MIPTV azokak indarra galdu du, eta konpainia gutxiago bildu ditu

A Film To Kill For ekoiztetxeak telesail bat egingo du Argentinako talde batekin elkarlanean

Sky Vision konpainiaren bulegoa, Cannesko MIPTV azokan. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Cannesko (Okzitania) MIPTV ikus-entzunezko sektorearen azokarik garrantzitsuena izan da azkeneko urteetan, baina ondo ezagutzen dutenek nabarmendu dute aurreko urteetan baino askoz profesional eta enpresa gutxiago bildu dituela. «Konpainia handietako asko ez dira etorri», esan du Xabier Zabaleta Pausokako proiektuburuak. Gaur bukatuko da azoka, eta Okzitaniako kostaldetik albiste on batekin etorri da ekoizlea: El impostor formatua Kataluniako TV3en egingo dute, Persona infiltrada izenburuarekin. «Pozik gaude, hamar atal egingo dituztelako». Aste Santuaren ostean hasiko dira ematen, ostegun gauetan. «Bestetik, Go!azen telesaila erosteko interesa azaldu dute Belgikako ekoiztetxe batek eta Frantziakobeste batek. Bikoiztu egingo lukete telesaila, baina arazoa euskarazko kantekin dago».

Cannestik «pozik» itzuli da Rose of Dolls ere, Bizkaiko A Film To Kill For ekoiztetxeko burua. «Argentinako talde batekin elkarlanean aritzeko akordioa itxi dugu. Gidoia elkarrekin idazten hasiak gara; Buenos Airesko neska gazte batek amonaren tailerra heredatuko du, eta Euskal Herrira etorriko da, sustraien bila». Bestetik, Kanadako HG Distribution banatzaileak Otsoen lurraldean websaila erosteko asmoa azaldu du, nazioartean banatzeko. Pausoka eta A Film To Kill For ekoiztetxeekin batera, Expresive Media Projects, Prime Time Media New Mediako ekoizleak ere azokan izan dira, guztiak Basque audiovisual izeneko gunean—Etxepareren, Zineuskadiren eta Eikenen babesarekin—.

Nahiz eta aurtengo azoka ez den aurreko bi urtekoen mailakoa izan, zer esana emango duten proiektuak aurkeztu dituzte; Michael Hirst gidoilari britaniarrak iragarri du Doctor Zhivago telesail bihurtuko dutela. Finlandiako Kaihoi Republic eta Txileko Parox ekoiztetxeek Héroes Invisibles telesaila aurkeztu dute—Pinocheten estatu kolpean bi mila herritar Txiletik ateratzen lagundu zuen Finlandiako diplomazialari baten istorioa kontatzen du—. Eta Antoni D'Ocon kataluniarrak Los Fruittis marrazki bizidunen itzulera iragarri du.

Leticia Dolera saritu dute

MIPTVren bueltan, askotariko ekitaldiak egiten dituzte. FreshTV izenburupean, urteko formaturik berritzaileenak nabarmentzen dituzte. Aurtengo zerrendan topa daitezke Dirty John telesaila (Netflixen ikusgai), Monster saioa—tratu txarrak jasaten dituzten emakumeek boterea hartzen dute—, Dangerous Moms —andre batzuek hilketa bat egingo dute ezustekabean— edo Undercover —narkotrafikoarekin lotutako istorio bat—.

Okzitaniako hirian egin dute egunotan, halaber, Canneseries telesailen jaialdia. Sari nagusia Leticia Doleraren Déjate llevar telesailari eman diote. Aktore onenaren saria Reshef Levirik irabazi du (Nehama), eta telesail labur onenaren saria, Over and Out-ek (Australia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.