Hamaiketakoarekin egingo diete ongietorria mintzalagunei, eta, horren osterako, «mingain eta zangoak euskaraz astintzeko moduko egitaraua» prestatu dute. Hiru proposamenetatik bi aukeratu ahal izango dituzte lehenik: ardo eta olio dastatzea, Covila upategia ezagutzeko bisita egitea edo Poveda parke naturala bisitatzea. Kalejira animatua eta poteoa egingo dituzte gero, herriko plazatik hasita, eta ikastolaraino joango dira, bazkaltzera. Eskerrak emateko ekitaldi baten ostean, erromeria egingo dute Ansorregi, Larrañaga eta Andonegi trikitilariekin, ikastolan bertan. Eguna amaitzeko, dantzaldia izango da herriko plazan, DJ Gotzon Dc-ren eskutik.
Lapuebla de Labarcako Udalarekin, Arabako Errioxako kuadrillarekin, Mintzalagunekin eta beste zenbait eragilerekin elkarlanean antolatu du festa Euskaltzaleen Topaguneak. Mintzalagunak elkartzeko ez ezik, Arabako Errioxako eragileek hango errealitate soziolinguistikoa elkarrekin «gainditzeko» egiten duten lana ezagutzeko aukera ere izango da. Udalak euskara eta euskal kultura sustatzen ditu, baina, egunerokoan, «bestelako zailtasunak» dituzte euskaraz mintzatzeko, Maider Murillo alkatearen esanetan, eta nabarmendu du alde horretatik «oso berezia» dela Mintza Eguna han egitea.
Mintza Eguna
Gaur, 11:30etik aurrera, Lapuebla de Labarcako plazan (Araba).