Koldo Mitxelenaren bizia ardatz harturik, herri honen historiari gainsoa eginez ari da Eugenio Ibartzabal Koldo Mitxelena liburuan. Besteak beste, historia horren garai jakin bateko protagonistari hitza emanez. Gerraurretik hasi dute bidea, gerraondotik barrena diktadura ondoko aldira heldu arte. Kapituluetako batean, gerraondoko kultur giroaz ari direla —Euzko Gogoa eta Egan aldizkariez, oroz gain—, Mirande ekarri du Ibartzabalek aipura.
Jon Mirandek Egan-en idatzi baitzuen ez gutxitan, Mitxelena aldizkariaren zuzendari zelarik.
Mirande beti plazara.
Eta errenteriarra gidari hartu, eta zuberotarraren arrastoari segitu diogu, loriatan.
Buruz buru ari dira Ibartzabal eta Mitxelena liburuan zehar, noiz lehenengoaren galderei erantzuten bigarrena, noiz bere gogoko bide malkarretan atzera-aurrera Mitxelena.

Eta Euzko Gogoa-z jardun ondoren, Egan aldizkariari lotu zaio Ibartzabal, gogoraraziz —Mitxelenari bezainbat, edo baino gehiago, irakurleari—, idazle belaun berria plazaratu zuela Egan-ek eta, are, bertan idatzi zutela gerraondoko idazle behinenek, Nicolas Ormaetxea Orixe-k izan ezik, honek ez baitzuen —Ibartzabalen hitzetan, betiere—, Egan lagundu, Euzko Gogoa-ri estuki lotuta zegoelako. Gainerakoan —ari da beti Ibartzabal—, Egan-en idatzi zutela luma-zorrotz denek. Horietan dira Andima Ibinagabeitia, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Gabriel Aresti, Bingen Amezaga, Jon Mirande, Antonio Maria Labaien, Nemesio Etxaniz, Manuel Lekuona... Era guztietako autoreak, batzuk ez bezalakoak bestetzuk.
Goncourt saria zela-eta
Eta, egokieran, Ibartzabalek Mitxelenari: «Iruditzen zait aldizkaria zuzentzeak nahigabe bat baino gehiago ekarriko zizuela...». Ibartzabalek nahi du Mitxelena bereziki gorabehera jakin baten gainean mintza dadin eta, horretarako, bi arrazoi ere baditu, elkarrizketatuak berak dioskunez. Batetik, auziak zalaparta ageria sortu zuelako; bestetik, idazle handi bati buruz aritzeko aukera ematen diolako. «Jon Mirandek izan zuen gorabeheraz ari naiz», esan du Ibartzabalek, eta hartu du hitza Mitxelenak...
Eta 1960ra joan da Mitxelenaren gogoa, Egan-en Mirandek eta Aginagak izandako liskar suminera...
«Hura nahiko larria izan zen... Alegia, Mirandek Goncourt sariari ['Goncourt saria dela ta', Egan, 1960, 3/6 zb., maiatza-abendua] buruzko iruzkin bat idatzi zuen. Nonbait, urte hartako saria Ovidiori buruzko nobela batek irabazi zuen. Egileari dagokionez, antifaxistatzat jotako idazlea zen. Handik aldi batera jakinarazi zenez, ordea, balizko demokrata hura, egiaz, eta gerra garaian, justu kontrakoa izana zen. Eskandalua ikaragarria izan zen, eta sariari uko egitera behartu zuten irabazlea.
«Gogorra bezain burutsua zen Aginagaren erantzuna, eta asko gogaitu zuen Mirande. Hala ere, gogaimenak ez zion galarazi Aginagari erantzutea»
KOLDO MITXELENAHizkuntzalaria
»Bide batez, Vintila Horia zen autorea. Askotan ikusiko zenuen prentsan haren izena, zeren, azkenean, beste hamaikak bezala, Francoren Espainia hartu zuen adopzioan; arrimuan, alegia. Vintila Horiaren nobelak —Dieu est né en exil (Jainkoa erbestean jaioa da)—, egiaz eta begiaz erakusten du idazle errumaniar horrek ongi ezagutzen duela, frantses literatura ez ezik, baita latin literatura ere.
»Mirandek Goncourt sariaz idatzitako artikuluan gorabehera horren berri ematen zuen, eta juduen nazioarteko konspirazioari eta Jon Mirandek berezko zituen gainerako obsesioei egotzi zien gertatua.
»Aginagak izenpetutako erantzun bat agertu zen [‘Behar ginuen bakarra’, Egan, 1961, 1/2 zb., urtarrila-ekaina], oso oker ez banago lapurtera klasikoz idatzia: Iñaki Aginagak berak eman zidan eskura eta, egia esan, argitaratzeko interesa izan nuen. Alegia, gogorra bezain burutsua zen erantzun hura —ironikoa baino gehiago, sarkastikoa esango nuke—, eta asko gogaitu zuen Mirande. Hala ere, gogaimenak ez zion galarazi Aginagari erantzutea [‘Ene artikulu baten kritika-ren ondotik’, Egan, 1962, 1/3 zb., urtarrila-ekaina].
«Gehienek zituzten jarrera guztien kontrako erradikala zen: demokraziaren kontrakoa, kristautasunaren kontrakoa eta, batez ere, guk gerran izan genuen parte hartzearen kontrakoa»
KOLDO MITXELENAHizkuntzalaria
»Orduan, besteak beste, Rudolf de Rijk holandar hizkuntzalari gazte batek parte hartu zuen eztabaidan. De Rijki Miranderen ideiak ekintza kriminala eta nazi-faxisten apologia iruditzen zitzaizkion. Neure burua defendatzen saiatu nintzen, argudiatuz gure artean antisemitismoa, arriskutsua baino gehiago, barregarria iruditzen zitzaidala. Baina de Rijken arrazoiak pisuzkoak ziren ni bezalako batentzat; alegia, euskaldun baino lehen ere, gizon sentitzen denarentzat eta, guztiaren gainetik, antifaxista eta antitotalitarioa den batentzat. Badakit hau, orain [1977], gure maximalistei barregarria zaiela. Beraz, gure jarreraren froga gisa, Anna Franken egunkariko kapitulu bat argitaratu zen Egan-en. Horrekin dena amaitu zen, nahiz eta Miranderen lankidetza —adiskidetasuna ez, alegia— galdu genuen.
Bi adiskide lagun
»Mirande Parisen jaiotako zuberotarra zen. Ez dut inoiz jakin euskaldun sentitu ote zen, bere jarduera inspiratzen zuen ideologiaren ondorioz edo, alderantziz, ideia batzuk bereganatu ote zituen euskaldun sentitzen zelako. Alegia, lehenik eta behin, Jon faxista zen, zalantzarik gabe, baina frantses erara —ez ‘indar basatien’ modura—, background kultural handi baten jabe zen, nahiz eta ez zen unibertsitarioa.
»Nolanahi ere, beste batzuentzat [Parisen] Liberazioa [1944] izan zena eta gero, Mirandek harreman handia izan zuen erbesteko jendearekin, eta bereziki Andima Ibinagabeitiarekin. Mirandek laster eman zuen ezagutzera bere burua, batez ere Gernika-n, Isidoro Fagoagak zuzendu zuen aldizkarian. Fagoaga da beste bat, operaren mundutik kanpo gaur egun behar bezala aintzatesten ez duguna. Mirandez den bezainbatean, garai hartan gehienek zituzten jarrera guztien kontrako erradikala zen: demokraziaren kontrakoa, kristautasunaren kontrakoa —eskuinekoa ez bazen, behintzat—, eta, batez ere, guk gerran izan genuen parte hartzearen kontrakoa, hala Mundu Gerran nola Espainiakoan, hau haren atarikoa izan baitzen.
«Mirandek leporatzen zigun bretoiak, bera eta alemaniar naziak gerra galtzera eraman izana»
KOLDO MITXELENAHizkuntzalaria
»Mirandek esku hartzeren bat izan zuen, uste dut, bretoi pronaziekin batera. Ondorio horixe atera genezake bere poesiaren batetik ere [‘Goiztar txoriek kanta bezate’]. Bretoi horiek eta Mirandek eta alemaniar naziek gerra galdu zuten. Guk ere geure aletxoa jarri genuen horretan —haiek gerra gal zezaten, alegia—, nahiz eta garaileek ez gintuzten kontuan hartu. Eta orain, berriz, gerra bat galdu izana leporatzen bazaigu —nahiz eta inork ez duen auzi hau argi eta garbi formulatzen—, Mirandek, eta askoz ere arrazoi handiagoz, beraiek gerra galtzera eraman izana leporatzen zigun.
