi horretan sinetsiren, baina Frantziako gauzen berri egiazki dakitenek ez dute frogantza beharrik horretarakotz. Bertzeentzat, berriz, gertu naiz diren liburu, aldizkari eta dokumentuen izenen emaitera, eni galdeginez gero.
»Antisemitismoaren auzia hauxe bertzerik ez da: juduok herri minoritate arrotz bat dira Frantzian bai Europako erresuma guztietan ere, ez oroz lehen arrazaren aldetik (baita germano eta eslabo odolik asko askenazita horietan), baina bai kulturaren aldetik: orienteko etnia bat dira okzidenten bizi, eta berek hala nahi izan dute iraun menderik mende, beren leialtarzun guztia Israeli begiratuz beren egiazko nazioari bezala, eta Israel hori, lehenago sorterri mitiko bat bazen ere, egungo egunean estatu arrotz bat baizik ez da guretako. (...) Frantziako populuak higuin ditu Europa erditik etorritako askenazita horiek, minoritate arrotz bat oso arrotza, izaki, ez direlakotz minoritate baten zuzen mugatuekin askitu nahi, baina, aitzitik, nehondik ere hartze ez duten buruzagigoa hartu dutelakotz indigenen egitekoetan. Eta ez otoi eni erran juduok nagusitu direla enteleguz, langiletartasunez, etc., bertako jendea baino gailenago direlakotz... alderantzizko arrazismo horretan ez baita sinesterik; nagusitu dira elkar lagunduz xede horretara heltzekotz alde on hori ez zaie ukatu behar, baina, zorigaitzez, bertzeen kaltetan usatzen dute, eta, ororen gainetik, batzuen ergelkeria eta bertzetzuen konplizitateagatik.
»Zergatik behar ote zukeen Frantziako populuak atzerritar askenaziten nagusitzea onartu? Harenganik bere buruaren zaintzekotz sortu du, joan den mendean, antisemitismoa, eta hau mugimendu popular bat dela, ez erreakzionarioek, ez aberatsek, ez intelektual 'faxistek' sortua, fede onezko den orok aitortu beharko du».
'Nazi' delako euskaldun bat
Eta, horrela, Aginagak botatako harria hartu eta itzuli dio Mirandek, termino bertsuak erabiliz, Frantziako antisemitismoa eta Hitlerren nazional-sozialismoa ez direla gauza bera, bi diferente baizik, argudiatuz.
«Baina Aginagak ezjakin, xinple erotzat baizik eman ez banindu, ez nintzen kexaturen nahiz nehork ez dizkion orain artean, Egan-en bederen (eta nik dakidanez, ez bertze euskal aldizkarietan ere), bertze euskaltzale bati izen pollit horiek egotzi, ezen Passer pour un idiot aux yeux des imbéciles est une volupté de fin gourmet [Ergelen begietara zozotzat pasatzea, gourmet fineko atsegina da] (Courteline). Harenganik ezin jasan dezakedan gezur laidoztagarria da, emaiten baitu aditzera ni eta ni bezalako 'basajaunak' (?) gertu garela gure aburuko ez diren guztien zanpatzera, bai kontzentrazio edo zigor zelaietan sarraraztera, Hirurgarren Reicheko buruzagien ereduari jarraikiz.
»Betiko leloa: norbait den gutien judu dohakabeen karrakatzera ausartzen denean, hala nola ni, berehala haien zerbitzuko prosemitak orroka hasten dira, baizik eta 6, edo 4, edo 8... milioi judu ero dituzten SS-ekilakoa dela, edo bera ere SS-etakoa. Ez naiz Hirurgarren Reicheko antisemiten zaintzen ari hemen, nihauren buruaren zaintzen ari naiz. Utz dezagun, beraz, kontzentrazio zelaien kontu hori, ez bainituen nik eraiki. Eta juduen pertsegitzean alemanak lagundu nituela, hark erranaren irakurtzetik edonork uste ukaiteko zuzen lukeen bezala, ez dakit Aginaga horren frogatzera prest denetz, baina badakit ontsa, demokraten justizian sinets baneza, hura nezakeela auzitegietan pertsegi, gezurrezko salakuntza hori dela kausa. Ez, Aginagak bertzela sinetsarazi nahi badu ere, jakin behar da antisemitismoak ez duela Frantzian Alemaniako nazional-sozialisten teoriekin ezer ikusterik; Hitler sortu baino asko lehenago, egiazko frantses gehienak erran nahi dut Frantziako etnia baten seme direnak, eta ez kanpotik etorritakoen semeak, antisemitak ziren, eta nazional-sozialismoa itzali ondoren ere, orain hala diraute; eta hala iraunen dute, juduek, atzerritar izaki, nehondik ere merezi ez duten toki berezi bat Frantzian hartu nahi duten artean, behintzat.
»Ez dut, eiki, erran nahi juduei oldartu zaizkien antisemiten artean, Frantzian, Alemanian edo bertze herrialdeetan, gizeraileak eta sadikoak izan ez direla... bai eta, dudarik gabe, ohoin, mozkorti, pederasta eta bertze biziodun guztiak ere, erresuma eta alderdi orotan bezalaxe. Baina, ni ezagun gabe, eta zer egin dudan edo zer egin ez dudan batere jakin gabe, nihaur juduei oldartu zaizkien haietakoa, edo haiekilakoa naizela aditzera emanez, (eta, batez ere, ene herritar euskaldunen pertsegitzera gertu nintzatekeela), Aginagak erakutsi du, nik uste, ni eta nire gisakoak 'basajaun' omen bagara, hura ez dela neholazko jaun bat ere... Autozentsuratu nahiago dut, eta ez dut erranen ene arauera zer den hura. Halaz ere, erranen dut ez dudala pentsatzen, ni bere artikuluaz irainduz, kalipu handirik frogatu duela, ongi baitzekien nehor ez zela ausartuko 'nazi' delako euskaldun baten alde agertzera, honen ohoreari zuzenik gabe eta zuzentzaren kontra oldartzen bazaio ere».
Erantzunaren ondotik, lau oharkizun ere egin ditu Jon Mirandek. Horietan hirugarrena ez da alferrik galtzen uztekoa.
«Aginagari handi izanen zaio, naski, baina niketz, erraiterako, badut juduetan adiskide on bat edo biga; Israelgo folklorea gustatzen zait; poeta hebreotar berriak atseginekin irakurtzen ditut; eta, zinaren pean diot, ez dut sekula judu zahar edo gazterik erre, ez judusarik bortxatu, ez eta sinagogarik profanatu».
Alferretan ari da Mirande argudio ematen.
Inork ez du epailearen aurrera eraman. Juezari bere eginbide sakratua egiten utzi gabe, laidoari laido, irainari irain, lau ertzetara hedatu dute epai beltza, zer den justizia jakin gabe.
Mirande antisemita (ez nazi, ez SS-etakoa)
Ideietako eztabaidak hein batean gustatzen zitzaizkion, premiazkoak zituen euskal kulturaren aberatsarazteko. Haatik, higuin zituen eztabaida pertsonalak: 'No personal remarks', (ohar pertsonalik ez) zioen, urrezko arau gizarteko harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu