Azken urteotan aski ezagun egin da mindfulness kontzeptua. Horretan espezializatuta dago David Alvear (Donostia, 1979) EHUko Psikologia eta Hezkuntza saileko irakaslea. Duela hogei urte hasi zen gaiaren inguruan ikertzen. Ordutik, saio andana bideratu du; meditatzeko abilezia garatu eta lantzen diren tresnak jendearen eskura jartzeko asmoarekin. Donostiako Tomasene kultur etxean izan zen atzo, Hezten ikasten jardunaldietan. Hitzaldi bat eman zuen: hezkuntzaren arloan meditazioak duen garrantziareninguruan.
Zer da mindfulness-a?
Testuinguruaren arabera, modu desberdinetan uler daiteke. Guk, zientzian, adibidez, entrenatzeko abilezia baten moduan ulertzen dugu, arretaren bitartez entrenatzen den abilezia baten moduan. Arreta garatzeko jarrera bat da, eta onarpenarekin eta momentu horretan prozesatzen den informazio guztia aldatu nahi izan gabe lantzen da.
Zein ideia biltzen ditu?
Budismoaren iturrietan du jatorria, baina budismoan beste gertakari edo aldagai baten moduan funtzionatu du. Hortik hartu da ideia, eta gauza askotarako erabili izan da; hala nola adikzioetan sakontzeko edo esku hartze psikologiko ugaritan. Hezkuntzan ere erabiltzen da.
Gorputza eta burua lotzeko bide bat dela esango zenuke?
Ez zait dualismo hori gustatzen. Mindfulness kontzeptuari buruz egin diren ikerketek ikusi dute gorputza eta burua bat direla, eta oso zaila dela biak bereiztea. Gogamena eta burua erabat lotuta daude gorputzarekin. Askotan, gorpuztutako kognizio baten moduan definitzen ditugu. Konexio bat baino gehiago, gauza bera dira; hori oso argi ikusten da mindfulness-aren bitartez.
Hezkuntza aipatu duzu lehen. Zure ustez, garrantzitsua da arlo horretan lantzea?
Mindfulness-a ez da balio sorta bat, abilezia bat baizik. Oso erabilgarria da, abilezia horren bidez gauza asko lor ditzakegulako: autokontzeptu funtzionalago eta egokitzaileago bat, autokontrola, gure emozioen erregulazioa eta abar. Mindfulness abilezia ikastea ongi dator horiek landu ahal izateko.
Gaur egun, aipatu dituzun puntu horiek lantzen al dira hezkuntzan?
Lantzen dira, baina modu nahiko desegituratuan. Normalean, ikastetxeek ez daukate proiektu kurrikularrean txertatuta; oso-oso ikastetxe gutxitan gertatzen da hori. Hala ere, era transbertsalean lantzen dute. Existitzen da gaiari buruzko kontzientziazioa, bainaesango nuke ikerketa eta kalitate maila handiagoarekin bideratu behar dela. Hezkuntzaren inguruan ari bagara, zera pentsatu behar dugu... Mindfulness-a bai, baina norentzat? Irakasleentzat, gurasoentzat ala ikasleentzat? Eraginkorragoa da irakasleak formatzea eta beraiek ikasleei erakustea, kanpo agente bat sartzea eta profesional horrek ikasleak formatzea baino; askoz ere eragingarriagoa da lehena.
Zein dira hezkuntzaren esparruan ikusten dituzun erronkak?
Estres maila handia dago, batez ere irakasleen artean, eta oso ongi dator hori lantzeko. Lehen eta bigarren hezkuntzako eta haur hezkuntzako ikastetxeek estresa sortzen duten bi gauza dituzte: presaren denbora presioa eta zarata. Ikastetxeak oso zaratatsuak dira, eta nik uste dut ez dagoela isiltasunaren kultura bat, isiltasuna maitatu eta baloratzeko kultura bat. Oso ongi legoke hori entrenatzea.
Azkenaldian aski ezaguna egin da mindfulness kontzeptua. Modan jarri dela esango zenuke?
Urteak daramatzagu hori ikertzen, eta inoiz modan egon bada, modaz pasatzen ari da orain. Guk meditazio mota ugari erakusten ditugu, eta mindfulness-a meditazio mota bat da. Modan egon zen, bai, baina esango nuke orain bolada hori pasatzen ari dela.
Zer dela-eta eduki du horrelako oihartzuna?
Nire ustez, gizarte estresatu batean bizi garelako. Estres hori gauza gehiegi epe motzean egin beharra dela-eta dator, eta hori geroz eta gehiago gertatzen da. Eginbeharren zerrenda gero eta handiagoa da, erantzukizunena ere bai, eta bizitza gero eta konplexuagoa bihurtu da. Mindfulness-a praktikatzeak aukera bat eskaintzen dizu sinpletasunera bidaiatzeko eta hor murgiltzeko. Hori onuragarria da, eta jendeak asko eskertzen du.
Eman dituzun saioetan, zer tresna eskaintzen dizkiozu hartzaileari?
Batetik, arretaren kudeaketa, eta, bestetik, gogamenaren eta nerbio sistemaren ezagutza sakonago bat. Ezagutza horrek eramaten gaitu emozioak hobeto kudeatzera. Hori entrenamenduaren bitartez egiten da, eta hori lantzen dugu saioetan. Eragingarria da praktikatzen bada. Jendea oso gustura joaten da.
ATZEKOZ AURRERA. David Alvear. Mindfulness abilezian espezializatua
«'Mindfulness'-a ez da balio sorta bat, abilezia bat baizik»
Azken urteotan aski ezagun egin da mindfulness kontzeptua. David Alvear EHUko irakaslea da, eta duela 20 urte hasi zen gaia aztertzen. Hezkuntzaren arloan praktika hori lantzearen garrantzia berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu