Minbiziaren ikerketan lagun

EITB Maratoiak minbiziaren ikerketara bideratuko du aurtengo diru bilketa. Martxoan bukatuko da dohaintzak egiteko epea.

Iruñeako minbiziaren aurkako lasterketa.
Bularreko minbizia duten emakumeen aldeko elkartasun lasterketa, Iruñean, urriaren 29an. JESUS DIGES / EFE
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Datu latz batekin abiarazi du EITBk aurtengo maratoiaren kanpaina: «Bi lagunetik batek minbizia izango du bizitzan». Ondorioz, pazienteei kalitatezko arta bermatuko dieten ikerketen beharra azpimarratu du hedabideak; horietara bideratuko ditu, hain zuzen ere, aurtengo maratoiaren irabaziak. 2024ko martxoaren 31 izango da dohaintzak egiteko azken eguna, eta bizum eta banku transferentzien bidez jasoko dute dirua.

En Tol Sarmiento musika taldearen Aukera berriak abestia da aurtengo soinu banda, eta horretan inspiratuta sortu dute maratoiaren leloa: Minbiziaren aurka aukera berriak. Elkartasuna erakutsi nahi duten guztiek bideokliparen bertsio propioa bidal diezaiokete EITBri. Orain arte, hainbat eragile animatu dira pop erritmoko koreografia egitera; besteak beste, Maristak Zalla ikastetxea (Mimetiz, Bizkaia), San Joan Jainkoarena ospitalea (Santurtzi, Bizkaia), EHUko Lehen Hezkuntzako graduatuak, Go!azen telesaileko lantaldea, Asamma elkartea eta Vital fundazioa.

Bioef Osasun Saileko ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta kudeatzeko fundazioari eskainiko diote diru laguntza, bertan garatu dituzten eta minbiziari dagozkion proiektuetatik bat hautatu dezaten. Diru bilketa amaitu ostean argitaratuko du Bioefek finantzaketa jaso dezaketen proiektuen zerrenda, eta zientzialarien, Osakidetzako medikuen, Osasun Saileko kideen eta gaixoen elkarteetako parte hartzaileen artean aukeratuko dute irabazlea. EITBk aurreratu duenez, epaimahaiak arretaz begiratuko ditu lan guztiak: «Adituek zorrotz ebaluatuko dituzte, kalitate zientifiko eta teknikoa aztertuz».

Esklerosi anizkoitzaren ikerketa babesteko baliatu zituzten iazko irabaziak, eta 718.000 euro biltzea lortu zuten.

Hitzaldiak eta tailerrak

EITB Maratoiaren helburu bakarra ez da dirua biltzea; minbiziaren inguruko informazioa ere helarazi nahi diete medikuntzan aritzen direnei, pazienteei eta pazienteen senideei. Horretarako, abendura arte iraungo duten hainbat hitzaldi eta tailer antolatu dituzte minbiziaren gaiarekin nolabaiteko harremana duten plataformek. Gaur bertan, Kimioterapiari aurre egiten tailerra izango da Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitzan, Bilbon. Tratamendu hori jaso behar duten pazienteentzat da, eta 13:00etan hasiko da. Ordu eta erdi iraungo du.

Bihar, gainera, minbiziari buruzko prestakuntza emango du Julio Gomez San Joan Jainkoarena ospitaleko zainketa aringarrietan adituak. Arlo horretako profesionalentzako kurtsoa izango da, baina minbiziagatik hil diren pazienteen senideentzako tailer bat ere egingo du Minbiziaren Aurkako Elkarteak, bihar bertan. Dolua eta bakardadea du izena, eta heriotzak eragiten duen mina kudeatzen ikasteko dinamikak egingo dituzte. 13:00etan hasi eta 14:30ean bukatuko da.

Diru bilketa egiteaz gain, medikuntzako profesionalei, minbizia duten pazienteei eta haien senideei informazioa emateko tailerrak antolatu dituzte hainbat elkartek

Bestelako jardunaldiak ere egingo dituzte Bizkaian: Aspanogi Elkartasun Jaialdia, larunbatean; Ariketa fisikoa eta minbizia tailerra, azaroaren 28an; Minbizia, bizitza eta akatsen garrantzia hitzaldia, azaroaren 30ean; eta Zaintzeko zaindu tailerra, abenduaren 4an. Abenduaren 14a izango da maratoiaren egun handia, eta Minbiziaren eta elikaduraren: Zer dio zientziak? tailerra egingo dute orduan Barrainkua zentroan (Bilbo), 16:00etan.

Loaren higienea eta Gabonak dira eta zu falta zara izango dira maratoiko azken tailerrak. Abenduaren 14an eta 19an, eta abenduaren 15ean egingo dituzte, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitzan, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.