»Nahiko ondo ezagutu nuen Mirande, bai hemen —maiz etortzen baitzen hona—, bai Parisen, ni han bizi izan nintzenean. Hainbat gauza genituen komunean, gure euskaldun izaeraz gain, alegia: [Edgar Allan] Poerekiko eta literatura fantastikoarekiko zaletasuna, eta polizia-nobelak; nik laster jo nuen genero beltzera eta, berak, aldiz, ‘whodonit’ [who has done it, Agatha Christieren-eta generoko lanak] klasikora atxikita segitu zuen. Hainbat hizkuntzatan trukatzen genituen nobelak: nik gaztelaniaz edo ingelesez bidaltzen nizkion —frantsesa gure trukeetatik kanpo uzten zuen Mirandek—, eta berak, berriz, batez ere alemanez bidaltzen zizkidan, eta, jakina, izorratu egiten ninduen, nahiago dudalako denbora galdu alde bada, niretzat hain zaila ez den beste hizkuntzaren batean irakurtzea. Schiller poeta —adibide bat aipatzearren, alegia— niri baino gutxiago gustatzen zitzaion berari, eta ez dut uste, inola ere, estetika gorabehera hutsa zenik. Oso atsegina zela gaineratu behar da. Salbuespen bakarra dut gogoan, behin, bere etxean, disko-jogailuan Cara al sol [Eguzkiari begira, Espainiako Falangearen ereserkia] jartzen tematu baitzen.
»Egan-en asko eta ondo kolaboratu zuen. Jakite handiz egiten zituen enkargatzen genizkion itzulpenak. Izan ere, Mirandek berezko erraztasuna zuen hizkuntzetarako, eta hainbat hizkuntza menderatzen zituen: frantsesa, euskara —hainbat dialekto, gainera—, gaztelania, alemana, ingelesa, errusiera, hebreera modernoa, bretoiera, gaelikoa eta baita kornubiera ere —XVIII. mendean hitz egiteari utzitako hizkuntza, alegia—, eta, bestalde, oso ondo irakurtzen zuen italieraz eta katalanez.
Zorterik ez Mirandek
»Idazle bikaina izan zen, zorte handirik izan ez bazuen ere. Nik baino joera nabarmenagoa zuen sexu-desbideratzeekiko. Atsekabe handiz hartu zuen Nabokovek Lolita argitaratu izana; alegia, berak, urte batzuk lehenago, gai berari buruz idatzitako Haur besoetakoa eleberria argitaratzeko editorea aurkitu baino lehen. Uste zuen ez zuela zentzurik Haur besoetakoa Nabokoven nobela eta gero argitaratzeak, jakinda plagioa leporatuko ziotela».
Eta segitzen du Mitxelenak Ibartzabalen galderari erantzunez, Egan-ez eta Egan-en parte hartu zutenen berri emanez. Bateko, Aingeru Irigaraik miszelanea egiten zuela; besteko, Antonio Arruek gastronomia atala zuzentzen zuela; Nemesio Etxanizek, kontakizunena; Mitxelenak berak, elkarrizketak, eta, Gurutz Antsolarekin batera, zinema kritikak. Eta Manuel Lekuonak ere idazten zuela...
MIRANDEREN BETOA
«[Bidasoaz] Bestaldeko anai-arrebei dagokienez, uste dut bazterretan ‘kataloxista’ asko dabilela. Alegia, eskua eskaini diegu euskarari dagokionean. Ahulenak direla aintzat hartu dugu, eta ahal izan dugun bezainbat lagundu diegu. Eta, hala ere, Haritxelarrek salbu, ez dute beharko zuketen bezala erantzun. (...)
»Uste dut ‘kataloxismoaren’ zera hori erraz ulertuko duela Steer irakurri edo Patinoren Caudillo ikusi duenak: hegal batetik, edo batzuetatik, erraz ikusi zuten —eta iruditzen zait begiluze guztiak ez zirela turista izango—, nola botatzen genituen erraiak Puntxan edo San Martzialen. Hortik dator hitzezko erradikalismo horretarako joera ere, nahiz eta gutxienena izan, jakinik erradikalismo horren ondorioek bakarrik ‘hegoaldekooi’ eragiten diguten. Alegia, beren literatur tradizio loriatsuarekiko guztizko errespetu eta guzti —lehenago ere aitortu izan dugun gauza, alegia—, komeniko litzateke —guztion autonomiaren barruan ere, alegia—, interdependentziazko baldintza gutxieneko batzuk ezartzea. Horren beharra aski garbi ikusi zen Miranderen kasuan: guk, Akademiarako proposatu genuen eta, praktikan, haiek betoa jarri zuten».
(Koldo Mitxelena, Mirandez, Ibartzabalen liburuan)